AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/04/03 20:35

Gipuzkoako hiriburuak ere badu Zentro Sozialista. Donostiako Kontseilu Sozialistak gaur eman du irekieraren berri: duela zenbait hilabete birjabetu zuen eraikin bat Egia auzoko Mundaiz pasealekuan, eta ordutik erabili du espazioa. Sukia eraikuntza enpresa da eraikinaren legezko jabea, baina "urte mordoa daramatza hutsik", Kontseilu Sozialistako kideek jakinarazi dutenez: "Beste eraikin askoren moduan, hutsik eta erabilerarik gabe mantendu dute, irabazi erraldoiak emango lituzkeen negozio baten zain".

Orain, Zentro Sozialista bilakatuta, "proletalgoaren autodefentsarako tresna gehiago sortzeko eta indartzeko" baliatuko dute espazioa, "proletalgoak antolakuntzarako gaitasuna metatzea eta klase independentzia ardatz duen estrategia politikoa hauspotzea" helburu izanda. Donostiako Kontseilu Sozialistak "ezinbestekotzat" jo du "proletalgoaren antolakuntza independentea defendatzea", indarrean den "eraso ekonomiko zein politikoari" eta "bizi-baldintzen eta askatasun politikoen pobretze orokortuari aurre egiteko".

Donostian ere, norabide horretan, "hainbat borroka eta tresna" abiatu ditu Mugimendu Sozialistak: "beren soldata ordaintzen ez zieten hainbat langileri lagundu dien eta Hedonai estetika zentroan lan-baldintzak defendatu dituen Laneko Autodefentsa Sarea, Amarako etxegabetze saiakera baten aurka borrokan eta maizter askori etxebizitza arazoekin laguntzen ari den Etxebizitza Sindikatua, festetako indarkeria matxista kasuen aurka protokoloak zein etxeratze kolektiboak antolatzen eta sektore ezberdinetako garbitzaileen baldintzen alde borrokan ari den Itaia Emakume Langileon Antolakunde Sozialista, gazteak auzoz auzo zein ikasleak ikastetxez ikastetxe haien bizi-baldintzak defendatzeko eta jardun politikoaren alde antolatzeko lanean ari diren Gazte Koordinadora Sozialista eta Ikasle Abertzaleak...". Horiei guztiei bultzada eman eta tresna berriak jarri nahi dituzte martxan, beraz, Zentro Sozialistaren bidez.

Badira zenbait hilabete Zentro Sozialista erabiltzen dela, eta Donostiako Kontseilu Sozialistak hainbat ekimen antolatu ditu datozen egunetarako; hala nola, lan-egunak, hitzaldiak, kontzertuak eta otorduak.

Goierrin eta Urola Kostan ere, Zentro Sozialista berriak

Donostiatik gertu, Beasainen (Gipuzkoa) eta Zumaian (Gipuzkoa), duela gutxi ireki dituzte Goierriko eta Urola Kostako Zentro Sozialistak, hurrenez hurren. Beasainen martxoko azken asteburuan aurkeztu zuten espazioa jendaurrean, eta Zumaian, berriz, ostegun honetan izango da Etxape Zentro Sozialistaren aurkezpen saioa. Iazko azaroan birjabetu zuten lokala.

EZ DAGO IRUZKINIK