ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Gaztelaniazko bertsioa


Aurreko testuan klase ertainaren eta proletalgoaren programa politikoa eta bakoitzaren militantziaren izaera  azaldu ondoren, bigarren eta azken testu honen helburua heziguneen ulerkera politikoa, eta klase ertainaren eta proletalgoaren interesetara jarduten duen militantziaren ezaugarriak izendatzea da.


Hezkuntzaren eta heziguneen inguruko ulerkera politiko ezberdinduak

Aurreko testuan zehaztu dugun politikaren eta militantziaren ulerkera desberdinduak badu bere isla heziguneetan ere. Langileria, bere bizitzako momentu batean zehar derrigortuta dago hezkuntza prozesuaren parte izatera, denbora tarte luzeagoan edo laburragoan bada ere. Azken hamarkadetan adibidez, gazteen ikasketa prozesuak bukatzeko behar duten bataz besteko adina gora doa. Honek, ikasketa prozesua luzatzen ari dela esan nahi du. Alegia, gure generazioak aurrekoak baino urte gehiago egiten ditu ikasketa prozesuan. Egoera honek eta, orokorrean, langile mugimenduaren historia zabalean hezkuntza kontrol ideologikorako mekanismo bezala ulertu izanak, heziguneak eta batez ere unibertsitateak lan politikoa egiteko esparru estrategiko gisara kokatzera eman du klase ertaina zein proletalgoa. Oso modu ezberdinean, ordea.

Klase ertainaren proiektu politikoarentzat, bereziki, ikastetxe eta unibertsitateek erakusleiho handi izatearen funtzioa betetzen dute. Modu honetara ulertu behar ditugu espazio hauek, klase ertainarentzat duten potentzialitate politikoan pentsatu ahal izateko. Izan ere, gazte asko elkartzen dira bertan egunerokotasunean eta, klase ertainaren antolakundeentzat, beste eremu askotan ez bezalako aukerak irekitzen dituzte heziguneek: gazteengan propaganda eta performance espektakularren bitartez eragin ahal izatea bilatzen dute. Eragite hau, noski eta esan genuen moduan, gazte hauek alderdi burokratiko eta instituzional bati edo besteari botoa ematera bultzatzeko helburuarekin bideratua dela ulertu behar dugu. Zentzu horretan dira erakusleiho; milaka gazteren arreta lortu eta eragile hauen propaganda iristeko aukera ematen dutelako.

Aipatu dudan jardunbide hau, klase ertainaren interesei erantzuten dion militantzia ereduaren eta hau aurrera ematen duten antolakundeen logika edo jardun orokorraren parte da. Eremu edo esparru bakoitzean aldarrikapen eta ezaugarri ezberdinez hornitzen da jardunbide hau, funtsean berdina erreproduzitzen badu ere. Hezkuntzaren eremuari dagokionez, heziguneak, hezkuntza prozesuarekin zerikusia duten eta erreforma bidez gauzagarriak diren aldarrikapen orokor eta abstraktuak zabaltzeko eremu bilakatzen dira nagusiki. Izaera honetako aldarrikapenak komenigarriagoak dira militantzia eredu honentzat. Izan ere, indefinizioak jende gehiagorengana iritsi eta atxikimendu sinboliko eta ezegonkorrak sortzeko baliagarriagoak dira. Finean, berehalako emaitza hobeak ematen dituztela esan dezakegu. Honela, aldarrikapen indefinituak, propaganda egiteko bitarteko eraginkor bihurtzen dira, gazteengan atxikimendu edo sentimendu positiboak sortzeko helburuarekin. Hau guztia, ondoren etorriko den hauteskunde kanpainan alderdi burokratikoak aldarrikapen horri lotutako neurriak proposatu eta gazte hauen botoak eskuratzeko. Esate baterako, Ernai antolakundea heziguneetan hezkuntza sistema propioaren aldeko aldarria zabaltzen ari denean, gazteengan sinpatia sentimendu bat sortzea bilatzen du, gerora EH Bilduk bere programan hezkuntza sistema propioa aldarrikatzen duenean gazte hauen botoak irabazteko.

Langileriaren interesentzat ordea, gazte langile asko batzen den espazioak propagandarako ematen dituen abantailez gaindi, batez ere klase dominaziorako mekanismoa da hezkuntza prozesua. Hau da, burgesiak langileria bere menpe mantentzeko duen tresna bat da. Gehien komeni zaizkion langile ereduak sortzeko erabiltzen duena, ideologikoki, moralki eta teknikoki formatuz. Horregatik, hezkuntza (ere), langile boterea artikulatzeko esparrua da langileriarentzat, hau da, burgesiaren kontrol eta dominazioa lehiatu eta langileriaren intereseko hezkuntza prozesuaren defentsa egiteko espazioa. Botere burgesaren indartzean hezkuntzak betetzen funtzioa blokeatuz, hezkuntza prozesuaren gainean burgesiak duen kontrol edo aginte gaitasuna ahultzea da proletalgoaren interesa. Honela, une berean, proletalgoaren interesei erantzuten dien heziketa prozesua eraiki ahal izateko.

Formakuntzarako zentro eta prozesua izateaz gain, soldatapeko lanaz antolatzen diren eremuak izaki, gainbalioaren erauzketarako gune ere badira heziguneak burgesiaren ikuspuntutik. Ondorioz, langileon hezkuntzaren defentsa egiteaz gain, soldatapeko proletarioen defentsarako espazioak ere badira langileontzat.


Klase ertainaren intereseko militantziaren ezaugarriak

Performance ikusgarriak. Antzerki publiko handiak egitea lehenesten duen militantzia eredua da klase ertainari komeni zaiona: Manifestazio, parodia, makro-kontzertu edo giza kateak, formatua aldagarria da, baina funtsa berbera. Antzerki edo eszenifikazio handiak egitea da funtsa, lehenago aipatu ditugun aldarri abstraktu eta orokorrek oihartzun handiagoa izan eta propagandak hedapena irabazteko helburuarekin. Eszenifikazio hauek gainera, geroz eta modu espektakularragoan egitea da lehentasunezkoa. Izan ere, geroz eta handiagoa, masiboagoa edo ikaragarriagoa izatea komeni da, inpaktu mediatiko eta sozial handiagoa lortzen delako honela. Ekimen hauen bitartez medioetan eta kalean euren aldarrikapenak presente egotea da xedea, jendeak deitzaileei eta euren aldarrikapenei buruz entzun dezan eta iritzi positiboak sortu daitezen, gerora alderdi instituzionalek hauen botoak kapitalizatzeko. Honen adibide dira esaterako, Ikasle Abertzaleakek zenbait urtetan, aldarrikapen abstraktu eta orokorren baitan egin dituen greba deialdiak. Honekin, sigla eta aldarrikapenak zabaldu eta mediatizatzea lortzen zen, eta urtetik urtera geroz eta manifestazio handiagoak egitea zen helburua.

Aktibismoa. Aurreko puntuarekin lotuta, klase ertainari komeni zaion militantzia eredua aktibista da. Performance eta ikuskizun txundigarriak egitera mugatzen den aktibismoa, alegia. Honek, militantziaren ulerkera oso murriztua sortzera bultzatzen du, hau da, jardun politiko edo militantea bizitzako aspektu bat bezala kokatzea. Nolabait esatearren, aktibatu eta desaktibatu daitekeen bizitzako aspektu gisara: Denbora librean aktibismoan jarduten duten militanteak eta hau amaitu ondoren benetako bizitzara itzuli daitezkeenak.

Eredu honek berarekin zurrunbilo moduko batean murgiltzea eskatzen du, hau da, ekimen edo performance bat amaitu orduko beste bat prestatzen hastea (eragile edo mugimendu bakoitzaren baldintza ezberdinen arabera, intentsitate edo maiztasun gehiago edo gutxiagoko zurrunbiloak izan daitezke, noski). Edukia eta helburuak bigarren plano batean kokatu eta garrantzitsuena jardun aktibista egitea bihurtzen da honela. Dinamika bat bestearen atzetik, eta dinamika bakoitzean manifestazioak, kartelak, hitzaldiak, antzerkiak...

Borrokaren eta erradikaltasunaren estetika. Klase ertainaren antolakuntza adierazpenetan, ohiko ezaugarria da borrokalariaren eta erradikalaren itxura mantentzeko ahalegina. Hau garrantzitsua da klase ertainaren militantzia ereduan, metodologia honen bitartez eurak baino ezkerrerago egon daitezkeen proletalgoaren adierazpen iraultzaileak blokeatzea bilatzen duelako. Hau da, performanceak egiteko aktibismoarekin, erradikalaren itxura mantentzea bilatzen dute sektore batzuen artean, proposamen iraultzaileen hartzaileak blokeatzeko asmoz. Adibidez, Ikasle Ekintzak egindako edozein manifestazioren ondoren ateratzen duten laburpen bideoan, musika eta irudi epikoekin borrokaren eta erradikaltasunaren estetika elikatzen dute. “Sindicato de Estudiantes”-en kartelak eta lemak ere adierazgarriak dira zentzu honetan, borrokaren estetika hori mantendu nahi izaten dutelako. Eta zer esanik ez egun zehatzetako iruditegi eta ekimenetan: Irailak 27, Martxoak 8, Maiatzak 1 eta abar.

Taktizismoa eta Oportunismoa. Aipatutako hiru ezaugarriei ikuspegi elektoralistatik etorriak diren taktizismoa eta oportunismoa gehitu behar dizkiegu. Izan ere, helburu nagusia alderdi burokratiko instituzionalari boto kopurua handitzea bada, epe motzerako ikuspegiarekin jardutea komeni zaio klase ertainari. Hau da, ziklo elektoral bakoitzeko ikuspegiarekin. Honek, epe motzeko emaitzak eta emaitza hauek ahalik eta azkarren lortzeko mugimenduak lehenesten eta bultzatzen direla esan nahi du. Ondorioz, oportunismoz jardutea derrigorrezkoa da, momentu konkretu bakoitzean alderdiak botoak irabazteko komeni dena egitea lehenesten baita. Guzti hau, epe luzerako alderdiak izan ditzakeen (baldin baditu) helburuekin zein printzipio etiko eta politikoekin talkan sartzen bada ere.

Pertsonalismoa. Klase ertainaren militantzia eredua ezaugarritzen du pertsonalismoak. Hau da, militante bakoitzak taldearekiko subordinazio eta diziplina barneratu ordez, irizpide eta diziplina gabe jardutea. Finean, protagonismo eta atentzio goseak bultzatuta eta ego pertsonala elikatzeko helburuarekin. Hau da, kolektiboaren erabaki eta iritziaren gainetik iritzi pertsonala aplikatu eta gainjartzea. Ezaugarri hau behin eta berriz agertzen da klase ertainaren ideologian, modu argienean alderdi politiko instituzional bateko barne gatazka pertsonalistetan ikusi daiteke.


Proletalgoaren intereseko militantziaren ezaugarriak

Proletalgoaren intereseko militantzia eredua klase ertainaren ereduaren ukapenetik eta aurkakotasunetik eraikitzen da:

Proletalgoaren defentsa. Klase ertainaren performance propagandistikoen ordez, proletalgoaren babes eta defentsa erreala egikaritzea da militantzia eredu honen oinarria. Heziguneetako ikasle eta langileak gizarte burgesaren egunerokotasuneko erasoetatik babestu eta hauen bizi baldintzak hobetzeko antolakuntza modu eta dinamikak sortzean du funtsa militantzia eredu proletarioak. Faktoreen ordenak berebiziko garrantzia du hemen. Antolakuntza eraginkorra da dinamika eraginkorrak egiteko baldintza. Hau da, heziguneetako lanpostuen eta hezkuntza prozesuren bitartez burgesia ematen ari den oldarraldia gelditu eta heziguneetako proletalgoaren bizi baldintzak hobetzea.

Berehalako interesen defentsa eratzeko ekarpenaz gain, bizi baldintzak hobetzeko borroka prozesuan, aurreko testuan aipatzen genuen heziketa lana burutzeko jarduna gauzatzea da proletalgoaren intereseko militantziaren ezaugarria. Hau da, langileriak eskala internazionalean boterea hartzearen beharra azaleratzeko heziketa lana egitea.

Lan eraginkorra. Klase ertainaren zurrunbilo aktibistari lan eraginkorraren kultura militantea kontrajartzen zaio. Hau da, proletalgoarentzat jardun militanteak ezin du ekimenak antolatu eta egitearen prozesu amaigabea izan. Egiten den guztiak zentzu eta helburu konkretuak izan behar ditu eta proletalgoaren bizitzetan hobekuntza eragitea bilatzen du. Lehentasuna ez da dibertitzeko, ondo pasatzeko edo frustrazio pertsonalak bideratzeko antolatzea. Lan eraginkorrarekin eta kalkulu politiko zehatzarekin soilik handitu daitezke proletalgoaren antolakuntza indarrak. Sekula ez aktibismoaren inertzian murgilduta.

Indarren araberako guda. Iruzurrik ez. Proletalgoaren antolakuntza gaitasunen indarrek markatzen dute burgesiaren aurkako borroka zein mailatan eta nola eman daitekeen. Klase ertainaren adierazpen politikoen kanpo proiekzio faltsua albo batera utzita, dituen indarren arabera jokatu behar du proletalgoak. Handinahikeriak ez du lekurik. Hau da, markatutako helburu eta lorpenak errealistak izatea ezinbestekoa da: proletalgoari ez baitzaizkio axola aldarri huts eta abstraktuak, bere bizi baldintzak hobetzeko proposamen errealak baizik. Proletalgoarentzat aktibatutako borrokak ordea, gauzatzeko aktibatu behar dira (lan eraginkorra) eta ez aldarrien propaganda abstraktua egiteko. Esperantza faltsuak emateko hor daude klase ertaina eta bere antolakuntza adierazpen guztiak. Proletalgoari interesatzen zaiona aurkakoa da, borrokaren garaipenekin bere indarretan sinetsi eta indar hauek handitzeko baldintzak sortzea. Gaitasunak biderkatzea. Horregatik, berebizikoa da proletalgoarentzat aktibatutako borroka ziklo bakoitza ondo pentsatu eta diseinatzea.

Ikuspegi estrategikoa. Aktibatutako borrokak irabazteak proletalgoari borrokak merezi duela erakustea esan nahi du, borrokaren beharrezkotasun eta zilegitasunean heztearekin batera. Eraginkortasun honek ahalbidetu diezaioke proletalgoaren antolakuntzari indarrak gehitzea, eta ondorioz etsaia geroz eta eskala handiagoan eta auzi garrantzitsuagotan borrokatu eta garaitzea. Honek, halabeharrez, epe luzeko ikuspegiarekin jokatzea eskatzen du, urteak behar direlako arlo honetan lana ondo egin eta indarrak metatzeko.

Gainera, ikuspegi estrategikoa ere inplikatzen du. Izan ere, emandako pausu bakoitzak ondorengoa handiagoa izatea du begi-bistan. Beti sozialismoaren beharrezkotasunaren heziketaren baitan. Hau da, emandako pausu bakoitza printzipio eta helburu estrategikoekiko leialtasunean ematean datza, zailtasunak zailtasun, pausu bakoitzak helburu estrategikoak gerturatzeko eta ez hauekin kontraesanean erortzeko.

Diziplina kolektiboa eta zentralismoa. Klase ertainari interesatzen zaion militantzia eredu pertsonalistarekiko aurkakotasunean, proletalgoaren antolakuntza moduak disziplina kolektiboan oinarritu behar dira. Hau da, intuizio eta irizpide pertsonalekin jardun ordez, talde eta mugimendu baten parte izateak dakarrena barneratuz jardutea. Diziplina, erabaki organo eta erabakitzeko momentuei zilegitasuna adierazi eta hauekiko leialtasunez jokatzea da, kolektiboak onartutako arautegi eta jarduteko modua barneratu eta aplikatzea. Zentralismoa, hemen, ez da burokraziaren zentzuan ulertu behar. Erabaki organoen ekinbidearekiko kontrolik ez badago, ezin baita instituzio politiko proletarioez hitz egin. Ezberdintasun nabaria dago beraz, hemen ere, klase ertainaren eta proletalgoaren instituzioen funtzionamenduaren artean. Zehazki, azken puntu hau da aurreko puntu guztiak barnebiltzen dituen oinarria; antolakuntza proletarioaren ezaugarri guztiak egikarituko direnaren bermea, zentralismoak ezaugarri guztiak konektatu ditzakeen heinean.