ACTUALIDAD / Sindicalismo
Nafarroako 0-3 plataforma: beste urte batez borrokan
Mobilizazioekin jarraitzen dute Nafarroako haur eskoletako langileek, eta greba-eguna izango dute bihar; 107 eskoletatik 70 inguru batu dira. Gelen masifikazioaz, laguntzaile-lanpostuen tranpaz, horietako baldintza prekarioez, izoztutako soldatez eta beste ohartarazten dute. Isabel Irigibel eta Narila Mondragon langileek azaldu digute egoera.
2026eko maiatzaren 6 - 07:07
Nafarroako 0-3 plataforma: beste urte batez borrokan

"Lehen haurtzaroaren eta langileen duintasuna". "0-3 urte zikloaren sare publikoa, doakoa, unibertsala eta kalitatezkoa". "Ratioen jaitsiera eta hezitzaile bikotea". "Lan-baldintzen hobekuntza". "Hezkuntza, gerraren aurrean". Bost ideia horiekin laburbildu dituzte euren aldarriak Nafarroako, Madrilgo, Andaluziako eta beste hainbat erkidegotako haur eskoletako langileek, sortu berri duten estatu mailako plataformaren bidez. Bi hitzordu dituzte hilabete honetarako: bihar, maiatzaren 7an, estatu mailako greba bat egingo dute, Madrilen greba mugagabean dauden lankideen borrokaldiarekin bat eginez; eta maiatzaren 23an manifestazio handi bat egingo dute guztiek, Madrilen bertan. Honakoa ez da, ordea, Nafarroako langileek grebara jotzen duten lehenengo aldia, urteak baitaramatzate borrokan. Nafarroako 0-3 plataformako kide dira Isabel Irigibel eta Narila Mondragon, eta gogora ekarri dituzte 2022an bi hilabetez egindako greba eta horren ondorengo gatazkak eta aldarriak.

"Beti ditugu arazoak 0-3an", dio Irigibelek. Duela lau urteko grebaldiaren ostean ere erne jarraitu dute langileek sektorean, eta gaur egungo arazoak ikusita eta Madrilgo kideek hasitako greba mugagabeak indarra emanda, berriz ere mobilizazioekin hastea erabaki dute: "Hortik atera dugu energia berriz mobilizatzeko". Estatu mailan sortu duten plataforma bultzada bat da denentzat. Mondragonen esanetan, 2022an Nafarroako beharginek greba egin ondoren, hainbat lurraldetako lankideak jarri ziren harremanetan eurekin. "Hasi ginen ikusten leku guztietan 0-3a oso gaizki zegoela eta guztiontzat berdinak izango ziren aldarrikapen batzuk behar gehituela", azaldu du.

Jakinarazi du, dena den, lurralde bakoitzak badituela berezitasunak. Nafarroan adibidez, egindako grebari esker, soldatak igotzea eta errefortzu-lanpostuak sortzea lortu zuten, baina lau urte beranduago seinalatu dute soldata-igoerak "zaharkituta" geratu direla, bizitzaren garestitze etengabeagatik, eta errefortzu-lanpostuak "tranpa" bat direla. Izan ere, haur eskoletan "laguntzaile" modura hasi ziren langile berriak lanaldi erdian baino ez dira aritzen, eta horrek ez du lan-kargaren arazoa konpontzen. Laguntzaile horiek baldintza eta soldata oso prekarioak dituzte, gainera. "Orain, Nafarroan, %30 inguruk egiten dute lan lanaldi erdian, derrigortuta", jakinarazi du Irigibelek. Eta hala segitu du: "Soldatak nahikoa izan gabe jarraitzen du. Izoztuta. Ratioak berdina izaten jarraitzen du laguntzaile figurak ez direlako nahikoa. Eta gelen masifikazioa basakeria bat da".

Baturik dagoen kolektibo bat

Mondragonen hitzetan, 2022ko grebaren "alde ona" izan zen "elkartasuna lortu zela langileen artean". "Nafarroako herri guztietatik elkartu ziren, eskola gehienak atera ziren grebara. Azkenean, bakoitza bere herrian zegoen, bere auzoan, bere udalean, pentsatzen bere egoera bakarra zela", gogorarazi du. "Elkartzean eta kezkak amankomunean jartzean", ordea, bat egiteko hamaika arrazoi ikusi zituzten. "Garaipenik handiena izan zen hori, kolektibo bezala osatu ginela", kontatu du Irigibelek. Hasieran, greba "lorpenik gabe" amaitu zela diote; "60 egun egin genituen, ikasturtea bukatu zen, eta ezer lortu gabe utzi genuen". Borrokak arrastoa utzi zuen, dena den, eta gerora ezarri zituzten hainbat hobekuntza Nafarroako Gobernutik.

Paper errea

Baina aldaketen irismena ez da nahikoa, langileek seinalatzen dutenez: "Balio izan zien haiei esateko 0-3an inbertitu zutela [...] Sartu dute diru gehiago, baina eskoletan 2 urtekoen gelak sortzeko izan da; 0-3 zikloa hautsi dute, eta haur eskoletara ez da ezer iristen [...]". Zenbait eskolatan, gela berri horiek biltegietan sortu dituzte, eta "edonon, edozein modutan" sartzen dituzte haurtxoak. Mondragonek oroitarazi du oraindik ere ez dagoela "eskaintza nahikoa eskariarekin alderatuta", eta "publikoan ez dagoela tokirik". Haur batzuk kalean geratzen dira, edo beste batzuek eskola pribatuetara jo eta ordaindu egin behar dute. "Horrek ere badakartza segregazioa eta diskriminazioa", iritzi dio langileak. Irigibelek gaineratzen du, usteak uste, haur eskoletako zerbitzua ez dela doakoa kasu askotan: "Zuk zure herrian ez baduzu haur eskolarik eta umea beste herri batera bidali behar baduzu, zuretzat jada ez da doakoa".

Zerbitzuaren doakotasun zalantzagarriaz gain, Nafarroako Gobernuak ezarritako soldata-taulak C mailakoak direla azaldu dute beharginek, A mailakoak izan beharrean. "Irakasleen lan berdinak egiten ditugu; umeekin egon, ebaluazioa egin, familiekin elkartu... Baina 'laguntzaile' modura kobratzen dugu". Horrez gain, Educa plataformaren bidezko lan gehigarri guztiak betetzeari uko egin ziotenean, mehatxuak egin zizkieten, errefortzuak kenduko zizkietela esanez.

Bestalde, langileek nabarmentzen dute "kudeaketaren arazoa" handia dela oraindik ere. "Hezkuntza Departamenduak jartzen ditu araudiak, soldaten dirua, baina gero kudeaketa udalek egiten dute", jakinarazi du Irigibelek. Udal batzuek zuzenean kudeatzen dituzte haur eskolak, eta udal-langileak dira bertako beharginak, baina beste batzuek eskolak pribatizatzea erabakitzen dute, enpresa pribatuak kontratatuz. Horietako batzuk "aberastu" egiten direla seinalatu du, "langileen esplotazioaren kontura". Horren guztiaren aurrean, 0-3 plataformak aldarrikatzen du Nafarroako Hezkuntza Departamenduaren esku egon beharko luketela 0-3 zikloko haur eskolek, hezkuntzako "gainerako ziklo guztiak bezala".

Bihar: borroka-eguna

Biharko eguna, maiatzaren 7a, gorriz markatutako eguna izango da haur eskoletan, grebara joko baitute Nafarroako eta beste hainbat lurraldetako langileek. Bi protesta orokor egingo dituzte egunean zehar: 12:00etan Hezkuntza Delegaritzaren aurrean elkarretaratuko dira, Iruñean, eta 18:00etan manifestazio bat egingo dute Errekoleten Plazatik abiatuta. Hainbat aste daramatzate biharko borroka-eguna prestatzen, Ostegun Horien eskutik besteak beste. Denera 107 haur eskola dira Nafarroan, eta 70 inguru batu dira deialdira. Langileen greba-eskubidea babesteko asmoz, familiei eskatu diete haurrak eskoletara ez eramateko eta, ahal duten neurrian, mobilizazioetara batzeko. Udal batzuk beharginak mehatxatzen ari dira, beste batzuek zerbitzu minimoak ezarri dituzte jada, eta zenbaitek adierazi dute itxi egingo dituztela euren eskumeneko eskolak.

Horri guztiari lotuta, sindikatuek jarritako trabez kexu dira langileak. "Oso tristea da zuk indarra egitea kolektiboa biltzeko, kolektiboa mobilizatua egotea, eta nork eta sindikatuek oztopoak jartzea", uste du Irigibelek. "Niretzako zailena izaten ari da sindikatuekin harremana", dio Mondragonek: "Ez dute bat egiten langile guztiokin, aldarrikapen hauek guztionak baitira azkenean; amankomunean ditugunak. Eta oso gogorra da tentsio hori maneiatzea". Nafarroatik kanpo, Madrilen adibidez, CCOOk eta UGTk sinatutako hitzarmenak langileen baldintzak okerragotu zituela gogorarazi dute, eta beharginek "ez zutela topatzen grebara joatera lagunduko zien inor". "Azkenean CGTk eman zien ahotsa. Beste sindikatuek zioten ez zela momentua, ez zela modua. Nafarroan antzekoa gertatzen zitzaigun eta gertatzen zaigu", diote. Besteren artean, 0-3 zikloko langileak sektore bat ez direla esan izan diete. Hala ere, eta trabak traba, antolatzearen eta borrokatzearen alde egin dute langileek, baturik dago sektorea, eta deialdi indartsu bat egin dute biharko.