ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/07/09 11:04

Ertzaintzak apirilaren 3an larriki zauritu zuen Iker Arana, Bilboko (Bizkaia) Etxarri II Gaztetxearen desalojo-prozesuan, eta barrabil bat galdu zuen zaurien ondorioz. Hiru hilabete beranduago aurkeztu dute Justizia Aranarentzat izeneko elkartasun-plataforma berria, Justizia Jauregiaren aurrean egindako agerraldi baten bidez. "Plataforma honen helburua kasuari oihartzuna ematea, Poliziaren bortizkeria salatzea eta Ikerrentzat justizia exijitzea da", azaldu dute bertan bildu diren kideek. Arana bera ere izan da bertan.

Duela egun gutxi atera da argitara badakitela nor den iralarra zauritu zuen ertzaina, antza denez, biktimak froga modura aurkeztutako grabazioei esker.

Ertzaintzaren bortizkeriaren eta inpunitatearen erakusle

"Kasu honek agerian uzten ditu Ertzaintzaren bortizkeria eta inpunitatea, baita Poliziaren izaera errepresiboa ere", adierazi dute plataformatik gaurkoan: "Ez da Ertzaintzaren jardunaren ondorioz horrelako kasu bat gertatzen den lehen aldia. Bilbon oso gertutik bizi izan genuen Iñigo Cabacasen hilketa". Gogorarazi dute, gainera, aurtengo apirilaren 3an bertan, "gutxienez beste bi pertsona zauritu zituela Poliziak eta beste lau atxilotu zituela". 

"Polizia ez dago herritarrak zaintzeko, boteretsuen klase-pribilegioak babesteko baizik: Polizia eta kapitalismoa banaezinak dira. Horrela ikusten dugu familiak etxegabetzen, Gaztetxeak desalojatzen edo manifestariak erreprimitzen dituzten aldiro", gaineratu dute. Hortaz, beharrezkotzat jo dute "Poliziaren abusuei eta inpunitateari" aurre egitea.

Hiru aldarri konkretu

Justizia Aranarentzat plataformako kideen esanetan, "gure esku dagoen guztia egingo dugu kasu honetan inpunitatea gailendu ez dadin". "Kasua argitzea eta erantzukizun guztiak azaleratzea" exijitzen dute; eta, "Poliziaren berezko izaera salatzearekin batera", hiru aldarri zehatz egin dituzte, "Ikerrena bezalako kasu gehiago gertatu ez daitezen".

Lehenik, "foam balak eta eskopetak debekatzea" eskatzen dute. "Kasu honetan eta beste askotan frogatuta gelditu da arma horiek zauri atzeraezinak eragin eta pertsonen integritatea arriskuan jartzen dutela", seinalatu dutenez.

Bigarrenik, "polizien identifikagarritasuna bermatzea" dute aldarri; uste baitute, "edozein jardunetan ari direla ere, poliziak eta haien arduradunak une oro erraz identifikatzeko baldintzak bermatu behar" liratekeela, "abusu kasuetan inplikatutako agenteei buruzko informazioa ezkutatzea ekiditeko".

Eta, azkenik, brigada mugikorraren desegitea exijitzen dute. Izan ere, salatu dutenez, "protesten aurka kargak eragiteaz eta manifestarien kontrako biolentzia erabiltzeaz arduratzen" diren polizia horiek, "protestarako eskubidea urratzeaz gain, pertsonentzako arrisku larria eragiten dute, hainbat aldiz ikusi dugun bezala". Iritzi diote, hala, brigada mugikorraren modukoek "are gehiago handitzen" dutela "Ikerrena bezalako kasuak errepikatzeko aukera".

Erantzuna kaleetan

Behin plataforma aurkeztuta, Justizia Aranarentzat plataformak nabarmendu du "mobilizazio soziala" ezinbestekoa dela "Poliziaren abusuen eta inpunitatearen aurka". "Estatuaren instituzioek Polizia babestu eta bere abusuak estaltzen dituzte", ohartarazi du: "Borrokaren eta antolakuntzaren bitartez baino ezingo dugu lortu Ikerrentzat justizia egitea, kasua zigorgabe ez gelditzea, eta etorkizunean inork antzeko erasorik pairatu behar ez izatea".

NO HAY COMENTARIOS