Urola Kostako Kontseilu Sozialistako kideek azaroaren 8an jakinarazi zuten Zentro Sozialista bat ireki zutela Zumaian (Gipuzkoa): Etxape Zentro Sozialista. Espazio horren bidez, besteak beste, "proletalgoaren autodefentsarako tresnak sortzea eta indartzea" zen haien asmoa, Etxapen "autodefentsa eta aholkularitza laboralerako bulegoak, oinarrizko produktuen bilketak, formakuntza politikoa sustatzeko espazioak" eta abar martxan jarrita. Dena den, Eroski da Kontseilu Sozialistak birjabetutako espazioaren legezko jabea, eta salaketa bat aurkeztu zuen enpresak, usurpazioa egotzita. Orduan hasi zen poliziaren jazarpen itogarria, Urola Kostako kideek egun horietan salatu zutenez.
Etxaperen irekieraren berri eman eta bi egunera, Elorriora (Bizkaia) joan ziren Kontseilu Sozialistako hainbat kide, Eroskiren egoitza nagusira. Enpresako zuzendaritzaren ordezkaritzarekin hitzordu bat jartzea lortu zuten hala, eta orduan hasi zen negoziaketa. Zentro Sozialista egonkortzeko baldintzak borrokatu ditu Kontseilu Sozialistak elkarrizketa horietan, eta, gaur azaldu duenez, lortu du jada: Etxape egonkortzeko baldintzak eskuratu ditu, eta, beraz, Urola Kostan "proletalgoaren antolakuntza independentea bultzatzeko espazio berri bat irekitzea" lortu du.
Besteak beste, bi eskari nagusi egin dituzte Urola Kostako Kontseilu Sozialistako kideek Eroskirekin izandako elkarrizketetan: batetik, eraikinaren erabilera Kontseilu Sozialistaren esku geratzea eta, bestetik, Eroskik jarritako salaketa kentzea, "hari lotutako kostu errepresiboak" ekiditeko eta "poliziaren presentzia itogarria" amaitzeko. Eta hala izan da: Eroskik baldintza horiek betetzea lortu dute, eta salaketa zela-eta martxan zen desalojo-prozesua geratu dute.
Momentuz baldintza horiek eskuratu dituzten arren, Kontseilu Sozialistak adierazi du "antolakuntzaren bidez baino ez dela bermatuko" Etxaperen egonkortasuna. Aurreko asteetan Zentroa egokitzeko lanetan aritu dira, eta horretan jarraituko dute aurrerantzean. Gainera, espazioan martxan jarriko dituzten proiektuak aurkeztuko dituzte pixkanaka.
đź”´ Lortu dugu Zumaian Etxape Zentro Sozialista egonkortzea.
— Kontseilu Sozialista Urola Kosta (@Kontseilua_UrKo) December 15, 2022
Proletalgoaren antolakuntza independentea bultzatzeko espazio berri bat irekitzea lortu dugu. pic.twitter.com/45znD3WKjy