ACTUALIDAD / Autoritarismo

Estatu autoritario baten erradiografia: debekuak, ikasleen aldarrikapenak eta krisi politikoa Frantzian

Herenegun eta atzoko egunak erreakzio eta erabaki politikoz beterikoak izan ziren Frantzian: debekuak eta kriminalizazioa hedatzen ari dira; baina, egoera zaila izanik ere, bizi-baldintza hobeen aldeko deialdiek ere ez dute atzera egin. Horrez gain, LFI alderdia kriminalizatu nahian, eskandalu batek eztanda egin du politika frantsesean.
2026eko urriaren 22 - 05:05
Estatu autoritario baten erradiografia: debekuak, ikasleen aldarrikapenak eta krisi politikoa Frantzian
— ARGAZKIA X-ren bidez

Goitik behera ari da huts egiten Frantziako Estatuko gobernagarritasuna. Hamaika su piztu dira azken egunotan; eta, beste behin ere, Frantziako Estatuko Gobernuak neurri politiko autoritarioak hartu ditu herrialdean geroz eta agerikoagoa den krisi soziala ezabatzeko asmoz: Sébastien Lecornu buru, ministroak debekuak ezartzen ari dira, mehatxuak egiten, eta kaleak militarizatuko dituztela adierazi zuten asteartean lehen ministroak eta Laurent Nuñez Barne ministroak. Haatik, langileen aldetik erreakzioak heldu dira berehala, eta kikildu ordez, kalera atera dira zenbait lekutan.

Kaleen militarizazioa, kolaborazio eskaerak, etxeratze-aginduak eta adierazpen-askatasuna jopuntuan


Astearte eguerdian egindako adierazpen batzuetan, alde batetik, Nuñezek datorren larunbatean, urriaren 24an, militarrak mobilizatuko dituztela iragarri zuen; Lecornuk polizia-indarrek kalea "masiboki" hartuko dutela adierazi ondoren, hain zuzen: "Noski, Sentineille indar bereziak mobilizatuko ditugu". Gainera, Nuñezek axolagabe adierazi zuen baimena eskatuta ala gabe, ez dutela zalantzarik egingo, eta hainbat manifestazio debekatuko dituztela. Bestetik, Barne Ministerioak abian jarri du aplikazio bat, herritarrek poliziekin kolaboratu dezaten. Asteartean eman zuen haren berri Poliziaren Prefekturak, eta horrela herritar zelatariek aukera izango dute protestaldietan ekintzak egiten dituztenen aurpegiak zuzenean Poliziari bidaltzeko. Dena dela, aplikazio horren web-orriak eta zenbait prefekturenek ziber-erasoak jasan zituzten atzo, eta zenbait orduz horiek erabili ezin izatea lortu zuten.

Hori horrela, eta beste hainbat neurriren bidez, herritarren oinarri-oinarrizko eskubideak eta askatasunak ari dira ezabatzen, kolpe batez eta egun batetik bestera. Izan ere, bigarren egunez jarraian, astearte gauean etxeratze-aginduak ezarri zituzten prefekturek hainbat hiritan: hala nola Parisen eta Lyonen (Auvernia-Rodano-Alpeak) indarrean egon da debekua. Hurrenez hurren, astearte gaueko 23:00etatik asteazken goizeko 06:00etara, eta 21:00etatik 06:00ak arte. Hori gutxi ez, eta manifestazioak debekatu zituzten Lyonen astearte arratsaldeko 16:00etatik aurrera. Atzo, debekuak bere horretan jarraitu zuen, baita gaur ere. Bestela, Marseillan (Proventza-Alpeak-Kosta Urdina) adingabeei etxeratze-agindua ezarri diete, astearte gaueko 22:00etatik atzo goizaldeko 05:00ak bitarte. Debeku hori, gainera, indarrean egongo da bihar arte gutxienez. Antzera jokatu dute Nizan (Proventza-Alpeak-Kosta Urdina) eta Bordelen (Akitania Berria): asteartetik hasita datorren astelehenera arte, etxeratze-agindua indarrean egongo da egunero-egunero; gaueko 21:00etatik goizeko 06:00etara Nizan, eta 22:00etatik 07:00etara Bordelen.

Mugitzeko eta manifestatzeko eskubideak ezabatzea gutxi ez, eta adierazpen-askatasuna ere jopuntuan da. Hiru zantzu nagusi daude horrelako baieztapenak egiteko: lehenik, manifestariak kriminalizatzen ari dira eta horien aldarrikapen politikoak ezkutatzen. Izan ere, azkar batean hasi dira manifestariak zigortzen: asteburuan 2.500 lagun baino gehiago atxilotu dituzte, Parisen bi eta zortzi hilabete arteko espetxe-zigorrak eta hiriburua bisitatzeko debekua ezartzen ari dira, baita denbora batez zenbait lurraldetan manifestatzeko eskubidea kentzen ere. Bigarrenik, gatazkak eztanda egin du hedabideetan, telebistan bereziki: astelehenean bertan, LCI kanaleko Isabelle Laporta kazetaria kaleratu zuten Renassaince alderdiko kide batekin eztabaidatu ondoren, zer eta Macronen kudeaketa kritikatzeagatik. Printzipioz, astebetez ez da kameren aurrean agertuko. Gainera, telebista publikoko kazetarien sindikatuek "propaganda" eta "manipulazioa" egotzi diote zerbitzu publikoari, asteburuko protestaldietan zehar egindako jarraipenaren harira. Hirugarrenik, gobernuak mahaigaineratu du sare sozialak debekatu eta blokeatzeko aukera, baita enkriptatutako mezuak atzematea ere. TikTok eta Snapchat sare sozialak aipatu ditu horretarako Lecornuk, horien bidez manifestariek denbora errealecan Poliziaren kokapenaren berri ematen dutenaren aitzakiapean.

Ipar Euskal Herriko zenbait udal, asteburuko protesten gaitzespenean


Frantziako Gobernuaren eta departamentuetako prefekturen adierazpen eta mugimenduez gain, ordea, tokiko agintariek ere jarri dute haien alea asteburuko mobilizazioak gaitzetsi eta borrokak estigmatizatzeko. Hein horretan, astelehenen eguerdian auzapezek eta zinegotziek kontzentrazioak egin zituzten, AMF Frantziako Auzapezen Elkargoaren deiari erantzunez, "erasoak eta bandalismoa gaitzesteko".

Euskal Herrian, Lapurdin, dozenaka batzuk batu ziren Angeluko, Baionako, Bidarteko, Miarritzeko, Urruñako, Hendaiako, zein Kanboko deialdietara; baita Zuberoan ere, Maulen. Horietan guztietan, asteburuko mobilizazioak gaitzetsi zituzten, eta deia luzatu "modu baketsuan" mobilizatzera. Argigarriak izan ziren zenbaiten adierazpenak, ordea. 

Esaterako, Baionako auzapez Jean-Rene Etxegaraik (Renassaince – Demokrata eta Independenteen Batasuna) Poliziak asteburuan zehar "eredugarri" jokatu zuela baieztatu zuen. Hendaiara etorrita, Kotte Ezenarro (PSF) herriko auzapezak zera adierazi zuen: "manifestatzeko eskubidea eta adierazpen-askatasuna oinarrizkoak" direla, baina "hurrengo manifestaldiak isilik, pertsonak eta ondasunak errespetatuz eta inolako arazorik gabe" egin behar direla. Herriko buruzagiak elkartasuna bidali zien gainera "kalteak eta istiluak jasandako" udalerriei; ez zituen, ordea, behin ere aipatu 2.500 atxilotuak. Bestela, "alde bateko zein besteko bortizkeria" gaitzesgarria dela Laetitia Navarronen (EH Bai) ohartarazpenak dira. Ondorioz, etxeratze-agindurik ez da ezarri Euskal Herrian, oraingoz; baina mobilizazioak haziz gero, bada saltokien eta jabetza pribatuaren, Estatuaren, nahiz indar-polizialen alde egingo duenik.

Astearteko mobilizazioak eta larunbaterako iragarpenak


Adierazpenok eta debekuek ez dituzte borrokalariak kikildu; eta, asteartean, hainbat ikasle-sindikatuk beste borroka-egun bat egin zuten zenbait unibertsitatetako campusetan. Hala, mobilizazio jendetsuak egin zituzten Bordelen, Saint Denisen (Frantziako Irla), baita Rennesen (Bretainia) ere. Esaterako, bi fakultateko sarbidea blokeatu zuten ikasleek Bordeleko AG unibertsitatean, eta 1.000 ikaslek hartu zuten parte Asanblada Orokor batean. Bertan, unibertsitatea blokeatzea erabaki zuten; eta, horrela, zenbait azterketa egitea galarazi zuten. Saint-Denisen, bigarren hezkuntzako ikasleak eta hezkuntzako langileak, batera, polizia-etxearen aurrean elkarretaratu ziren, eta atxilotutako ikasleak askatzeko exijitu. Rennesen, manifestazioak debekatuta egon arren, hiriko kaleetan barrena aritu ziren 400 bat ikasle, askatasun politikoen beharra azpimarratzeko eta hezkuntza arloko hobekuntzak galdegiteko. Bi kilometroz aritu ziren hiriko kaleetan barrena, harik eta Poliziak hainbat lagun atxiki eta manifestazioa desegin zuen arte. Lyonen ere, 750 ikasle atera ziren kalera.

Udazkeneko oporraldian egon arren, gaurko, hilaren 22rako, bigarren hezkuntzako eta unibertsitateetako ikasle-eragileek mobilizaziora deitu dute zenbait lurraldetan. Borroka-eguna dute, beraz, baina tokian tokiko prefekturak manifestazioak legez kanpo uzten ari dira. Dena dela, larunbatean kaleak hatzeko deia egin dute. Izan ere, etzi Jaka Horien mugimenduen Bigarren Ekinaldia izango da. Bizitzaren garestitzea salatzen jarraituko dute, baina bereziki estatu-egituren kriminalizazio-kanpaina eta Poliziaren zigorgabetasuna izango dituzte jopuntuan. Horrela, azaroaren 5eko greba-egun handira arte mobilizazio-olatuari heldu nahi dio mugimenduak. Era berean, Macronen dimisoa galdegingo dute larunbatean.

Gutxinaka-gutxinaka, zenbait hitzordu finkatzen ari dira larunbaterako, eta dagoeneko ezagutzera eman dute Euskal Herriko deialdia: Baionako Herriko Etxearen aitzinean elkartuko dira, eguerdiko 14:00etan, Bizitza garestiaren aurka eta justizia sozialaren alde lelopean. Bestela, arrabotsa sortu du, bereziki, Orleansgo (Erdialdea-Loira Harana) egoerak: bertan, Rassemblent Nationale eskuin muturreko alderdi politikoak kongresua egingo du larunbatean, eta 10.000 militante eta afiliatu espero dituzte. Hori dela eta, bertoko alkateak "ez-ohiko segurtasun-neurriak" hartzeko eskatu dio Lecornuri. Gauzak horrela, eta gobernuaren erreakzio politikoa ikusita, borroka-egun handi bat espero da larunbaterako.

Mobilizazio politikoek eta kriminalizazioak krisi politikoa dakartenean


550.000 eta 800.000 mila artean. Orain arte, datu hori eman da iragan asteburuan bizitzaren garestitzearen aurkako protestetan zenbat herritarrek parte hartu zuten neurtzeko. Frantzian ohikoa den bezala, jendetsuenak ez ziren garaiz egindako deialdi zentralizatuak izan. Haatik, langile- eta ikasle-masa zabalek bat-bateko erantzuna eman, eta ehunka milaka lagun elkartu ziren estatu osoan barrena.

Macron presidenteak, ordea, "muturreko ezker antolatuari" egotzi dio protesten antolaketaren ardura. Gainera, mobilizazioek Errepublika "suntsitu" nahi dutenaz mintzo da. Antzeko adierazpenak egin dituzte azken egunotan, besteak beste, Marie Le Pen (Rassemblent National) edota Gérald Darmanin justizia ministroak ere. Lecornu lehen ministroa "altxamendu saiakeraz" aritu da, eta gobernuaren bozeramaile Maud Bregeonek (Renaissaince), zuzenean, protesten atzean "zaborra" dagoela adierazi du. Horretaz gain, Macronek asteburuko mobilizazioak La France Insoumise (LFI) alderdi politikoarekin lotu ditu, eta Gérard Larcher Frantziako Senatuko presidenteak zera adierazi zuen: hala bada, LFI protesten atzean balego, alderdi politiko hori desegitea aztertu beharko litzatekeela.

Horrez gain, Mediapart hedabideak publiko egin zuen herenegun Poliziako buruzagi batek beste hainbat agenterekin izandako elkarrizketa. Solasaldi horretan, agentea kexu zen inteligentzia-zerbitzuak agenteei eskatzen ari omen direlako LFI protesten atzean dagoela idazteko. Filtrazioak krisi politikoa eragin du, eta Lecornu zein Darmanin kritikaren erdigunean daude. Ez da atzoko kontua: asteburutik, ordena eta jabetza pribatua babesteko "gaitasun-eza" leporatu diote gobernuari gainontzeko hautetsiek. Presio horren eraginez, Nuñez Barne ministroak dimisioa aurkeztu zuen asteburuan, baina Macronek ez zuen onartu.

Hori dela eta, Jean-Luc Mélenchon LFIko liderrak adierazpenok zein gertakariok gaitzetsi ditu azken hiru egunotan, difamatzen ahalegintzea leporatu dio Lecornuri, eta mobilizazioak babesteko deia luzatu du. Dena dela, "moderazioz" eta "lasai" aritzeko galdegin du Mélenchonek, eta adierazi du "gure borrokak ez duela zerikusirik arpilatzeekin", mobilizazioetan aritu zirenen artean batasuna desegiteko asmoz.

Frantziako kaleetan eta sare sozialetan, eztabaida eta eskandalu parlamentarioetatik harago, geroz eta herritar gehiago Zuzenbide Estatua desegiten ari direnaz mintzo dira; eta, horrenbestez, biztanleriaren zati bati zenbait eskubide eta askatasun politiko bermatzen zizkien errejimenaren amaieraz. Hala, "Estatu autoritario" bat eraikitzen ari direla diote manifestari eta herritar ugarik, baita azken egunotako erreakzio politikoek norabide horretan seinalatzen dutela ere: berme demokratikoak errepresio bidez ari dira ezabatzen. Alabaina, langile-klaseak hautua egin du, eta bizitzaren garestitzea eta indarkeria poliziala grebekin eta kaleko mobilizazioekin borrokatuko ditu.