Aurreko larunbatean, Espainiako Polizia ez zen Subegi Gaztetxean zeuden gazteen kontra bakarrik oldartu Errotxapean (Iruñerria, Nafarroa): gertatzen ari zena grabatu zuten bizilagun ugarik, eta haien aurka ere jo zuten poliziek arrazoi horregatik. Hainbat bizilagunek azaldu dutenez, haietako batzuen etxeetara igo ziren agenteak, interbentzio poliziala grabatzeagatik 10.000 eurorainoko isunak jarriko zizkietela esanez.
Bizilagun horiei atea irekitzeko mehatxuak egin zizkien Poliziak. Identifikatzen ez baziren ere "non bizi diren badakitela" adierazi zieten, eta berdin-berdin iritsiko zaizkiela isunak, interbentzio poliziala grabatzeagatik. Asko izan ziren larunbateko gertakariak grabatu eta protesta egin zuten bizilagunak: Espainiako Polizia ostikadaka eta mailukadaka sartu zen Subegi Gaztetxera, dozenaka gazte atxiki zituen eta lau atxilotu zituen, eskuburdinekin lotu ondoren.
Ilegala izan zen Espainiako Poliziak gauzatutako desalojoa. Auzoko gazteek asteak zeramatzaten birjabetutako espazioa txukuntzen eta atontzen, eta prozesu judiziala oraindik ere irekita egon arren, atea indarrez bota eta Gaztetxea desalojatu zuen Poliziak.