ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Jakes Gostin, Saly Jaques, Eneko Imaz
2025/11/10 15:40
"Israel" palestinarren aurka egiten ari den sarraskiaren aurrean, EHUko errektoretza berriak genozidioan konplize diren enpresekin harremanik ez dutela edukiko hitzeman zuen. Errealitatea, ordea, bestelakoa da.


Bi urte baino gehiagoko epean "Israelek" gutxienez 68.000 palestinar erail ditu, Gazako Osasun Ministerioaren datuen arabera. Francesca Albanese Nazio Batuen Erakundearen Palestinarako kontalari bereziak irailean ohartarazi zuen, ordea, genozidioan hildako palestinarrak 680.000 izan zitezkeela.

Ikasleek eta, orokorrean, hezkuntza osatzen duen komunitate osoak irmoki gaitzetsi du "Israel" palestinarren aurka egiten ari den sarraskia, are gehiago ikasturte hasiera honetan. Horren adibide dira azken hilabetean, eragile eta antolakunde ezberdinek deituta, Euskal Herrian egin diren mobilizazioak "Israelgo" entitate sionistaren suntsipena aldarrikatzeko eta palestinar erresistentzia babesteko.

Esaterako, urriaren 2an, "Israelek" Gazara zihoan Askatasunaren Ontzidiko kideak atxilotu eta hurrengo egunean, azken urteetan egin den ikasle greba jendetsuenean milaka ikaslek Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako nahiz zenbait hiritako kaleak bete zituzten; horrez gain, urriaren 15ean sindikatuek deitutako greba egunean milaka lagun berriz irten ziren kalera.

EHUren konplizitatea

1948an sortu zutenetik, "Israelgo" entitate sionista Mendebaldeko gobernu, instituzio eta enpresek elikatu dute diplomatikoki, ekonomikoki eta politikoki. Gurean, adibideak nabarmenak dira, arlo instituzionalari nahiz akademikoari dagokionez. Bigarren horretan, Euskal Herriko Unibertsitatea da adibiderik handienetako bat.

2023ko urrian "Israelek" palestinarren aurkako genozidioa gogortu aurretik ere, EHUk genozidioaren konplize diren hainbat enpresarekin kolaboratu izan du. Adibidez, Zisjordanian Israelek okupatuta dituen lekuetatik igarotzen den trenbide-azpiegiturak eraikitzen ditu CAFek, eta enpresa horrek San Mameseko Ingeniaritza Fakultatean enpresa-gela bat izan du azken hiru urteetan; bestetik, "Israelekin" harreman estua duten zenbait enpresarekin kolaboratzen du Tecnaliak, zeinak berriki ikerketa zentro berri bat sortu duen fakultate berean.

Horrez gain, ezin dugu aipatu gabe utzi EHUk HPren 5.000 ordenagailu baino gehiago dituela, enpresa horrek Gazako Zerrenda aire zabaleko kontzentrazio esparru izateko ezinbesteko azpiegitura bermatzen baitio "Israelgo" entitate terroristari. Izan ere, HPren teknologia baliabideak (check point-ak, esaterako) Gazan bizi diren palestinarren mugikortasuna kontrolatzeko baliatzen dituzte.

Hori gutxi ez eta duela gutxi Europako Batzordeak finantzatzen dituen Horizon proiektuak ezagutarazi dira, eta horietako hainbatetan EHUk eta genozidioaren konplize diren hainbat instituziok proiektuak partekatzen dituzte. Egun, horietako hamalauk indarrean jarraitzen dute, eta esanguratsuenak honako hauek dira: A background-free experiment to discover the nature of neutrinos based on single barium atom light detection, eta proiektu horretan EHUk 400.000 eurotik gora irabaziko ditu Ben Gurion of the Negev Universityrekin kolaborazioan; Innovatiove tools to treat and model complex cancer environments proiektua bereziki adierazgarria da, horren gidaritza EHUk daramalako Technionekin batera. Mainstreaming restoration of freshwater related ecosystems in a landscape context: innovation, upscaling and transformation proiektuak ere merezi du aipamena, EHUk eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 250.000 eta 670.000 euro irabazten baitituzte, hurrenez hurren, Kishon Drainage nahiz Tel Aviveko unibertsitate sionistarekin kolaboratzeagatik.

Horren aurrean, EHUko errektoretza berriak, itxuraz behin-behinean, zenbait neurri hartu ditu azken hilabeteotan: irailaren 17an, Joxerramon Bengoetxea errektoreak iragarri zuen EHUk uko egin diela "247 milioi euroko ikerketa proiektuei, 'Israelekin' lankidetza saihesteko". Gainera, 2024ko apirileko gobernu kontseiluari aipamena eginez,  "Palestinan egiten ari diren gizateriaren aurkako krimenak berariaz gaitzesten ez dituzten Israelgo unibertsitate eta erakundeekin" harremanak ez mantentzeko eta hausteko konpromisoa adierazi zuen errektore berriak. Horrez gain, 2023ko azarotik EHUk "Israelekin" loturaren bat zeukan akordiorik ez zuela sinatu esan zuen.

Aurpegi zuriketa

Hori horrela, EHUk bere burua hezkuntza instituzioen artean genozidioaren aurka lehen lerroan kokatu nahi izan badu ere, errealitatea promesa horretatik urrun dago. Izan ere, gainerako unibertsitate kapitalisten gisara, EHUk zenbait baldintza bete behar ditu: esaterako, etengabe ikertzea. Horretarako, ezinbestekoa zaio "Israelekin" akordio horiek izaten jarraitzea. Horren erakusle da genozidioaren konplize diren enpresekin harremanak eteteko benetako neurririk hartu ez izana. Aldiz, errektoretza berria kargura iritsi zenetik, aurreko akordio guztiak bertan behera utzi ez eta "Israelgo" entitate sionistarekin harremana duten hainbat enpresarekin akordio berriak egin dituzte.

Horien artean kokatzen dira, besteak beste, lehen aipatutako Horizon proiektuen baitan, 2025eko uztailaren 3an sinatu eta 2026ko urtarrilaren 1ean Universita degli studi di Udineren gidaritzapean abiaraziko den Innovative nucleic acids technologies for analysis, detection and treatments ikerketa-lankidetza proiektua. Hain zuzen, proiektu horretan EHUk Technion eta Mana Bio enpresa sionistekin kolaboratuko du.

Technion institutu sionista funtsezkoa da "Israel" entitate genozidak mundu mailan izan dezakeen garapen teknologikoan, aireko baliabide militar suntsiezinak garatzeko, batik bat. Horrez gain, Palestinako lurren okupazioa eta palestinarren kanporaketa masiboa babesten eta ahalbidetzen ari den instituzio nagusietako bat da. Hala nola, palestinarren etxeak eraisteko erabiltzen diren bulldozer ibilgailu telegidatuak garatu ditu. Gainera, indar militar sionistentzako ikerketa-programak ere abian ditu enpresekin, baita harreman estua ere ELBIT taldearekin. Talde horrek, hain zuzen, Gazan "frogatutako" armak saltzen dizkio Espainiako Gobernuari.

Hori gutxi ez eta errektoretza berriak, EHUko hauteskundeak irabazi eta bi astera, Tracking nanomaterial performance, towards digital twins of quantum dots under loading proiektua abiarazi zuen Materials Zone enpresa sionistarekin. Nanoplataforms and oncolytic viruses for novel cancer inmunotherapy strategies proiektua ere beste adibide bat da, lankidetza akordioa 2026ko urtarrilaren 1ean hastekoa baita.

Beraz, Joxerramon Bengoetxea errektoreak azken hilabeteotan hartutako konpromisoak nahiz esandakoa errealitatetik urrun dago. Izan ere, 2023ko azarotik enpresa sionistekin akordiorik ez egitearen ordez, egun horiekin dituzten lankidetza proiektuen kopurua are handiagoa da. Zehazki, bi gehiago dira: Technion institutu sionistarekin lankidetzan aurrera eramaten ari diren Integrated research infrastructure services for climate change risks proiektua eta Quench quantum enhanced benchtop nmr spectometer ikerketa-proiektua.

"Israelek" palestinarren aurkako genozidioa gogortu ahala, azken hilabeteotan hazi egin dira mundu mailan genozidioaren aurka eta "Israelgo" estatu sionistaren izaera terrorista salatu duten ahotsak. Horren eredu da munduko hiribiru nagusietan eginiko mobilizazioetan bildutako jendetza (Londresen, esaterako, urriaren 11n gutxienez 100.000 lagun irten ziren kalera). Palestinaren aldeko mobilizazioaren gorakadarekin batera, txanponaren beste aldean, agintariek manifestazio eta protesta horiei ezarritako errepresioaren hazkundea dago: Espainiako Vueltan Bilbon edota Madrilen Poliziak protestarien aurka izandako jarrera bortitza da horren erakusle. Hezkuntza esparruan Palestinako genozidioaren aurka antolatzen diren mobilizazioak ez daude joera horretatik salbu: EHUren kasuan, genozidioaren aurkako posizio irmo bat hartu ordez, azken hilabetean hori salatzen aritu den ikasleriaren aurka oldartu da.

Genozidioaren aurka azken hilabetean Euskal Herriko campusetan egon diren mobilizazioetan eta greba egunetan Poliziaren presentzia eta jazarpena ohikoa izan da: esaterako, EHUren ikasturte hasieran eginiko ekitaldian Ibaetako campusean egon zen dispositibo polizial itogarria, enpresa sionistekin kolaboratzen duen Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesen presentzia zela eta. Horrez gain, mobilizazioetan nahiz greba egunetan Poliziaren identifikazioak eguneroko ogia izan dira Israel egiten ari den sarraskiaren aurka mobilizatu direnentzat. Finean, hedabideen nahiz gizartearen aurrean “Israel”-en aurkako posizio irmoa erakutsi nahi badu ere, EHUren posizioa argia da: entitate sionistarekin harremanak dituzten enpresekin kolaboratzea, batetik; genozidioaren aurka antolatzen diren ikasleei errepresioaren bidez erantzutea, bestetik.

NO HAY COMENTARIOS