Aste honetan milaka eta milaka ikasle atera dira kalera Frantziako Estatuan burgesiaren eta bere zerbitzarien beldurra piztuz. Ipar Euskal Herrian ere, aspaldi ikusi ez zen borrokarako gogoa sentitu zen lizeo inguruetan. Ikasleek poliziaren erasoei eutsi zieten etengabe eta guztira ia 20 interpelazio eta hainbat zauritu utzi dituzte borrokek.
IASek azaldu bezala mobilizazio horiek Europa osoan ongizate estatuaren gainbeheraren baitan ulertu behar ditugu. Zerbitzu publikoetan murrizketak etengabe egiten ari diren bitartean armadaren aurrekontua gorantz doa, eta horrek lotura zuzena du Europaren mundu mailako posizio pribilegiatuaren gainbeherarekin, bereziki Frantziako Estatuaren kasuan, haren mundu mailako posizio inperialista atzeraldi betean baita.
Egoera honetan, proletalgoari miseria eta gerra baizik eskaintzen dizkion gizarte kapitalistarentzat geroz eta zailagoa izan daiteke gazteria langilea ideologikoki eta politikoki integratzea. Horrela, mobilizazio indartsu horiek Europa mailan izaten ari den belaunaldi hausturaren baitan uler ditzakegu. Izan ere, azken urteetan "mugimendu soziala" deitu dena eta ezker instituzionala hauteskunde presidentzialen esperoan diren bitartean, ikasle langileek independentzia politikoaren inguruan irakaspen ederra eman digute. Oraindik programa politikorik gabe baina agenda elektoraletik kanpo mobilizatu dira, duten indarraz eta gaitasunez ohartuz eta Frantziako Estatuko eszenatoki politikoa osoki irauliz.
Horri loturik, adierazgarria izan da LFIko hautetsi eta kideek hartu duten jarrera. Nahiz eta kriminalizazio mediatiko handia jasan duten, beren burua ikasleen eta poliziaren arteko mediatzaile gisa aurkeztu dute, bi aldeei baretzeko eskatuz eta protestan ziren ikasleak zuzenean gelditzen saiatuz, kasu batzuetan. Gainera, argi ikusi da sozialdemokraziaren programaren fartsa. Saint Deniseko auzapezaren proposamen nagusietako bat polizia munizipalari LBD tiratzaileak kentzea zen, eta noski, munizipalak LBDa eskuan agertu dira blokatzeetara. Azkenik, ezker instituzionala ikasleen aldarrikapenak hezkuntzaren inguruko programa elektoral batera mugatzen saiatzen ari da. Ondorioz, presentzia handia izan duten beste aldarrikapen batzuk baztertu eta borroka estatu burgesaren baitako aldaketa batzuetara mugatzera bultzatzen dute.
Poliziaren errepresioa handia izan da. Baina, horrez gain, Frantziako Hezkuntza ministroak lizeoetako zuzendariei ikastetxeak itxi eta kurtsoak distantzian egiteko aukera eman die, ikasleei protestatzeko aukera kenduz, etxean egon behar dutelako. Horrela egiten du aitzina estatuen autoritarismoak.
Bukatzeko, ikasle langileek iraultzaile komuniston ahuleziak agerian utzi dituzte. Proposamen politiko eta indar militante indartsurik ezean, ikasleek bakarrik egin behar diote aurre estatuaren errepresio eta kriminalizazioari, sozialdemokraziaren diskurtso pazifikatzaile eta elektoralistari eta "ikasle onak" eta "istilu sortzaileak" banatu nahi dituen diskurtso mediatikoari. Zentzu horretan, gazte eta ikasle antolakunde sozialistak sortu eta indartzea ezinbesteko eginbeharra da diskurtso kriminalizatzaileei aurre egin ahal izateko, ikasle erreprimituak babesteko eta borrokaz borroka helburu estrategikoetara hurbildu ahal izateko.
Gazteria langileak argi erakutsi du gaur egungo eta etorkizuneko erronkei erantzuteko indarra eta gogoa badituela. Proletalgoa miseriara eta gerran hiltzera kondenatu nahi dutenek sentitu ahal izan dute ez dutela hain erraza izanen. Baina ez dadin egun hauetako energia ezerezean gelditu eta borroka grinak garaipenak ahalbidetu ditzan, antolakuntza eta estrategia politiko iraultzailea beharrezkoak izanen dira.