Ir al contenido
ACTUALIDAD / Régimen salarial

60 kaleratzeei eusten die Sestaoko Vicinayko zuzendaritzak, eta mobilizazioekin jarraitzen du plantillak

Kaleratu nahi dituen beharginen zerrenda aurkeztu du jada enpresak, xantaia modura. Murrizketen kontrako manifestazio bat egin zuten langileek aurreko ostiralean.
2026eko azaroaren 16 - 08:03
60 kaleratzeei eusten die Sestaoko Vicinayko zuzendaritzak, eta mobilizazioekin jarraitzen du plantillak
— ARGAZKIA EITB

ACTUALIDAD

Aurreko astean hasi zen Sestaoko Vicinay enpresak ezarri nahi dituen murrizketei buruzko kontsulta-aldia: astelehenean bildu ziren zuzendaritza eta langile-batzordea. Badirudi, dena den, iragarritako asmoei eusten diela zuzendaritzak, plantillaren ia erdia (128 langileetatik 60) kaleratzeko eta gainerakoei aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente bat aplikatzeko nahia berretsi baitzuen bileran. Are: Juanjo Basterra kazetariak seinalatu duenez, kaleratu nahi dituen langileen zerrenda aurkeztu du jada enpresak, xantaia gisa.

Zuzendaritzak neurri horiek ezartzeko aurkeztutako dokumentazioa aztertuko duela jakinarazi du langile-batzordeak, eta salatu du enpresak urte luzez egindako kudeaketa okerraren ondorio dela gaur egungo egoera; ikusteke daude hurrengo urratsak. Oraingoz, neurriei ezetz esaten eta mobilizatzen segitzen du plantillak: aurreko ostiralean, manifestazio bat egin zuten Sestaoko kaleetan, 08:30ean hasi eta 12:00etara arte. 

Vicinay 2025eko udan sartu zen enpresa hartzekodunen konkurtsoan, baina erreskate bat jarri zuten martxan urtebete beranduago: Dámaso Quintanaren Velora taldeak eskuratu zuen konpainia, Eusko Jaurlaritzaren eta Ekarpen funtsaren (Mondragon taldea, Kutxabank, diputazioak eta abar dituzte loturak) finantza-babesarekin.