Honako idatzi honetan Gasteizko Txosnetako betoaren egoeraren inguruan gauza garrantzitsu batzuk esan nahi genituzke. Horrez gain, uste dugu herri-mugimenduaren baitan elkar-errespetuzko jarrerak gailendu behar liratekeela, eta txosnetan betoa ezartzeak ez du horretan laguntzen.
Gasteizko Txosnetan sei urte daramatzagu betoa jasaten. Sei urte dira Etxebizitza Sindikatua eta GKS sartzea proposatu genuela. Momentu horretan nahiko hasi berriak ginen eta ibilbide laburra geneukan. Herri-mugimenduarekin gatazkak eduki genituela argudiatuta, txosnetatik kanpo utzi gintuzten. Jakinekoa den bezala, beto hori Ezker Abertzaleak bultzatu zuen. Urte hauetan guztietan gure jarduna egokitzen joan da, herri-mugimenduan parte hartze aktiboa sustatu dugu eta militantzia asko handitu dugu. Besteak beste, auzi ekologikoa, etxebizitzaren, Gaztetxeen eta langileen eskubideen aldeko borrokak edo genozidioaren aurkakoa aktiboki sustatu ditugu beste hainbat eragilerekin elkarlanean. Horrek guztiak Txosna Batzordea osatzen duten herri-mugimenduko eragile batzuen posizioa aldatzea eragin du. Horrela, Ezker Abertzalearen hasierako argudioa, herri-mugimenduaren aurkakoak ginela esaten zuena, izateko arrazoirik gabe gelditu da. Jakina, hori aitzakia bat baino ez zenez, Ezker Abertzaleak betoaren sustatzaile nagusia izaten jarraitzen du. Horretarako, Txosna Batzordean Ezker Abertzaleko eragileek duten ordezkaritza handia baliatzen du.
Egoera konpontzeko nahikoa da bi eragileren botoa aldatzea. Horien artean, aipatzekoa da Jardun Koordinadorak baiezko botoa eman gabe jarraitzen duela. Asaldatzekoa da, izan ere, hainbat espazio eta txosnagune partekatzen ditugu Euskal Herrian zehar. Azken urteetako gertaeren azalpen bat egitearren: Jardun Koordinadorak Gasteizko Txosnetan sartzeko proposamena egin zuenean, Ikasle Abertzaleak antolakundeak, Mugimendu Sozialistaren baitakoa, baietz bozkatu zuen. Orain dela hiruzpalau urte, Txosna Batzordeari elkarrizketak bideratzeko proposamena egin zitzaionean eta Ezker Abertzaleak ere hori onartu zuenean, Jardun izan zen betoaren alde gehien egin zuen erakundea. Aurten Jardunekin zuzenean hitz egin dugu gai honen inguruan, eta azkenengo elkarrizketa batean baietz bozkatzeko asmoa zeukatela adierazi ziguten, hasieran iritzi argirik ez zeukaten arren. Gasteizko Jardunekoak egoera luzatzen ibili dira ordea, eta azkenean ez da bozkatu ere egin. Jarrera horrek ez dauka lekurik, bere burua iraultzaile bezala izendatzen duen eragile batek ez liokeelako beste eragile iraultzaile bati aterik itxi behar. Egoera honetan Ezker Abertzalearen konplize izaten ari da, eta haren jarrera sektarioak errepikatzen dihardu. Lan eta esfortzu handia ari gara egiten Euskal Herrian, herri-mugimenduko hainbat eragilerekin batera, erreformismotik harago espazio alternatibo bat sortzeko. Jardunek auzi honetan non kokatzen den erabaki behar du, horrelako gertaerek premiazkoa den eraikuntza-prozesua oztopatzen baitute.
Eskakizun bat Gasteizko Txosnetan betoa posible egiten ari diren guztiei: betoa altxatzearen alde egin dezatela. Euskal Herriko festagune gehienetan bizikidetza posible egin dugun antzera, Gasteizko Txosnagunean ere horrela izan behar du. Gasteizko Mugimendu Sozialista ekarpena egiteko asmoarekin dago, ehunka pertsonak osatzen dugu mugimendua, eta jaietan gure ikuspuntua presente egotea beharrezkoa da. Bada garaia.