ACTUALIDAD / Régimen salarial
Uztailaren 7an sartuko da indarrean Tubacexeko lan-erregulazioa
430 langileri eragingo die espedienteak, eta langile-batzordearekin akordiorik lortu gabe inposatuko du neurria enpresako zuzendaritzak.
2026eko uztailaren 2 - 09:24
Uztailaren 7an sartuko da indarrean Tubacexeko lan-erregulazioa
— ARGAZKIA Luis Jauregialtzo

Zortzi hilabeteko iraupena izango duen lan-erregulazioko espediente bat sartuko du indarrean Tubacexek. Bukatu da neurriari buruzko kontsulta-aldia, eta nahiz eta ez dagoen akordiorik langile-batzordearen eta zuzendaritzaren artean, aldi baterako espedientea ezarriko du azken horrek. Hurrengo asteartetik aurrera egongo da martxan Laudioko (Araba) Tubos Inoxidables eta Amurrioko (Araba) Aceralava lantegietan, eta 430 behargini eragingo die guztira.

Aldi baterako espedientea tarteko, 2027ko otsailera bitartean, jarduera 95 egunez etengo dute bi lantokietan. Ormuzko itsasartearen egoera eta horrek salmentetan eragin omen duen beherakada hartu ditu argudiotzat enpresak, baina ELA sindikatuak ekainaren bukaeran seinalatu zuen enpresa ez dela gai izan "arrazoiak modu argian egiaztatzeko". 2025ean, enpresako zuzendaritzak "dibidendutan 6 milioi banatu" zituela ekarri du gogora ELAk, gainera. Erantzuna prestatzen ari dira bera eta LAB sindikatua, EITBk jakinarazi duenez.