AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Gasteizko Kontseilu Sozialistaren eta Errakiren agerraldia Gasteizen.
2021/08/31 13:07

Arabako hiriburuan agerraldia egin dute gaur, abuztuaren 31n, Gasteizko (Araba) Kontseilu Sozialistaren eta Errakiren parte diren hainbat langile kontrolpeko espaziotako kideek. Modu horretan jakinarazi dute desalojo arriskuan dagoela Gasteizko Zentro Sozialista, eta jaso duten jakinarazpen ofizialaren xehetasunak plazaratu nahiz mobilizaziorako deia egin dute. Zehazki, huste agindua irailaren 15erako finkatuta dagoela jakinarazi dute.

Pasa den maiatzaren 29an eman zuen Gasteizko Kontseilu Sozialistak Zentro Sozialistaren berri. Arabako hiriburuko Monseñor Estenaga kaleko supermerkatu zahar bat da eraikina, eta bost urte zeramatzan hutsik. Orain, betearazpen hipotekario bat tarteko, "erabilerarik gabe egon den espazioa" Laboral Kutxarena izatera igaro da, eta, horrenbestez, Zentro Sozialista "desalojo arriskuan" dago gaur egun.

Mobilizazioa irailaren 12an

Desalojo mehatxuen aurrean "tinko" mantenduko direla adierazi dute gaurkoan, eta horren harira manifestazio batera deitu dute irailaren 12rako. Deialdiarekin bat egin dute, gainera, Erraki Langile Kontrolpeko Espazioen Babes Sarearen parte diren hainbat gunetako kideek.

Zentro Sozialistaren defentsa egiteko asmoa agertu dute agerraldian, besteak beste, espazioan aurrera eramaten den jarduna babestu nahi baitute, "proletalgoaren bizi-baldintzak hobetzea eta kontzientzia iraultzailea piztea helburu duten hainbat proiekturi tokia ematen baitie" guneak. Gaur egun, hainbat dira Zentro Sozialistak biltzen dituen proiektu eta jarduerak; hala nola, Etxebizitza Sindikatuaren elikagai eta altzairu biltegia, egokitzen ari diren emergentziazko etxebizitzak –etxegabetuak diren familientzat behin-behineko aterabide gisa erabiliko direnak–, eta, gainera, Mugimendu Sozialistaren jarduerarako plaza bilakatu da azken hilabeteetan, hamaika izan baitira zentroan egindako hitzaldi, asanblada, tailer, kontzertu eta formakuntza politikorako saioak.

Gasteizko Kontseilu Sozialistak eta Errakik horri guztiari eusteko hautua berretsi dute gaur, beraz: "Gure hautua kapitalismoak eragiten duen miseriazko egoerari aurre egitea da, eta hori soilik komunismoaren aldeko antolakuntza efektiboaren bitartez lor daiteke. Guretzat, benetako izaera soziala hori baita: gizartean ematen diren gaitzak eragiten dituen sistema politikoa errotik aldatzeko lan egitea; etekin ekonomikoaren arabera jardun ordez, proletalgoaren eta, ondorioz, gizadiaren beharren arabera jardutea".

Negoziazio eskaera Laboral Kutxari 

Era berean, Laboral Kutxari eskatu diote desalojo prozesuan atzera egiteko, eta eurekin "espazioaren erabilerarako" baldintzak negoziatzeko. Izan ere, Laboral Kutxa banketxearen "interes ekonomikoak" seinalatu dituzte gaurko prentsaurrekoan, "zeinak nahiz eta bere izaera sozialaren apologia etengabea egiten duen, aurreko jabeak behea jo izana aprobetxatu eta espazioaren gaineko eskubidea zorraren kobrantza gisara lortu duen". Horrekiko aurkakotasunean kokatu dute Gasteizko Mugimendu Sozialistaren interes politikoa, "zeina espazioa goitik behera berritzen eta proletalgoaren antolakuntza independentearentzat erabilgarri izango den gune bihurtzen ari den".

Auzia, beraz, interes desberdinen eta espazioa ulertzeko modu desberdinen arteko "talka" gisa ulertzen dute Gasteizko Kontseilu Sozialistak eta Errakik: "Gizarte kapitalistan aurkitzen diren bi posizio antagonikoren emaitza da hau. Alde batetik, jabetza pribatua, eta, bestetik, espazioen sozializazioa; alde batetik, espazioen merkantzia-forma, eta, bestetik, espazioen erabilera balioa; alde batetik, kontrol kapitalista, eta, bestetik langile kontrola", horrela sakondu dute agerraldian.

Errotxapeako Gaztetxeari elkartasuna

Gasteizko Zentro Sozialista ez da une honetan desalojo arriskuan dagoen gune bakarra, dena den, eta gaurko agerraldian gogoan izan dute irailaren 2an hustekoa den Errotxapeako Gaztetxea: "Gure elkartasun beroena Errotxapeako kideei, datorren ostegunean gaztetxearen desalojoari aurre egin beharko baitiote. Zuekin gaude!".

EZ DAGO IRUZKINIK