ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/11/28 13:18

Gaur goizean, elkarretaratze bat izan da Sukia enpresaren egoitza nagusian, Donostian (Gipuzkoa). Espekulatzaileen aurrean, Zentro Sozialistak defendatu lelopean, Donostiako Zentro Sozialistaren hustearen aurka egin dute protesta hainbat eta hainbat lagunek, eta Zentro Sozialisten defentsa aldarrikatu dute beste behin.

Kontzentrazioan, egoitzara sartzen eta Sukiako zuzendaritzari hainbat exijentzia helarazten saiatu dira zenbait lagun. Zehazki, Zentro Sozialistaren kontrako salaketa atzera bota dezala eta huste prozedura eten dezala exijitu nahi izan diote enpresari, eskaerak zuzenean eta aurrez aurre jakinarazita. Sukiaren erantzuna, ordea, segurtasun-pribatuko Polizia eta Ertzaintza bidaltzea izan da, eta indarrez itxi dute egoitzako sarrera.

Bista, ostiral honetan

Langile Kontrolpeko Espazioen Defentsa Komunitateak eta Donostiako Kontseilu Sozialistak aurreko astean jakinarazi zuten huste arriskuan dagoela hiri horretako Zentro Sozialista, aurrera egin baitu Sukiak jarritako salaketak. Ostiral honetarako, abenduaren 1erako, bista bat dago ezarrita Donostiako epaitegian, Zentro Sozialistaren aurkako prozedura judizialari lotuta.

Bista horren atarian, Sukia seinalatu dute Euskal Herriko hainbat txokotan; hala nola, enpresaren egoitzetan eta propaganda-tauletan. "Sukiak desalojatu egiten du", "Zentro Sozialistak aurrera" eta "Donostiako Zentro Sozialista defendatu" mezuak irakur daitezke han-hemen egindako pintaketetan, besteak beste.

Antolakuntza eta autodefentsa baliabide bat

Donostiako Kontseilu Sozialistak apirilean azaldu zuen eraikin bat birjabetu zuela Egia auzoan, Zentro Sozialista bilakatzeko. Aurreko astean gogorarazi zutenez, "proletalgoaren miseria egoera gainditzeko espazio gisa" aurkeztu zuten zentroa; "antolakuntza baliabide gisa eta proletalgoaren autodefentsa espazio gisa", hain zuzen ere.

Apiriletik hona, aholkularitza eta babesa emateko bulegoak ireki dituzte Zentroan Donostiako Etxebizitza Sindikatuak eta Laneko Autodefentsa Sareak, eta elkartzeko eta jardun publikorako gune bat bihurtu da espazioa hainbat antolakunde politikorentzat. Gainera, "diruaren logika baztertzailetik kanpo", doako zerbitzuak eskaintzen dituzte bertan, eta hainbat proiektu sozial ahalbidetzen ditu Langile Kontrolpeko Espazioak; esaterako, arropa banaketak egiten ditu bertan Hiritarron Harrera Sareak.

NO HAY COMENTARIOS