Azken asteetan, komunikabideen ohiko zaratara gehitu dira hezkuntza esparruko zenbait eztabaida. Sindikatuen eta alderdien iritzi ustez kontrajarriak hortxe, buelta eta buelta. Izan ere, hezkuntza publikoaren egoera kezkagarria da zeharo, gainontzeko zerbitzu publikoena bezainbeste, eta horren adibide dira behin-behinekotasunaren tasa altuak, zerbitzuetako murrizketak, lan karga handitu izana, agente enpresarialen interbentzioa, edukiaren desbalorizazioa, azpiegitura arazoak, etab. Horren aurrean, sektoreko langileongan, baita gizartean ere, ezinegona nabaria da. Bestalde, azken urteotan, krisiak langileon lan eta bizi baldintzen aurkako erasoaldi bat bultzatu du.
Sindikatuek deialdiak egin dituzte greba egiteko bihar hezkuntza publikoan, eta urriaren 25ean eta abenduaren 19an sektore publiko osoan. Pentsatu nahiko genuke haien helburua langileok borrokarako aktibatzea dela, hau da, zerbitzu publikoak oro har eta konkretuki hezkuntza zerbitzua indartzearen alde egitea, gero eta okerragoa den egoera honi behingoz amaiera eman eta hobekuntzaren bidean lerrotzea langileon indar antolatua. Baina horrek guztiak ere badauka letra txikia. Alderdiak polemika bizian ari dira Legebiltzarrean, hauteskunde autonomikoei begira eta abian den Hezkuntza Legearen proposamenaren negoziaketetan murgilduta. Eta iruditzen zait hori dela, batez ere, greba deialdi horien atzean nagusitzen den egoera. Alderdien zein sindikatuen interesak, berriz, gehiago dira negoziazio mahaietan posizioa hobetzea edota hauteskundeetan botoak handitzea.
Hala, datozen greba deialdietan eta Hezkuntza Legeari buruzko polemika osoan, erraz uler daiteke jokoan daudenak sindikatuen eta alderdien interes korporatiboak direla, esaterako, alderdi instituzionalek zuzenean eta esplizituki gidatutako sindikatuen kasuan. Adibidez, LAB ez da biharko grebara batu, aitzakiatzat jarrita Hezkuntza Legearen negoziaketa testuinguruan Hezkuntza Sailarekin sinatutako akordioak zer ematen duen ikusi nahi duela; hain zuzen, greba deialdi horrek Hezkuntza Legearekiko eta haren izenean egiten ari diren negoziazioekiko oposizioa planteatzen baitu. Izan ere, EH Bilduk ez du oraindik galdu lege berri horren terminoen negoziazio-prozesuan aktore zentral izateko esperantzarik. Baina alderdietatik harago ere, hezkuntza publikorako bi deialdi ezberdindu egin izanak (jakitun izanik bi greba ezberdin deitzeak grebak izan dezakeen balizko indarra ahuldu dezakeela) zera adieraz dezake: sindikatuak ere nork bere merituak argitara ateratzeari begira daudela, eta ez hainbeste zerbitzu publikoen eta lan baldintzen okertzearen aurrean langileon antolakuntza eta borrokarako baldintzak jartzeari begira.
Batak eta besteak izan ditzaketen interesak zeintzuk diren jakitetik aparte, kezkatzekoa iruditzen zait sindikatuak azken urte luzeetan egiten ari diren grebaren erabilpena. Egun puntualetan mobilizatutako langile kopurua negoziazio mahaiei begirako edo hauteskunde sindikalei begirako elementu soil gisa erabiltzen dute. Baina egungo testuinguruak lan baldintzak hobetzearen alde, langile familiei zuzendutako zerbitzuak indartzearen alde, eta, oro har, hezkuntza antolatzeko beste eredu bat mahai gainean jartzeko, antolatuta dauden langileak behar ditu, eta ez esperoan gaudenak. Horregatik behar dugu egun puntualetara mugatzen den greba dinamika hori aldatzea, ez delako eraginkorra; ikusi besterik ez dago eraginkortasun falta horrek zer-nolako desatxikimendua eta desmobilizazioa sortzen dituen.
Bestalde, soldata igoeraren aldarrikapenari loturik, soldaten % 10eko igoera eskatzen dute; ordea, erosahalmena % 20 jaitsi da azken urteetan. Orduan, ez litzateke justuagoa guztiontzako % 10eko igoera eskatu baino, guztiontzako lan baldintza berdinen aldeko pausoak emanaz guztion soldatak berdindu daitezela eskatzea? Ez da matematikan aditua izan behar konturatzeko 900 euroko soldata edo 3.000koa % 10 igotzea ez dela parekoa, edota erosahalmenaren jaitsierak batari eta besteari ez diola berdin eragiten.
Horrez gain, hezkuntza gure ogibidea da, baina hezi ere egin nahi ditugu ikasleak. Eta gure lan baldintzak hobetzeko borrokatu nahi dugu, hezkuntza hobetzeko borrokatu nahi dugun bezainbeste. Greba deialdia eta leloa irakurrita, badirudi hezkuntza prozesuaren gainbehera orokortua irakasleen lan baldintzen ondorioa dela, baina uste dut gaitzaren kausa ondo identifikatu ezean ezingo diogula honi sekula aurre egin. Izan ere, nahiz eta argi dagoen hezkuntzako langileon lan baldintzek endekapen nabarmena izan dutela azken urteetan, eta horiek defendatzeko ere antolatu behar dugula, ematen den hezkuntza zerbitzuaren arazoa hezkuntza sistemaren antolaketa eta norabidea bera dira. Ikasleak ez ditugu hezten inguratzen dituen errealitateari kritikotasunez eta arrazionalki erantzuteko, baizik eta "gai" edo "ezgai" izan daitezen gizarte honek ezartzen dizkien funtzioak betetzeko.
Esan gabe doa, halaber, norabide aldaketa hori ez duela bermatuko Hezkuntza Lege berriak, ezta aurreko urtean EAJk, PSEk, EH Bilduk eta EP-IUk sinatutako Hezkuntza Ituna delakoak ere. Finean, bai batak eta bai besteak betikotu egiten dute hezkuntzak gaur egun duen norabidea. Beraz, ez badugu kolokan jartzen hezkuntzak interes enpresarialei erantzutea, ikasleria akritiko, otzan, apolitiko eta bere ingurune sozialetik banandua heziko dugu. Hezkuntzaren norabidea aldatzeko (eta ez hemen bakarrik), hezkuntzan lanean ari garen langileon erabakimena bermatu behar da.
Beraz, grebak egitea beharrezkoa da. Baina are beharrezkoagoa da haien nolakotasuna eta norabidea aldatzen hastea. Langileok gara gure interesen arabera antolatuko den hezkuntza sistema eraikitzen hasteko borondatea izan dezakegun bakarrak.