ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Versión en castellano

Gaurkoan, denboraldi baterako behintzat, agur esatera natorkizue. Nire azken ikuspuntua idaztera alegia. Proiektu honek inguruan piztutako ilusioak eraman ninduen gonbidapena ezin ukatu izatera, jakitun bait nintzen pertsona askoren inplikazioak soilik ekarri ahal zuela gaur ezagutzen dugun Gedar aurrera eraman ahal izatea. Gaur gaurkoz, web-guneak estetikoki zein praktikoki izan dituen aurrerapen ikusgarriez gain, ordenagailuaren beste aldean dauden hamarnaka pertsonen lan militanteak hornitzen du egunero jasotzen dugun edukia. Proiektuaren seriotasunak ekarri du hilabete gutxian sektore zabaletan irabazitako erreferentzialitatea.

Aipatutako guztiak ekarri du, hein batean, nik agur esan ahal izateko aukera. Dezente gaztetatik laguntzen nauen buruko zapiaren zuritzeak ikuspunturo errepikatzen dit egotzi zitzaizkidan gaiak jorratzeko “gazte” egoki pila ditugula inguruan, proiektu hau elikatzeko prest. Zorionez, nire urterik onenak gaztetxeen bueltan pasatu ditut, eta ez zarete nitaz hain erraz libratuko... baina behin eremu horretako lehen lerroa albo batera uzteko erabakia harturik, alor hau jorratzeko erreleboa ematera behartuta sentitzen naiz.

Agurrak normalean, eskerrak emateko erabiltzen omen dira. Ez dut aukera galduko irakurri izan nauzuen guzti horietaz gogoratzeko, entzutera ohituta ez nagoen pena ahotsak luzatu dizkidatenetaz, nire agurraren berri izatean. Uste baino erreakzio haundiagoak izan dituzte nire iruzkin batzuek, eta honek erakutsi dit gune honen hedapen gaitasuna. Mila esker beraz, burokrata eta profesionalez jositako iritzi emaile bonbardaketaren aurrean, Gedarreko militanteen xumetasun zorrotza aukeratzen duzuen guztioi. 

Behin protokoloa beteta, agur zorrotzaren garaia. Izan ere, Gedarren idazteak, beti ezkutatu nahi izan dugun hori egitera behartu gaitu batzuek: aurpegia ematera, inplikazio guztiekin. Aipatu ahal nituzkeen hamarnaka ondorioetatik, bakarra aipatuko dut: politika serioski egin nahi izanez gero, ezin dugu mundu guztiarekin ongi gelditu, eta lehenago edo beranduago, aurpegia ematea tokatzen zaigu.

Azken urteetan, ildo sozialistaren bilakaerak, Euskal Herriko hainbat ustezko militante iraultzaileren aurpegirik erreakzionarioenak azaleratu dituela esango nuke. Eztabaida politikorako prestutasunetik urrun, mota guztietako akusazio, desitxuratze eta karikaturizazio egin dira eremu guztietatik, ekimen eta militanteak zuzenean erasotuak izan ez direnean. 

Izan argi hau ez dela biktimismo ariketa bat. Hau, kide edo “laguntzailetzat” genituen “adoretsu” askorentzako mezu bat da; eztabaidarako ateak irekiak dituzue, kritika eta iritzi elkartrukerako prest agertzen gara, badakizue nor garen, non aurkitu gaitzakezuen... baina erasoen aurrean, aurpegia ematera behartuta gaude. Hori erakusten dihardugu behin eta berriz. Harrigarri bezain kezkagarria baita, urte guzti hauetan ondoan sentitu izan ditudan gune ezberdinetatik jasotzen ditudan mezuak entzun behar izatea, inolako eskrupulu eta erantzukizunik gabe gainera.

Alde batetik, horizontalismoan babesten diren batzuek daude, beraien asanbladetan, oraindik geratzen zaien pisu historikoa erabiliz, “kontrolatzeari” utzi dioten eremu eta militanteen oztopoan euren “militantziaren zentzua” aurkitzen dutenak. Autonomiaren kontzeptua asanblada bakanei baino, langile klase osoari egotzi diogunean (hau da, beraien “kontrol peko” konfort eremua zalantzan jartzean) areagotu dena. Antolakuntza forma eta militantzia eredu berriaren diziplina jarraitu ezinik, erreferientzalitate “historikoa” galduz doazenak. Hala ere, ziurta dezaket, oraindik intentzio eta borondate onez osatutako asanblada eta militante interesgarriak biltzen direla eremu horietan. Eztabaida politikoa ukatzeko kalifikatibo eta adjektibo postmodernoz ahoa betetzen duten horien protagonismoak, militante serio izan daitezkeenen aukerak zapuzteko saiakerak besterik ez dira beraz. 

Bestalde, askoz gehiago luzatzea merezi ez duen sektore ofizialista dugu. Gertu nituenean, iraultzaileak ziren. Ni baino erradikalagoak gehienak, seguru. Lezio ugari ematen zizkidaten. Erreferente bilakatu ziren. Abangoardia: antolakuntza eta borroka…

Ongi ezagutzen nautenek badakite, “haustura garaietan”, zubiak eraikitzeko aukeretan sinesten zuen horietako nintzela, eremu lokalean behintzat. EAJren bozkak erakartzeko hautagaien arteko “militante” batzuen fede onean itsuki sinesten nuen, nire erreferente izan ziren horietan... egun esan dezaket, azken urteetako esperientziatik, burokraziaren germen hartatik mugimendu ustel bat garatu dela. Osotasunean. Oinarri autoritarioek norbanakoen fede ona gainditzen dute, eta azken instantzian, mugimendu sozialista erreal batek eraketa honen zimentazioak ezbaian jartzean, honen aurkako erasoak sistematiko bilakatzen dira, helburu estrategikoak antagonikoak erakusten diren momentutik. Gelditu ahal diren militante zintzoek, jada, ez dute maldan behera frenorik gabe doan mugimendu arrazoiz justifikatzeko gaitasunik eta, ezinbestean, eraso guzti hauen konplize isil bilakatzen dira.

Ez nuke aipatu gabe utzi nahi klase feminismoa jorratzen dabiltzan kide sozialistek pairatu behar izaten duten mespretxu eta jazarpen sistematikoa. Onartezina da egunerokotasuneko lan militante eta konpromezu maila hori erakusten dutenekiko aurrera eramaten ari diren desgaste kanpaina. Urte luzeetan feminismoa norabide bakar batean jorratu izanak, batzuek irabazitako posizioek eta abar, ez diote gaiari eztabaidagai izateko arrazoirik kentzen, eta horretarako prest dira beti militante sozialistak, berau elikatzera etorriak. Jarrera hauekin aurreko bi kasuek duten antzekotasuna ere ukaezina da.

Izan ere, egun badirudi nahi dena egin eta esateak inolako erantzukizunik ez duela: politika egitea arduragabekeria guztiz iritzia emateko gaitasuna ere badela, alegia. Azken iruzkinetan esan bezala, gazte hauek gelditzeko etorri dira ordea. Geroz eta gehiago gara, itsaso nahasi honetan, aurpegia emateko borondatea erakutsi dugunak, zuen kanpusetan gurutzatzen gara, zuen herriko gaztetxeetan, elkartasun sareetan, kaleko tabernetan... eztabaida eremu ugari ditugu irekita, geroz eta gehiago izango ditugu ziur aski aurrerantzean. Ez gara probokazio merkeetan eroriko, baina ez da beti dena dohainik izango, eta erasoen aurrean, defentsa gaitasunak ere gorantz doaz.

Batzuek nire azken iruzkina “besteei” kaka sartzeko erabili izana egotziko didate. Baina horretatik urrun, errespetu militantea aplikatzeko dei bat egitera besterik ez nator gaurko honetan. Ez dira “gazteen” kontuak, ez da ildo “super-komunista” izatearen ondorioa. Militantzia eredu berri baten sorreraren aurrean, beldur eta posizio aldaketak daude, eta hauen ondorioak dira pairatzen ari garenak. Ez dago intoxikazio kanpaina hau onartzerik, eta burbuilaren kontrol gabeko puzte honetan, gure belaunaldiaren indiferentzia hauspo papela jokatzen aritu dela esan genezake. Eredu militanteaz hausnartu, eta eredu ematen hasteko garaia da.

Gedar agurtzera netorren ni, eta hein haundi batean poz emango dit pantailaren beste aldean nire aurpegia daramaten “iruzkinak” irakurtzen dituzuen horiei, nik neuk ere aurpegia jarri eta behar den lekuan eta moduz elkar-trukatzeko aukera ematen jarraituko badit.

Kaleko argi beltzen ingurutan ikusiko dugu elkar.