Zortzi hilabeteko iraupena izango duen lan-erregulazioko espediente bat sartuko du indarrean Tubacexek. Bukatu da neurriari buruzko kontsulta-aldia, eta nahiz eta ez dagoen akordiorik langile-batzordearen eta zuzendaritzaren artean, aldi baterako espedientea ezarriko du azken horrek. Hurrengo asteartetik aurrera egongo da martxan Laudioko (Araba) Tubos Inoxidables eta Amurrioko (Araba) Aceralava lantegietan, eta 430 behargini eragingo die guztira.
Aldi baterako espedientea tarteko, 2027ko otsailera bitartean, jarduera 95 egunez etengo dute bi lantokietan. Ormuzko itsasartearen egoera eta horrek salmentetan eragin omen duen beherakada hartu ditu argudiotzat enpresak, baina ELA sindikatuak ekainaren bukaeran seinalatu zuen enpresa ez dela gai izan "arrazoiak modu argian egiaztatzeko". 2025ean, enpresako zuzendaritzak "dibidendutan 6 milioi banatu" zituela ekarri du gogora ELAk, gainera. Erantzuna prestatzen ari dira bera eta LAB sindikatua, EITBk jakinarazi duenez.