Ir al contenido
EDITORIAL / Azaroak 25

Azaroaren 29a baino lehen da Azaroaren 25a

2026/11/24

EDITORIAL

Aste honetan dira Espainiako Estatuko hauteskunde orokorrak, eta jakina den moduan, denak daude horri begira. Era berean, baina, aste honetan emakumeen aurkako biolentziaren kontrako eguna ere bada; azaroaren 25a, eta hamarnaka mobilizazio deitu ditu Itaiak herrietan zein hiriburuetan. Ikastetxe eta unibertsitateetan ere mobilizazioak daude deituta. Kanpaina elektoralaren baitan, alderdi instituzionalak ezer gutxi ari dira esaten gai horren inguruan. Baina auzia larria da eta milaka emakumeri eragiten die zuzen-zuzenean.


Errazkeriak aparte utzita, gauza bat jakinekoa da: instituzioek egiturazko hutsuneak dituztela indakeria matxistari aurre egiteko orduan. Bestela ez lirateke urtean hainbeste erailketa matxista eta hainbeste eraso gertatuko. Matxismoak oso zabalduta segitzen du, eta instituzioetako zigor-sistema ez da nahikoa indarkeria matxista ezabatzeko. Hori gutxi ez eta indarkeria matxistaren auzia eztabaida publikotik atera dute, lehen aipatu dugun moduan.


Beste elementu bat ondorengoa da: azken urteetan feminismoaren instituzionalizazio-prozesu bat gertatu dela. Gobernu aurrerakoiaren lehenengo urteetan emakumeen auziak, orokorrean, zentralitatea hartu bazuen ere, lorpen material urriak izan ziren eta guda kulturalean atzerapausoak egin zituzten. Azken urteetan auziak zentraltasuna galdu du eta aurrez aipaturiko instituzionalizazio-prozesuak emakumeen auzia kaleetatik, neurria handi batean behintzat, desagertzea eragin du. Horri buelta emateko, lan handia ari dira egiten bai Itaia bai beste zenbait eragile. Indarkeria matxistaren aurkako borroka lehen lerroan egon dadin, alegia.


Faxismoa Espainiako Estatuan agintera iristear dago eta beraien sakoneko programaren puntu nagusietako bat emakume langileen aurka egitea da. Klase-auzi bat da azken finean: emakume langilea are gehiago azpiratu behar dute kapitalistek irabaziak handitzen jarraitu dezaten. Emakume langilea azpiratzeko ildo kultural oso bat daukate, zeinetan indarkeria matxista ukatzen duten, abortuaren aurka egiten duten eta emakume langileei bigarren mailako eginkizunak esleitzen dizkieten. Hori guztia egitate bat izanagatik ere, horrek ez gaitu PSOEren gobernura babestera eraman behar, inondik inora ere. Tranpa horretan erortzen bagara, azken urteetako akatsak errepikatuko genituzke, eta bueltaren bueltan, autoritarismoari jaten ematen ariko ginateke. Faxismoa gobernu “aurrerakoiaren” bete gabeko promesetatik eta hipokrisiatik elikatzen baita. Kaleak hartu behar ditugu eta burgesiarekiko eta bere alderdiekiko independentziaz aritu behar dugu.


Itaia sozialismoaren eta emakume langilearen aldeko borrokaren eroale da, bata ezin da bestea gabe ulertu. Indarkeria matxista amaitzea sozialismoaren eginkizuna eta betebeharra da, baina hura ez da zerutik eroriko. Itaiaren gisako antolakundeek gorpuzten dute egunez egun borroka hori: kontzientziazio-lana eginez, erasotzaileen inpunitatearen aurka borrokatuz, emakume langileen eskubideak defendatuz eta borroka hori guztia kaleetara eramanez. Asteazken honetan urrats bat gehiago emateko betebeharra daukagu.