EDITORIALA
Azken boladan langile-mugimenduaren aurkako errepresioa hazi baino ez da egin. Langile-mugimendua burgesiaren jopuntuan dago, hori egitate bat da, eta Frantziako eta Espainiako estatuak errepresioa areagotzen ari dira azkenaldian. Pasa den astean, adibidez, etxebizitza eskuragarriaren aldeko greba orokorra gauzatu zen Espainiako Estatuan, eta protesta horietan Poliziaren bortizkeria, identifikazioak, atxiloketak eta kartzelaratzeak gertatu ziren. Denontzako etxebizitzaren alde mobilizatzeak kartzela-zigorra ekar lezake Espainiako Estatuan: hori gertatu zaie Bartzelonako hiru manifestariri, momentu honetan kartzelan baitaude. Greba egunaz gain, orain aste batzuk muntaia polizial baten biktima izan ziren Hego Euskal Herrian bi pertsona, eta Núcleo Nacionaleko faxistak aske utzi dituzten bitartean, Malen eta Aratz espetxeratu dituzte. Espainiako justiziaren langa bikoitza agerian uzten duten gertaerak dira honakoak.
Hauteskundeen atarian gaude eta euskal herritarren gehiengoaren artean kezka partekatua dago: etor litekeenari beldur handia dago. Ez da alternantzia, inboluzioa da, dio Pedro Sanchezek. Sinetsi iezaguzue, dena den: faxismoaren igoera norbaibaten aurka badoa, antolakunde komunistak eta antifaxistak gaude horien artean. Hala eta guztiz ere, ikuspegi pixka bat gehiagorekin begiratu behar diogu gertatzen ari denari. Estatuen bilakaera autoritarioa dinamika geldiezina da egungo kapitalismoaren baitan, eta gobernu aurrerakoiak zein faxistak, biak, programa hori gauzatzen ari dira. Pablo Haselek kartzelan jarraitzen du, Mozal Legeak bere horretan dirau, antolakunde iraultzaileen aurkako kriminalizazioa eguneroko ogia da, hainbat polizia-infiltrazio kasu egon dira, espetxeratuak greba-eskubidea defendatzeagatik, eta abar luze bat. Horiek guztiak gobernu aurrerakoiaren testuinguruan gertatu dira: horregatik diogu sozialdemokraziak ateak irekitzen dizkiola faxismoari.
Prest egon behar dugu datorrenerako. Erreformismoarengan gehiegizko konfidantza izateak puntu honetara ekarri gaitu: faxismoa agintera iristear dago Espainiako Estatuan. Orain PSOE arduratuko al da faxismoak eragingo dituen kalteez? PSOE makineria politiko bat da, bere egituraren biziraupenaz soilik arduratzen dena: bost axola hari langile-mugimenduaren aurkako errepresioa. Izan ere, faxismoa agintera iritsi bezain laster interklasismoa orokortzeko tentaldia egon daiteke. Denok batera eskutik emanda, hasi herri-mugimenduetatik eta PSOE edo EAJraino, PP eta Voxen gobernuaren aurka. Argi ibili behar dugu horrekin: dinamika interklasistak elektoralismo burgesa baino ez du elikatzen, eta horrek, era berean, hasierako puntura bueltan eramaten gaitu. Estatuen bilakaera autoritarioaren testuinguruan gorpuzten baita faxismoa. Horretan, eskuin zein ezker instituzionala daude konprometituta, Estatuaren kudeaketarekin lotzen diren momentutik.
Mugitzeko momentua da, eta eskubide politikoen aldeko fronte propio bat osatzekoa. Langile-mugimenduko eragileek osatua, izan herri-mugimendukoak, sindikalak edo antolakunde iraultzaileak. Independentziaz eta inteligentziaz jokatu behar dugu, epe luzeko ikuspegiarekin eta gauza bat argi edukita: gu geu ez garen beste inork ez gaituela defendatuko.