Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) eta Eusko Jaurlaritzak 2017an argitaratutako lan batek (Euskadin gertatutako tortura eta tratu txarrak ikertzeko proiektua, 1960-2014) argi utzi zuen torturak estatu-tresna gisa duen irismena, urte horietan estatu-indarrek modu sistematikoan emandako tratu txarren nondik norakoak jaso baitzituen. Paco Etxeberria mediku ezagunak gidatutako taldeak, guztira, 4.113 kasu dokumentatu zituen 1960 eta 2014 artean, zentsu ofizial batean bilduta. Erregistro horrek 3.415 biktima ordezkatzen ditu, %17k behin baino gehiagotan jasan baitzituzten torturak edo tratu txarrak. 26.000 dokumentu baino gehiagoko artxibo batean eta bideoz grabatutako milaka testigantzatan oinarritzen da lana, eta orain arte auziaren inguruan EAEn egindako bilketarik handiena da.
Ikerketak datu esanguratsu batekin apurtzen du tortura diktadura frankistara mugatzen delako sinesmena: erregistratutako kasuen %26,4 (1.081) bakarrik dira diktadura garaikoak eta "Trantsizioaren" lehen urteetakoak (1978ra arte). Aldiz, kasuen gehiengo zabala gertatu dira "demokrazia" garaian eta Konstituzioa onartu ondoren. Istanbuleko Protokoloaren bidez sakon aztertutako laginean, kasuen %76 dira 1978aren ostekoak, eta intzidentzia bereziki altua izan zen 80ko hamarkadan (laginaren %35) eta 2000tik aurrera (laginaren %31). Horrek erakusten du torturen mekanismoak iraun egin duela estatu-egituretan hamarkada luzez.
Torturatu duten indar polizialei dagokienez, Istanbuleko Protokoloa aplikatu den kasuetan, salaketen %38 egozten zaizkio Guardia Zibilari, %30,7 Espainiako Poliziari eta %9,9 Ertzaintzari. Metodologian bilakaera estatistiko bat ikusi da, dena den: 90eko hamarkadara arte ohikoak ziren marka fisiko nabarmenak uzten zituzten metodoak (bainuontzia edo elektrizitatea), baina ondoren, "tortura garbia" deiturikoa nagusitu zen, markak ezkutatzeko asmoz. Poltsa bidezko itolarria eragitea, jarrera fisiko behartu batzuetan denbora luzez egon behar izatea eta mehatxuak dira horren adibide. Biktimek, batez beste, ia bost egun eman zituzten inkomunikazio-egoeran.
Salatutako torturen egiazkotasuna neurtu nahi izan dute behin eta berriz, gainera, eta, horretarako, nazioartean onartutako Istanbuleko Protokoloa aplikatu zaie 202 biktimari. Emaitzak argiak dira: kasuen %95,5etan koherentzia-maila "sendoa" topatu dute biktimaren kontakizunaren eta peritu-ondorioen artean (%48,5etan sendoa, %41,1etan oso sendoa, eta %5,9tan erabatekoa). Datu horiek, ordea, talka egiten dute ondorengo errealitate judizialarekin: milaka kasu dokumentatu dituzten arren, Espainiako Auzitegi Gorenak 20 epai irmo baino ez ditu eman torturengatik 1979 eta 1992 artean, guztira 49 funtzionario zigortuz. Askotan indultatu dituzte torturatzaileak.
Aipatutako txostenak bestalde ohartarazten duenez, ikerketan parte hartu zuten biktimen artean, %15ek oraindik ere ondorio psikologiko larriak pairatzen dituzte, eta arreta espezializatua behar dute.