Aurki abiatuko da aurtengo Korrika, bi urtean behin Euskal Herri osoa zeharkatzen duen euskararen aldeko ibilaldia. Ekimen masiboa da Korrika, eta eragin sozial handia du, bi alderdi nagusiren bidez: sinbolikoa eta ekonomikoa.
Euskara ikasteko doako sarbide unibertsalik ez izatearen ondorio zuzena da osagai ekonomikoa. Euskaltegien sareak dirua behar duenez, horrelako ekimenak beharrezkoak dira. Beraz, aitortu beharra dago euskaltegiek euskalduntzearen alde egindako lana, nik neuk gertutik ezagutu ahal izan dudana ikasle gisa, bai AEKn, baita IKAn ere.
Hala ere, Korrikaren pisu sinbolikoa askoz agerikoagoa da. Erritu kolektibo erraldoia da, non milaka pertsonak parte hartzen duen. Zoritxarrez, edukiari dagokionez bere izaera politikoa apaltzen joan da pixkanaka, eta geroz eta ekimen folklorikoagoa bihurtu da. Alde batetik, euskararen instituzionalizazioaren eta normalizazio prozesu delakoaren ondorioz, sistemak euskararen aldeko borroka irentsi du, batez ere EAEn. Bestetik, historikoki bestelako aldarrikapenen presentzia ohikoa izan den arren, bake sozial orokortuak, protestaren kriminalizazioak eta desmobilizazioak ere izan dute isla hartan. Gainera, Korrikaren antolakuntza bera bizikidetzaren diskurtsoa barneratzen eta interklasismoa konplexurik gabe aldarrikatzen joan da. Hortaz, kolore guzietako zapaltzaileak –enpresari, politikari profesional, indar errepresiboak eta abar– ikus ditzakegu inpunitatez lasterka egiten, baita egunero euskararen aurka aritzen diren alderdi eta erakundeak ere, egun hauetan sekulako itxurakeriaz beraien burua zuritzen dutenak. Badakizue, "bakoitza gure ezberdintasunetik, batzen gaituena euskara da" [1].
Beraz, despolitizazioa hein batean gizartearekin batera dator eta joera orokorraren ondorioa da, baina, azkenaldian, euskara despolitizatzeko joera Estatuan integratuta dagoen erdi-mailako klasearen politikaren estrategia izaten ari da. Estrategia guztiz okerra, nire ustez. Korrikaz harago doan zerbait da hau, eta euskalgintza osoan eragina du. Horrela, batzuek erosi egin dute euskararen etsaien betiko diskurtsoa: euskara politizatuta dago, hori txarra da eta euskara zabal dadin eta aurrera egin dezan, despolitizatu egin behar da.
Alde batetik, nabaria da euskararen zapalkuntza historikoa egiturazkoa dela eta euskararen auzia guztiz politikoa dela. Hots, normala da euskara politizatuta egotea. Bestetik, euskara egun bizi bada, iraganeko borrokagatik da. Eta borroka hori ez da bakarkakoa izan, ez da isolatuta egon. Euskararen aldeko borrokaren potentzia izan da bestelako borrokekin izan duen lotura eta gizarte osoa eraldatzeko borondate kolektiboa. Eta, hain zuzen ere, euskarara jende asko erakarri duena sistemaren aurka eta iraultzaren alde lerratzea izan da. Jakina, horrek eragin du beste jende bat euskararen aurka egotea, iraultzaren beldur eta ordena sozialaren alde egotearren. Dena den, ez dut inongo zalantzarik euskara desagertu izan balitz horiek ez ziratekeela sofatik altxatu ere eginen.
Izan ere, oso kaltegarria izan da hizkuntzaren despolitizazioa. Hortik dator hein handi batean euskararekiko desatxikimendua, axolagabekeriatik hasi eta arbuioraino. Zergatik eta zertarako hurbildu euskarara gaur egun? Esan beharra dago hizkuntza administratibo eta burokratiko izate soilak ez duela inor erakartzen, eta premiazkoa dela berriz ere oposizio elementu gisa ezaugarritzea. Egia esan euskarak, hizkuntza neutro eta instrumental huts gisa, ez du ezer egiterik erdararen aurrean bizi dugun kapitalismo globalean. Beraz, ez, euskararen arazoa ez da gehiegizko politizazioa. Euskalgintzaren erronkak beste batzuk izan beharko lirateke: klase- eta jatorri-segregazioaren arazoa, langile-klasearen geruza askoren atxikimendu eza edota hizkuntzaren bizitasun sozialaren ahultasuna.
Hala ere, euskara berpolitizatu behar dela esaten dugunean, ez gara edonolako politizazioaz ari. Alternatiba sozialistaren eskutik irudikatzen dugu komunistok euskararen etorkizuna [2]. Lehenik, euskararen garapen librerako berme bakarra delako euskara gizarte osoak izatea kontzienteki kontrolpean, eta ez Estatuak edota Kapitalak. Bigarren, zapalkuntza oro gainditzearekin estrategikoki lotzen dugulako. Eta hirugarren, historikoki eginbehar hori gauzatu dezakeen klase sozial iraultzaile bakarra proletariotza delako. Baina, horrek guztiak ez du zertan esan nahi sozialismora iritsi arte itxaron behar dugunik. Batek esaten zuen moduan, iraultza ez da egiten, antolatu egiten da. Horregatik, planteatzen ari garena ez da edonolako euskalduntze bat, baizik eta proletariotzak protagonismoa izatea euskararen auzian eta hura iraultzaren hizkuntza bilakatzearen garrantzia.
Bada, proposamen orokorretaz harago, ertz gehiago ditu euskararen auziak. Horrek guztiak, despolitizatzeko joerak eta berpolitizazioaren beharrak, ondorioak ditu gurean ere. Mugimendu Sozialistaren euskararekiko konpromisoa zalantzan jarri izan denean, askotan erantzun dugu gure barne- eta kanpo-jardunaren hizkuntza nagusia euskara dela. Egia da, hala izatea beharrezkoa da, eta hainbat euskaltzalek horrela dela aitortu digute. Baina ez da nahikoa. Alde batetik, mugimendua hedatzearekin batera, izaera euskaldun hori kontraesanean sartuko delako proletariotzaren gehiengo erdaldunarekin topo egitean, eta kontraesan hori gainditzeko bitarteko eta bermeak garatu beharko dira. Bestetik, gizartean dagoen euskararen despolitizazioak eragina duelako militantziarengan ere. Orokorrean, euskaldunen artean, aurrepolitikoa den zerbait da euskara. Batzuek maitasunez bizi dute eta beste batzuek axolagabetasunez, eta hori arriskutsua da. Zer esanik ez erdaldunek! Horregatik, politika euskaraz egiteaz gain, euskararen auzia praktika politikoan txertatu behar dugu. Sentimentalismotik eta borondate indibidualetik harago, euskararen aldeko kontzientzia politikoa piztu behar da, eta horretaz kolektiboki arduratu, hizkuntzaren auzia ikuspegi komunistatik jorratu ahal izateko.
Koldo Mitxelenak esan zuen euskararen misteroa ez dela haren jatorria, haren iraupena baizik. Xabier Erizek, gero, euskararen historian nabarmenena ez dela haren galera, haren bizia eta garai berriei egokitzeko erakutsi duen ahalmena baizik. Eta Hedoi Etxartek [3], euskarak aurre egin duenean emantzipazio orokorraren markoan egin duela. Jarrai dezagun euskara politizatzen eta euskaraz (ere) borrokatzen, onena baita bai euskararentzat baita zapalkuntza ororen aurkako borrokarentzat ere.
ERREFERENTZIAK
[1] Ane Elordi, Korrikaren koordinatzaileari elkarrizketa Argia-n: https://www.argia.eus/argia-astekaria/2861/ane-elordi-korrika-ren-koordinatzailea
[2] Aitor Bizkarra, Danok ikusten degu: euskera galdu da: https://gedar.eus/arteka/%C2%ABdanok-ikusten-degu-euskera-galdu-da%C2%BB
[3] Hedoi Etxarte, Euskara klase ertainaren mugetan: https://www.berria.eus/iritzia/larrepetit/euskara-klase-ertainaren-mugetan_1313554_102.html
Hedoi Etxarte, Euskaldunak, burgesak eta porrotak: https://www.berria.eus/iritzia/larrepetit/euskaldunak-burgesak-eta-porrotak_1322762_102.html