ACTUALIDAD / Centros socialistas
Zumaiako Etxape Zentro Sozialista egonkortzea lortu du Urola Kostako Kontseilu Sozialistak
Azaroan eman zuten Zentro Sozialistaren irekieraren berri; Eroski da espazioaren legezko jabea. Hainbat astez luzatu den negoziaketan horretarako baldintzak borrokatu ostean, Etxape egonkortu dute Kontseilu Sozialistako kideek: erabilera haien esku geratzea lortu dute, baita Eroskik jarritako salaketa kentzea eta, horrela, desalojo-prozesua geratzea ere.
2022eko abenduaren 15
Zumaiako Etxape Zentro Sozialista egonkortzea lortu du Urola Kostako Kontseilu Sozialistak

Urola Kostako Kontseilu Sozialistako kideek azaroaren 8an jakinarazi zuten Zentro Sozialista bat ireki zutela Zumaian (Gipuzkoa): Etxape Zentro Sozialista. Espazio horren bidez, besteak beste, "proletalgoaren autodefentsarako tresnak sortzea eta indartzea" zen haien asmoa, Etxapen "autodefentsa eta aholkularitza laboralerako bulegoak, oinarrizko produktuen bilketak, formakuntza politikoa sustatzeko espazioak" eta abar martxan jarrita. Dena den, Eroski da Kontseilu Sozialistak birjabetutako espazioaren legezko jabea, eta salaketa bat aurkeztu zuen enpresak, usurpazioa egotzita. Orduan hasi zen poliziaren jazarpen itogarria, Urola Kostako kideek egun horietan salatu zutenez.

Etxaperen irekieraren berri eman eta bi egunera, Elorriora (Bizkaia) joan ziren Kontseilu Sozialistako hainbat kide, Eroskiren egoitza nagusira. Enpresako zuzendaritzaren ordezkaritzarekin hitzordu bat jartzea lortu zuten hala, eta orduan hasi zen negoziaketa. Zentro Sozialista egonkortzeko baldintzak borrokatu ditu Kontseilu Sozialistak elkarrizketa horietan, eta, gaur azaldu duenez, lortu du jada: Etxape egonkortzeko baldintzak eskuratu ditu, eta, beraz, Urola Kostan "proletalgoaren antolakuntza independentea bultzatzeko espazio berri bat irekitzea" lortu du.


Momentuz baldintza horiek eskuratu dituzten arren, Kontseilu Sozialistak adierazi du "antolakuntzaren bidez baino ez dela bermatuko" Etxaperen egonkortasuna. Aurreko asteetan Zentroa egokitzeko lanetan aritu dira, eta horretan jarraituko dute aurrerantzean. Gainera, espazioan martxan jarriko dituzten proiektuak aurkeztuko dituzte pixkanaka.

🔴 Lortu dugu Zumaian Etxape Zentro Sozialista egonkortzea.

Proletalgoaren antolakuntza independentea bultzatzeko espazio berri bat irekitzea lortu dugu. pic.twitter.com/45znD3WKjy

— Kontseilu Sozialista Urola Kosta (@Kontseilua_UrKo) December 15, 2022