Ostegun honetan, urtarrilaren 15ean, Macronek ez du bere asmo belizistak oroitarazteko aukera galdu. Halaxe dio: "Hain bortitza den mundu honetan indartsua izateko, fiteago eta gogorrago aritu behar da". Horregatik, armadarentzat 36 miliar euroko "indar" gehigarria Parlamentuari eskatzeaz gain —2024-2030erako programazio militar legearen bidez 413 miliar euro jadanik esleituak baitzituen—, armagintzako ekoizleei zuzenean zuzendu zaie: "Fiteago ekoitzi behar dugu, bolumen handian, are gehiago masifikatu, sistema arinagoekin eta modu berritzailean".
Hain zuzen ere, duela hilabete pasatxo, 2025eko abenduaren 6ko bilkuran, elkargoko kontseilu komunitarioak Aeronautika, Espazio eta Defentsa bide-orria onartu zuen, estatuen berrarmatzeko aginduari eta oligarkia inperialistaren asmo belizistei men eginez, oligarkia bere irabaziak mantentzeko edozer egiteko prest baita. Izan ere, elkargoak egungo testuinguru geopolitikoa armamendua ekoitzi eta saltzeko aukera gisa ikusten du.
Hautetsien ustez, testuinguru horrek, baita "defentsaren arloko lehentasun nazionalek" ere, defentsa-merkatuen hazkunderako testuinguru "egokia" sortzen dute. Aukera hori gal ez dadin, instituzioak "tokiko enpresen […] egokitzapena erraztu" nahi du merkatu horien exijentzien arabera.
Ezker instituzionalaren dilema
Norbaitek pentsatuko balu halako bide-orri baten onarpenak lurrikara sortuko lukeela… tirrit. 135 kontseilarik alde bozkatu dute, hiruk baizik ez dute kontra bozkatu, eta 53 abstenitu dira. Ez da egiazko oposiziorik agertu. Ez du bakar batek ere oposiziorik erakutsi. Agertu den erretizentzia bakarra Nicole Etchamendiren "zuhurtziarako" eta "argitasunerako" deia baizik ez da izan, eta ez du ezta bere talde politikoaren babespean erran ahal izan. Dena den, ez du ezta kontra bozkatu, ez baitu zalantzan ezarri "sektore hori [Aeronautika, Espazio eta Defentsa] laguntzea zilegi dela […] eta beharrezkoa gure lurraldearentzat", bereziki "industria-enplegua indartzeko". Soilik "dilema moral" bat, "tentsio etiko" bat sortzen omen dio.
Baina ez gaitezen engaina: Frantziako armada inperialista −Etchamendiren hitzetan, "defentsa-sistema nazionala"− indartzeak ez du neholako arazorik ez dilemarik sortzen… Haren arabera, arazo bakarra da sektoreak esportazioan parte hartzen duela.
Hainbeste dilemaren artean, bada hor nolabaiteko koherentzia: Mendebaldeko langile-klasearen zati baten ongizate erlatiboa mantentzeko (iduriz ezker instituzionalaren proiektua dena), Mendebaldearen posizio inperialista bermatu behar da, eta horretarako armada sendoak behar dira. Horri esker, hemen goi-teknologiako industrian zentratu daiteke, kapitalismoaren periferian dauden herrialdeetako lan-indarra gainesplotatuz eta herrialde horien baliabideak arpilatuz.
Bide-orriak sektorearen deskarbonizaziorako anbizioa ere aurkezten du, baina Etchamendik ongi dioen bezala, "onura ekologikoak sektorearen hedapenaren ondorioz ezabatuak dira". Greenwashing hutsa da, beraz.
Azpimarratzekoa da bide-orriaren alde bozkatu duten 135 kontseilarien artean, eskuineko zein ezkerrekoak, alderdi frantsesetako kideak zein abertzaleak badirela. Abstentzioa, berriz, soilik "alertatzeko" aurkeztua izan da, bide-orria onartzearen aurka egin gabe.
Hemen argi ikusten da "printzipio etiko" horiek, "kasik humanistak" −Etchamendiren hitzetan betiere− ez dutela batere balio praktika zehatza gidatzeko; identitate politikoaren markatzaile hutsa dira. Horrek azaltzen du abstentzioa, zeinak ez duen nehola ere oztopatzen armagintza-eskalada.
Gerlari errealki kontra egiteko beharra
Militarizazio eta estatuen erreforma autoritarioen testuinguruan −kapitalismoaren kontraerranen larritzearen prozesu beraren adierazpen direnak, faxismoaren eta erreakzioaren gorakadak ideologikoki sustengatuak−, garaia da Mendebaldeko potentzien agenda inperialista eta belizistaren aurkako egiazko oposizio bat artikulatzeko. Adibide honek erakusten digunez, oposizioak kontsekuentea izan eta sinbolismoa gaindituko badu, eredu sozial kapitalista gainditzea helburu duen indar batek gidatua izan behar du; horrek esan nahi du proletalgoa berrantolatu behar dela, bere interesen jakitun den indar politiko independente gisa. Adibide honek erakusten du, halaber, politika lokalaren maila guztiz inpotentea dela halako erronken aurrean, eta proletalgoaren antolakuntza-mailak nazioartekoa izan behar duela.
Oligarkiaren agenda militarista eta faxista ez da kapitalismoaren desbideratzea, krisi-garaian halabeharrez gertatzen den haren erradikalizazioa baizik. Ez gaitezen mugatu hondamendiaren larritzea salatzera eta ohartaraztera; krisi eta gerla testuingurua erabil dezagun hondamendira garamatzan sistema honekin bukatzeko gai izanen den indarra hauspotzeko.