Ir al contenido
ACTUALIDAD / Política institucional

Zupiriaren profeziak bete gabe gelditu dira beste behin ere: istilurik ez asteburuan

Asteburuko manifestazio-deialdien bueltan EAJk eta Vocento taldeak alarma sortu ondoren, ez da inolako liskarrik gertatu. Udan ere berdina gertatu zen, Zupiriak "istiluak" iragarri ondoren.
2026eko azaroaren 2 - 11:59
Zupiriaren profeziak bete gabe gelditu dira beste behin ere: istilurik ez asteburuan
— ARGAZKIA heraldo.es-en bidez

ACTUALIDAD

Aurreko astelehenean Bilboko erdigunean sortu ziren istiluen harira, Eusko Jaurlaritzako Barne Sailak eta hainbat hedabidek alarma soziala sortu zuten joan den astebururako. El Correo-k adierazi zuen Bingen Zupiriak "liskar" posibleez iragarri zuela, eta, aitzakia horrekin, EAEn astebururako antolatuta zeuden "25" manifestazioen inguruko mesfidantza sortu zuten jendartean, horiek balizko istiluekin lotuz.

Beste behin ere, El Correo-k izan zen EAJko agintarien bozgorailu-lanak egin zituenetako bat: besteak beste, Jaurlaritzako bozeramaile Maria Ubarretxenaren adierazpenak zabaldu zituen, hark astelehenean Bilbon izandako liskarrak Vito Quilesen kontrako mobilizazio antifaxistak seinalatzeko baliatu zituenean, eta kaleetako "biolentziaren" mamua zabaldu zuenean.

El Correo-k ildo beretik jaso zituen Zupiriak esanak, astebururako aurreikusita zeuden askotariko protesta-ekimenetan "istiluak" egon zitezkeela iradokiz (sailburuak berak aitortu zuen, aldi berean, "ohiko" zerbait dela EAEn asteburuan 25 manifestazio egotea). Ertzaintzaren hedapena defendatu zuen Zupiriak, asteburuan "ordena bermatuko" zuelakoan; baina aitortu zuen, dena den, ez dakiela "zertaz ari garen hitz egiten" Blocus delako deialdiak aipatzean. Vocento taldeko egunkari horretan, ordea, aste osoa eman zuten deialdi horien inguruko beldurra hedatzen eta Bilbon, Gasteizen edo Donostian astebururako ustez eginak zeuden deialdiei buruz hitz egiten.

Asteburua igaro da, dena den, eta ez da EAJk eta Vocentok egindako iragarpena bete: ez da inolako istilurik edo arpilatzerik gertatu EAEko hiriburuetan, nahiz eta, alarma sozialak bultzatuta, hamaika dendatan jarri zituzten babes-mekanismoak ostiralean.

Honakoa ez da komunikabideek eta agintari jeltzaleek, tartean Zupiriak, publikoki halako profezia bat egin eta betetzen ez den lehen aldia. Uda izan aurretik, sailburuak esan zuen hurrengo hilabeteetan "istiluak" sortzeko interesa zutela hainbat gazte-sektorek, Euskal Herriko herri-mugimenduen txosnaguneak eta bertan polizia-indarrekiko egon litekeen jarrera kritikoa seinalatuz konkretuki. Bada, uda pasatu zen, eta orduan ere ez zen egon Zupiriak iragarritako moduko konfrontazio-olaturik. 

Jaurlaritzako agintaritzekin batera, Bilboko apezpikua izan da aurreko asteburuari begira beldurra zabaldu duen beste figura bat. EITBk eman zuen Joseba Segura elizgizonak esandakoaren berri: publikoki esan zuen "fenomeno biolento" bat izaten ari dela EAEn, jendartean piztutako alarma hauspotuz.