"Berriz ere gure kideak epaile aurrean. Berriz ere gure proiektua kolokan", salatu zuten atzo Portugaleteko (Bizkaia) Sastraka Gaztetxetik. Izan ere, maiatzaren 25ean, Gaztetxearen kontrako beste epaiketa bat izan zen Barakaldon (Bizkaia). Epaituei babesa emateko, mobilizazio-deialdi bat egin zuten Sastrakako kideek: eguerdiko 13:15ean bildu ziren Barakaldoko epaitegien parean. "Beste behin babesa eta elkartasuna adieraziko diegu epaitegiaren ateetan", zioten.
Duela sei urte, 2020an, urte luzez abandonaturik egondako eraikin bat (Karmengo Ama ikastetxea) okupatu eta Sastraka Gaztetxea jarri zuten martxan Portugaleten. Ordutik, eraikina eraberritzen jardun dute hainbat eta hainbat gaztek, eta "zentro politiko eta kultural" bilakatu dute, bertako kideek berriki azaldu dutenez. Gaur egun arriskuan dago ordea, Gaztetxearen kontrako prozesu judizial bat baitago martxan epaitegietan. Iazko azaroan beste epaiketa bat izan zuten jada; bederatzi lagun epaitu zituzten orduan.