Amaitu da Gazte Topagune Sozialistaren seigarren edizioa Elizondon eta, ohikoa izan beharko litzateken nekea baino, indar eta ilusio handia somatzen ditut inguruan. Ez da harritzekoa, izan ere, inoizko Topagune jendetsuena izan da aurtengoa eta komunitate militantea etengabe hazten eta sendotzen ari gara Mugimendu Sozialistatik. Horretarako balio behar dute Topaguneek nire ustez.
Zentzu horretan, eredu ona da Topagune Sozialista: milaka gazte batzen ditu, ez makrojaialdi batean, baizik eta formakuntza eta lan desinteresatua ardatz dituen ekimen batean. Arrazoia eta kontzientzia politikoa bultzatzea da erreakzioaren aurkako antidotorik onena.
Urtarrilean ikusi bezala, sozialismoaren aldeko borrokarekin oso konprometituta dagoen gazte belaunaldi berri bat dago Euskal Herrian, hazten ari dena. Gainera, faxismoa gerra kulturala irabazten ari zela bazirudien arren, orain borroka dinamika berri bat abiatu dela dirudi, militantzia, independentzia politikoa eta sozialismoaren aldeko aldarrikapenak erdigunean jartzen ari dena: etxebizitzaren aldeko mobilizazioetan ikusi dugu, Ipar Euskal Herriko ikasle grebetan, Palestinaren aldeko ekimenetan, faxismoaren eta autoritarismoaren aurkako borroketan…
Horregatik, ekitaldi politikoan nabarmendu zen ideia bat ekarri nahi nuke mahaigainera: "Posizio iraultzaileek masak biltzeko balio ez dutela esan digute, utopikotzat jo gintuzten hasieran. Baina errealitateak bestelakoa dio: ondo egituratutako posizio iraultzaileak hegemonikoak izan daitezke, erreformismoak proposatzen dituenak baino gehiago".
Beraz, indarrak hartu ondoren borrokarako garaia da, bidegurutze baten aurrean baikaude eta azaroko greba orokorra, eskubide politikoen aldeko borrokak, euskararen aldekoak edo matxismoaren aurkakoak iraultzaren aldeko erregai bilakatu behar ditugu. Jarrai dezagun borrokan.