AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/04/02 09:31

Iazko Maiatzaren Lehenean, Iruñean (Nafarroa), mobilizazio jendetsu bat egin zuten Euskal Herriko Kontseilu Sozialistek, deialdi bateratu baten bidez. Aurten, eta iazko abenduan Euskal Herriko Kontseilu Sozialista (EHKS) aurkeztuta, alegia, aurrerantzean Euskal Herriko Mugimendu Sozialistaren antolakunde nagusia izango dena, beste mobilizazio deialdi indartsu bat egin dute: datorren Langileon Nazioarteko Egunean ere kalea hartzera deitu du EHKSk. Oraingoan, Bilbon (Bizkaia) izango da mobilizazioa.

Bilbo bera agertokitzat hartuta egin du agerraldi bat EHKSk, manifestazio deialdiaren berri emateko. EHKSko bozeramaile Ane Ibarzabalek eta Peio Ormazabalek azaldu dutenez, "instituzioetako fartsatik harago alternatiba badagoela" aldarrikatuko dute aurtengo maiatzaren 1ean, eta aldarri horixe eraman dute deialdiaren lelo nagusira: Badago alternatiba.

"Denbora daramagu instituzioetako alternatiba faltsuak salatzen eta kale-mobilizazioaren aldeko aldarria egiten", ekarri du gogora Ibarzabalek, Bilbon egindako agerraldian: "Maiatzaren Lehena horretarako erabiliko dugu, instituzioetako fartsatik harago alternatiba erreala badagoela adierazteko; langile boterearen eraikuntza". EHKSk nabarmendu du, horretarako, ezinbestekoa dela "enpresarien eta instituzio burgesen aurka doan antolakuntza independentea".

Errealitatearen ertzak: baldintzak okerrera arlo politikoan eta ekonomikoan

Gaur egun bizitzen ari garen egoerari zorrotz erreparatu dio EHKSk. "Langile klaseko kideon bizi-baldintzak okertzen ari dira etengabe, eskubide politikoen zein ekonomikoen esparruan", laburbildu du. "Testuinguru politikoen gordintzeari" dagokionez, Ibarzabalek xehatu du "munduaren egunerokoaren parte bilakatu" direla "genozidioa eta gerra". Esaterako, gogoan izan du "Palestinako herria errausten" ari direla "Mendebaldeko politikarien zuzeneko edo zeharkako babesarekin", edota "Mendebaldeko herrialdeak tartean sartuko dituen nazioarteko eskala handiko gerra handi baten aukera presente" daukatela agintariek.

Horri lotuta, eta testuinguru politikoaren barruan honakoa ere, "estatuen barne-aparatuak" lanean eta gogortzen ari direla ohartarazi du EHKSk: "Kontrol soziala, errepresio politikoa eta langile klasearen aurkako jazarpenak geroz eta agerikoagoak dira".

Bestalde, testuinguru ekonomikoari dagokionez, behin eta berriz azpimarratu dituen elementuak atera ditu mahaira EHKSk: oroitarazi du nagusi direla "lan-baldintzen etengabeko okertzea, oinarrizko produktuen garestitzea edota etxebizitza eskuratzeko ezintasuna", eta "gure errealitatearen parte" bihurtu direla.

Instituzio burgesen fartsatik harago, Estatu Sozialistaren alde

Ibarzabalek seinalatu du aipatutako egoera guztia "alderdi instituzionalen zuzeneko parte-hartzearekin" daramatela aurrera "Mendebaldeko oligarkiek". Salatu du, hain zuzen ere, horretarako daudela sortuta instituzioak; alegia, "Mendebaldeko agintarien zein enpresarien mandatuak betearazteko" eta "politikaren ikuspegi kapitalista bat gailentzeko".

"Iruzur instituzional" horren aurka, kalera irteteko eta mobilizatzeko deia egin du berriz EHKSk: "Enpresari eta politikari profesionalen aurka; militantziaren eta antolakuntza komunistaren alde; gerraren eta basakeriaren aurka; bizitzaren garestitzearen aurka; Estatu Sozialistaren alde".

EZ DAGO IRUZKINIK