Ir al contenido
EDITORIAL / Azaroak 11: greba orokorra

Greba orokorrak utzi duenaz

2026/11/12

EDITORIAL

Atzoko greba-eguna arrakastatsua izan zela esan dezakegu. Zergatik? Milaka eta milaka pertsona espekulazioaren aurka, espekulatzaileak espropiatzearen alde eta etxebizitza planifikatzearen alde mobilizatu zirelako. Irakurketa erradikal hori irakurri zen Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta herri eta auzoetan, eta hori ez zaie batere gustatu ez eskuineko alderdiei ez eskuin mediatikoari, ezta ezkerreko hainbat sektoretako administrazioei eta errentistei ere. Egitatea ondorengoa da: gizartearen gehiengo bat, bere baldintza objektiboei begiratuz gero, neurri horien alde dagoela. Atzokoa paradigma-aldaketa bat da zentzu horretan, aldarrikapen erradikalek gidaturiko greba arrakastatsu bat gertatu baitzen.

Eta zer dela-eta gertatu den hori? Etxebizitza-sindikatuen urteetako lan militante nekaezinari eskerrak gertatu da, baita hainbat eta hainbat sindikalistaren lan zintzoari eskerrak ere. Urteetan baldintzak eraiki dira greba orokor arrakastatsu baterako, eta orain aurrera begiratzeko momentua da. Atzoko eguna ez litzateke posible izango komiteetako lanari eskerrak ez balitz, eta atzo goizean piketeetan beren gorputza jarri zuten kide guztiei ere aitortza egin behar diegu. Hamaika atxilotu eta identifikatu egon ziren egunean zehar, Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren errepresioaren adibide bat gehiago dena. Argi esan dezakegu greba honek klase-kontzientzia zabaltzeko balio izan duela, grebaren deitzaile ziren antolakunde iraultzaileen aurkako kriminalizazio-kanpaina gainditu duela, eta neurri handi batean eraginkorra izan zela ekoizpena gelditzera begira.

Greba honen helburuak bete dira: gobernua seinalatu da, espekulatzaileak seinalatu dira, lankidetza eta erroko irakurketak egitea bateragarriak direla erakutsi da, sistemaren aurkako kontzientzia hedatu da, espazio militantea zabaldu da eta komunismoak presentzia irabazi du Hego Euskal Herriko kaleetan. Ikuspegi sozialista batetik aurrerapausoak eman dira, eskuinaren oztopoak gaindituta eta kontzientzia sozialistaren hedapenean hobekuntzak eginez. Ez dugu bistaz galdu behar etxebizitza-arazoari aterabidea emateko aukera bakarra estatu sozialista eraikitzea dela. Hurrengo pausoei begira jartzeko momentua da, atzokoa ez baita ezer aurretik egiteko daukagun guztiarekin alderatzen badugu.