Aurreko larunbatean, apirilaren 25ean, dozenaka gazte Errotxapeko (Iruñerria, Nafarroa) Subegi Gaztetxea txukuntzeko lanetan ari zirenean, oldarka bertaratu zen Espainiako Polizia. Atea indarrez bota zuen, ostikadaka eta mailukadaka, eta barruan zeuden gazteak inguratu zituen. Atxikirik eduki zituzten eta auzolanean ari ziren lau pertsona atxilo eraman zituzten komisariara, eskuburdinekin loturik.
Iturri polizialek eta hainbat komunikabidek adierazi duten arren "lokala okupatu eta ordu gutxira" izan zela desalojoa, informazio hori gezurtatu du Arriaskok, Errotxapeko Gazte Langileen Asanbladak: asteak ziren jada lokala zabalik zegoela eta hura txukuntzen eta egokitzen ari zirela.
Gainera, egunean bertan jakinarazi zuten modura, legez kontrakoa izan zen Espainiako Poliziak egindako desalojoa. Auzi judiziala oraindik ere epaitegietan martxan zegoenean eta desalojo-agindu finkorik egon gabe bertaratu zen Polizia Subegira: atea bota, espaziora sartu eta barruan zegoen jendea kanporatu edo atxilotu zuen; eta, gero, Leache enpresarekin batera, sarbidea itxi zuen. Ilegalak izan ziren hustea eta horri lotutako interbentzio guztiak.
Arriaskok aurreko egunean, ostiralean, jendaurrean aurkeztu zuen aste batzuk lehenago irekitako Gaztetxe berria. Errotxapean bost urte daramatzate Gaztetxerik gabe, eta "gazteak elkartzeko, formatzeko eta kapitalismoaren logikatik kanpo antolatzeko proiektu" gisa aurkeztu zuten Subegi. Noticias de Navarra-k berak larunbatean zehaztu zuenez, Elizaren jabetzakoa da auzoko gazteek Gaztetxe bilakatzeko birjabetutako espazioa.