EDITORIAL
Astelehenean Bilbon gertatutakoak hautsak harrotu ditu. Vito Quiles agitatzaile faxistak Bilbon egitekoa zuen ekitaldia astelehenean, estatu guztitik egiten ari den biraren baitan. Bira horren helburuak hasieratik genekizkien eta baieztatzen joan dira: eztabaida publikoa ezkerraren biolentziaren esparrura mugiaraztea. Esparru horretan eroso mugitzen dira eskuin muturra eta faxismoa, auzi sozialen inguruan ez bezala; etxebizitzaren auzian, besteak beste.
Herri-mugimenduok eta antolakunde komunistok ikuspegi elektoralistatik harago begiratu behar diogu politikari, jakin badakigulako faxismoari urte guztian zehar egin behar diogula aurre eta ez soilik hauteskundeak gerturatzen direnean. Bestela esanda, antifaxismoa, langile-klasearen ikuspegi independentetik, urte guztian zehar eraiki behar dugula. Espazio hori delako faxismoari aurre egiteko bermea eta politika independente baterako gutxienekoa. Ondorengoaren kontzientzia hartu behar dugu: politika independentea alanbre baten gainean egiten dugula, botereak ez baitu gustuko masazko mugimendu komunista, antolakunde iraultzaileak direlako langile-klaseari ikuspegi estrategikoa ematen diotenak. Ikuspegi estrategikoa, ikuspegi hegemonikoa eta proportzionaltasunaren printzipioa gure politikaren oinarriak dira. Printzipio horiek alde batera utziz gero, akabo komunismoa langile-klasearen baitan txertatzeko aukera.
Urte asko daramatza munduak bat-bateko matxinadaren logikaren pean haserrea adierazten, eta masazko antolakunde komunisten faltan, horren guztiaren emaitzak eskasak dira. Astelehenean gertatutakoak argi-ilun horiek erakusten dizkigu: milaka pertsonak faxismoaren ekitaldi bat oztopatzea lortu zuten, garaipen moral handia izan zitekeena belaunaldi berrientzat. Ondoren, kriminalizazio-kanpaina handi bat abiatu dute eskuinak eta botere faktikoek antifaxismoaren eta antolakunde iraultzaileen aurka. Testuinguru nahasia bizitzen ari gara eta ardura bikoitza daukagu: gerta daitekeena aurreikusteko zein erantzun egokiak emateko gai izan behar dugu.
Gaueko istiluetan oso jende gaztea omen zebilen. Bat-bateko txinparta piztu zen eta denok ezagutzen ditugun istiluak gertatu ziren. Belaunaldi berri baten aurrean gaude, Europa osoko mugimenduek hala erakusten dute: bizi-espektatiba oso gutxirekin eta teknologia berriek beraien bizitzak zeharkatzen dituzten garai historiko batean. Bat-batekotasunarekin tamainako ilusioak egin behar ditugu, ez gehiegi ezta gutxiegi ere.
Astelehen gauekoa probestu du eskuinak antolakunde politikoen aurka egiteko, baita istiluetako gazteak kriminalizatzeko ere. Guk ez diogu olatu kriminalizatzaile horri segida eman behar, badakigu-eta zertara datorren. Botereari bost axola zaizkio su hartu zuten autoak edo zabor ontziak. Beraien asmoa mugimendu iraultzaileen aurka egitea da eta protesta oro kriminalizatzea. Gure egitekoa da, aldiz: kontzienteki jokatzea, irakaspenak ateratzea eta protestarako zein antolakuntzarako baldintzak defendatzea.