Atzo goizean, Gernikako (Bizkaia) Gaztetxeari eraso zion bertako udalak (Guztiontzako herria): prozesu judizialik gabe eta aurretiazko abisurik eman gabe, Gaztetxera bertaratu eta ateko sarraila aldatu zuen, ilegalki. Hainbat eta hainbat gazte hurbildu ziren erasoari erantzunez, eta horri esker, udaltzainak botatzea eta Gaztetxea berreskuratzea lortu zuten.
Agerraldi jendetsu bat egin zuen arratsaldean Egurre Gazte Asanbladak, gertatutakoa azaltzeko eta erasoa salatzeko. Azaldu zuen goizean gertatutakoak erakusten duela arriskuan dagoela Gaztetxea, eta "udalaren partetik hori aurrera ateratzeko asmo bat dagoela, modu ilegal batean bada ere". "Instituzio kapitalistek euren lege propioak ere ez dituzte errespetatzen euren kontrolpetik kanpoko espazioei erasotzeko, beti ere indar polizialen laguntzarekin", gaineratu zuten asanbladako kideek.

Udalak bertan liburutegi bat egiteko asmoa du
Testuinguruan jarri dutenez, Gaztetxea dagoen Pasealekuan liburutegi bat egiteko asmoa erakutsi du udalak, eta proiektuarekin aurrerapausoak eman ditu azkenaldian: berriki hainbat komunikabidetan argitaratu dute uztailean hasi nahi duela obrekin. Egurre Gazte Asanbladak atzo jakinarazi zuen Jose Maria Gorroño alkatearekin bildu direla aterabide bat lortzen saiatzeko, baina bere erantzuna izan dela "argipenik ez ematea" eta "gaia desbideratzea". "Orduan zertara datoz gaurko praktika hauek?", galdegin dute asanbladatik: "Ez dugu baimenduko modu honetan espazio honetatik kanporatzea, eta hala erakutsi dugu gaur ere".
"Guk hasieratik erakutsi dugu negoziazio eta elkarrizketarako borondatea, gainera, egoerarekiko konponbideak aurkeztu ditugu: Bekoibarrako eraikinak liburutegi bihurtzea edo Pasealekuaren etorkizunaren inguruko hausnarketa bat abiatzea, esaterako", adierazi dute gazteek. Dena den, udalak "horretarako aukerak zapuztu" dituela eta "momentuz errealki erakusten ari den asmo bakarra" Gaztetxea desalojatzea dela seinalatu du Egurrek.
Gogorarazi du "gazte-belaunaldien antolakuntza politikoa sustatzeko eta beste kultur- eta aisialdi-eredu bat bultzatzeko" asmoz hartu zutela Gaztetxea duela urtebete, eta ez dela "kasualitatea" horren ostean "alderdi politiko instituzionalen eskutik liburutegiaren proiektua arindu izana, urte luzez geldirik egon ondoren". Gazte Asanbladak irmoki esan du Gaztetxea defendatuko duela, eta borrokara batzeko deia luzatu zuen atzoko agerraldian.
Pasealeku Eguna aurreko ostiralean
Egurrek gaineratu zuen "bizirik dagoen Pasealeku baten alde" egiten duela eta liburutegia eraikitzeko proiektuak herriko hainbat kolektibori eragiten diela, Gaztetxeaz gain. Aurreko ostiralerako, ekainaren 12rako, Pasealeku Eguna antolatu zuten elkarrekin: arratsaldeko 18:00etan hasita dantzak, bertsoak, umeen txokoa, kirol-ikuskizunak, musika-emanaldiak eta beste izan ziren.
