Desalojoa atzeratu baldin bada ere, martxan da oraindik Gasteizko Zentro Sozialista husteko prozedura. Hala, Gasteizko Kontseilu Sozialistak eta Erraki Langile Kontrolpeko Espazioen Babes Sareak deituta, manifestazio jendetsua egin zuten atzo arratsaldean Arabako hiriburuan.
Langile kontrolpeko espazioen borrokari dagokionez, ikasturtea "gogor hasi" dela esan zuten deitzaileek manifestazio amaieran. Gogorarazi zuten, hala, irailaren 2an hustu zutela Errotxapeako Gaztetxea (Iruñerria, Nafarroa), eta gogoan izan zituzten desalojoan poliziek zauritutako, atxilotutako nahiz identifikatutako pertsonak. "Argi geratu zen burgesiak bere interesak defendatzeko dagoen polizia erabiliko duela gogortasun guztiarekin traba bat izan daitekeen proiektu baten kontra".
Klase borroka gorpuztuta
"Borrokan dagoen espazio bakoitzean, gizarte kapitalistan aurkitzen diren bi posizio antagonikoen arteko talka gorpuzten da. Jabetza pribatua eta jabetza eza. Espazioen merkantzia forma eta espazioen erabilpen balioa. Kontrol kapitalista eta langile kontrola. Azken finean, klase borroka bera", nabarmendu zuten Gasteizko Kontseilu Sozialistako eta Errakiko kideek: "Klase borrokan, bakerik ez dago. Gu borrokarako prest gaude".
Gogorarazi zuten, gainera, proletalgo iraultzaileak ez duela dirurik espazioak erosteko, eta "horiek indarrez hartzera behartuta" dagoela. "Espazioak behar ditugu antolatzeko. Gure interesen defentsan jardun ahal izateko. Langile boterea lurraldean hedatzeko. Estatu Sozialista gaurdanik eraikitzeko", azaldu zuten.
Horren adibide bat izango litzateke, hain justu, Gasteizko Zentro Sozialista: "Gasteizko Mugimendu Sozialistaren jarduna aurrera eramateko ezinbesteko espazioa da. Proletalgoaren babes mekanismoak gorpuzteko tokia, indarrak metatuz, iraultza sozialistaren iparrarekin".
Gaitasunak handitzeko premia
"Baina, dakigun bezala, espazioen gainean langile kontrola ezartzea eta mantentzea ez da erraza", ohartarazi zuten atzokoan manifestazioko deitzaileek: "Gizarte kapitalistaren oinarrian dago jabetza pribatua, eta burgesiak bere mekanismo guztiak erabiliko ditu hau babesteko. Ez digute ezer oparituko".
Nabarmendu zuten, beraz, "ezinbesteko eginbeharra" dela "gure espazioak defendatzeko ahalmena handitzea"; alegia, "jakintza lortzea, gaitasunak handitzea, elkartasuna saretzeko bide eraginkorrenak topatzea. Herri batean borrokan bakarrik dagoen taldetxo bat izatetik, Euskal Herri osoko langile kontrolpeko espazioen babesa eta bultzada duen proiektua izatera pasatzea. Azken finean, etsaiaren aurrean indar korrelazioa gure alde eramatea".
"Norabidea", izan ere, horixe dela nabarmendu zuten: "Kapitalaren bazterretan dauden espazio penagarrietan bizirauten egotetik, proletalgoaren mesedera egotera igaroko diren espazio egokiak kendu ahal izatea burgesiari, gutxiengo jabeduna den etsai horri berdintasunean eta unibertsaltasunean oinarritutako proiektua indarrez inposatu ahal izateko".