Gazte Topagune Sozialistaren hirugarren eguna da gaur. Hitzaldien ondotik Lekarozko aparkalekuan bazkari erraldoi bat egin eta gero, Elizondora itzuli dira Topagunean batu diren milaka gazteak: 4.500 lagun inguru bildu dira egun hauetan zehar, 2024ko edizioan baino 1.000 gehiago. Gaur, egitarauaren barruan, faxismoaren eta estatu-autoritarismoaren kontrako manifestazio bat egin dute 17:30ean, Sutegitik abiatuta. Elizondoko kaleak zeharkatu ondoren, Gune Nagusian amaitu da ibilbidea, eta hitza hartu dute bertan Gazte Koordinadora Sozialistako (GKS) Aroa Arrizubietak eta Ikasle Antolakunde Sozialistako (IAS) Jon Arrondok. Topagunearen garrantzia azpimarratuz ekin diote hitz-hartzeari.
"Euskal Herri osotik etorri gara milaka militante eta gazte iraultzaile sozialismoaren bidean urrats bat gehiago egiteko. Egunotan mezu argi bat bidali diegu Euskal Herriari eta mugaz gaindikoei: koordenatu sozialistetan borroka-komunitate bat eraikitzen ari gara hemen, militantziaren eguneroko konpromisoan eta diziplinan oinarritua. Eraikitzen ari garen mugimendu hau izango da faxismoaren eta ideologia erreakzionarioen aurkako benetako euste-horma, baita alderdi sozialdemokraten aurrean langile-klasearen beharrizanak borrokatzeko prest agertuko dena ere", azaldu dute.
"Eraikitzen ari garen mugimendu hau izango da faxismoaren eta ideologia erreakzionarioen aurkako benetako euste-horma, baita alderdi sozialdemokraten aurrean langile-klasearen beharrizanak borrokatzeko prest agertuko dena ere"
Gaur egungo testuinguruari erreparatuta, "langileriaren pobretze etengabea, gerra inperialistak, estatuen militarizazioa, autoritarismoaren gorakada, ekosistemen suntsiketa basatia, faxismoaren hedatzea eta ideologia erreakzionarioen normalizazioa" nabarmendu dituzte. "Horra garamatzate elite ekonomiko eta agintariek, bai eta agenda hori erosi duten alderdi politiko guztiek ere".
Ortzimuga: Alderdi Komunista eta Estatu Sozialista
Horri guztiari aurre egiteko, zerumuga argi bat markatu dute: "Nazioarteko langileon Estatu Sozialista beharrezkoa da. Eta, horretarako, Europa mailako Alderdi Komunista berreraiki behar dugu. Orain urruna dirudien ortzimuga estrategiko horri esker soilik gauzatu ahalko dugu borroka-bideorri sozialista bat, eta horri esker ekidingo dugu erreformismoaren kale itsuan erortzea". Eta gaineratu dute: "Ez dugu langile-klasea albo batera uzten duen programarik onartuko, ez dugu langile-klasearen sektore baten ongizatea beste baten bizkarrera eraikitzen duen proposamenik onartuko, ez dugu ogi-birrinen politikarik onartuko. Langileon Estatu Sozialista eraikiko duen ziklo iraultzailea berrabiarazteko unea da, eta gu, norabide horretan borroka egiteko prest gaude".
"Langileon Estatu Sozialista eraikiko duen ziklo iraultzailea berrabiarazteko unea da, eta gu, norabide horretan borroka egiteko prest gaude"
Faxismoa ez da ezerezetik sortzen
Gaurko mobilizazioko leloari helduta, GKSk eta IASk seinalatu dute "faxismoa kapitalismoaren aurpegi gordinena" dela, eta ez dela "ezerezetik sortzen": "Krisi garaiotan oligarkiari funtzionala zaio, eta faxismoa indartzeko eta normalizatzeko inbertsio politiko eta ekonomikoaz gain, inbertsio mediatikoa ere erabatekoa da".
Salatu dute, hala, "interbentzio horren bidez ideologia matxista eta arrazista normalizatu dela gurean ere", eta azken hilabeteetako hainbat adibide ekarri dituzte gogora; "etorkinen aurkako mobilizazioak eta auzo-patruilak hirietan, tirokatutako gazte etorkin bat Donostian, pogromo arrazistak… Eta emakumeoi bortxaketak, erailketak, etengabeko sexualizazioa…".
Eskuineko eta ezkerreko alderdiei kritika
Horrez gain, eskuineko nahiz ezkerreko alderdiak seinalatu dituzte. "Eskuineko alderdien partetik disimulorik gabe errepresioa pairatzen dugu", azpimarratu dute, batetik. Gogoan izan dituzte Frantziako eta Ipar Euskal Herriko ikasle-mobilizazioetan parte hartzen ari diren gazte guztiak; baina baita Santurtziko udaltzaingoak eraildako Ander Saenz eta Hondarribiko udaltzaingoak hildako Babacar Welle ere. "EAJk inpunitate osoa eman dio Poliziari, biolentzia nahieran erabiltzeko ahalmen osoa eman dio, eta badirudi onartu egin behar dugula herritarrak jipoitzea, zauritzea eta erailtzea".
Gogoan izan dituzte Frantziako eta Ipar Euskal Herriko mobilizazioetan parte hartzen ari diren ikasleak; baita Santurtziko Ander eta Hondarribiko Babacar ere
Bestetik, ezkerreko alderdiei dagokienez, "egoera ez da saldu nahi diguten bezalakoa", GKSk eta IASk ohartarazi dutenez: "Etxebizitza-eskubidearen aldeko mobilizazioekin ikusi den bezala, PSOEk langile-protestak bere kalkulu elektoralen arabera aktibatzeko edo desaktibatzeko ahalmena dauka. Kanpaina elektoralerako erabili nahi ditu langileriaren mugimenduak, eta baliagarriak ez zaizkionean, erreprimitu. Ez dezagun ahaztu oinarrizko eskubide politikoen aurkakoa den Mozal Legea bere horretan mantentzen duela eta makina bat aldiz ezartzen digula PSOEk".
"Orain antifaxismoaren bandera darabilen PSOE berbera da frankismoaren zimenduen gainean eraikitako 78ko erregimenaren sostengua"
Gogorarazi dute, hain zuzen ere, "orain antifaxismoaren bandera darabilen PSOE berbera dela frankismoaren zimenduen gainean eraikitako 78ko erregimenaren sostengua; Euskal Herrian milaka gazte konprometitu torturatu eta kartzelaratu dituena, eta hemen bortizki atxilotzen eta kriminalizatzen dituena borroka antifaxistan dabiltzanak". Horri lotuta, elkartasuna adierazi diete iazko urriaren 12an Gasteizen Falangearen aurka mobilizatu zirenei, udan Núcleo Nacionaleko naziei aurre egin zieten pertsonei, eta abarri.
Hauteskundeen atarian
"Ez diezagutela orain esan, beste behin, soilik bozkatzera joanda egingo diogula aurre faxismoari. Bizi dugun une politikoa zerbaiten ondorio bada, azken zortzi urteetan aurrera eramandako politiken ondorio ere bada: faxistei kaleetan tokia utzi izanagatik, ideologia erreakzionarioen markoa erosteagatik, elite ekonomikoen neurrira egindako politika ekonomikoa martxan jarri eta langileria inpotentziara kondenatu eta desilusioa zabaltzeagatik, edo borroka antifaxista desitxuratu eta kriminalizatzeagatik", salatu dute: "Ez diezagutela esan hauteskundeak momentu erabakigarri bat direla langile-klasearentzat, ondo baitakigu orain antifaxistaz mozorrotzen diren alderdi sozialdemokraten eskutik etorri direla azken urteetan langileon aurkako neurri autoritarioak".
"Ez diezagutela orain esan soilik bozkatzera joanda egingo diogula aurre faxismoari. Bizi dugun une politikoa zerbaiten ondorio bada, azken zortzi urteetan aurrera eramandako politiken ondorio ere bada"
Botere politikoa eguneroko borrokan eraikitzen du langileriak
"Badakigu zenbaterainokoa den faxismoak komuniston eguneroko jardunean suposatzen digun arriskua, eta horregatik, egunero arduratzen gara honetaz: langileok eguneroko borrokan eta antolakuntzan eraikitzen dugu gure botere politikoa", aldarrikatu dute jarraian bozeramaileek: "Sinestarazi digute alderdi politiko instituzionalek langileon bizi-baldintzak hobetuko dituztela, faxismoa geldiaraziko dutela edo Euskal Herriaren nazio-askapena lortuko dutela. Euskal alderdi nazionalistek bide-orri autonomistak proposatzen dituzte, baina argi ikusten da autonomismoaren bidetik ez dagoela nazio-askapen posiblerik. Guk, nazio-askapena prozesu sozialistaren baitan kokatu behar dugu, prozesu askatzaile baten baitan, eta horrek haustura politikoa dakar berarekin, prozesu interklasista bat ekiditeko".
"Nazio-askapena prozesu sozialistaren baitan kokatu behar dugu, prozesu askatzaile baten baitan"
Eginkizun horrek "Euskal Estatu Sozialistaren forma" hartzen duela uste dute; eta, aldi berean, "euskarak bizi duen diglosi egoeraren aurrean", erreibindikatu dute "komuniston zeregina dela hizkuntza-politika propio bat eraikitzea zazpi lurraldeetan euskal hiztunen eskubideak bermatuta egoteko, euskaraz bizi eta ikasi ahal izateko, euskara gure bizitzako esparru guztietan erabiltzeko".
Azaroaren 11ko greba orokorra eta mezu internazionalista bat
"Eta guri zer dagokigu orain?", galdegin dute bi antolakundeek hitz-hartzean. Eta erantzun bat ere atera dute mahaira: "Herriz herri, auzoz auzo eta eragiten diguten esparru guztietan borrokak aktibatu eta irabaztea. Badugu indar nahikoa kontsigna handietatik norbanakoen errealitatera jauzia egiteko; jendearen bizitzan eragina duten aldaketak borrokatzeko; gazte-masetara iritsi, eta komunismoa gure eguneroko arazoentzako alternatiba erreal gisa ikusarazteko".
"Badugu indar nahikoa kontsigna handietatik norbanakoen errealitatera jauzia egiteko; jendearen bizitzan eragina duten aldaketak borrokatzeko; gazte-masetara iritsi, eta komunismoa gure eguneroko arazoentzako alternatiba erreal gisa ikusarazteko"
Hainbat erronka aipatu dituzte zentzu horretan: "Eskubide politiko eta zibilen defentsa berriro indartu behar dugu, errepresioak kostu politikoa eragin diezaien, lanpostuetan lan sindikala egiteko eskubidea ez galtzeko, militantzia politikoa mehatxutik kanpo gauzatzeko. Eta nola ez, etxebizitza eskubide bermatu bat izan dadin borrokatu behar dugu. Emantzipatzea ameskeria dela ia sinetsita dugun gazte langileak, lehen lerroan egongo gara espekulatzaileen aurka".
Azaroaren 11rako deituta dagoen greba orokorrean kaleak hartuko dituztela aurreratu dute GKSk eta IASk; "ez ogi-apurrak eskatzeko, ez sozialdemokraziaren programa indartzeko: espekulatzaileak espropiatzea, espekulazioa debekatzea eta beharren arabera planifikatzea aldarrikatzeko" baizik. Gainera, keinu internazionalista bat eginez, "indar guztia" helarazi diete CJS, OJS y CMS gazte-antolakundeetako kideei, etxebizitza-eskubidearen aldeko mobilizazioetan erakusten ari diren "irmotasunagatik".
Posizio iraultzaileak hegemonikoak izan daitezke
"Antolakunde indartsuak behar ditugu sozialdemokraziaren kontroletik at. Baina hori ez da ezerezaren gainean eusten. Eguneroko konpromisoan eta militantzian sostengatzen den mugimendu sendo baten gainean baizik", jarraitu dute eledunek: "Asko gara, baina garen hauek baino askoz gehiago izatera igaro behar dugu. Posizio iraultzaileek masak biltzeko balio ez dutela esan digute, utopikotzat jo gintuzten hasieran. Baina errealitateak bestelakoa dio: ondo egituratutako posizio iraultzaileak hegemonikoak izan daitezke, erreformismoak proposatzen dituenak baino gehiago".
"Antolakunde indartsuak behar ditugu sozialdemokraziaren kontroletik at. Baina hori ez da ezerezaren gainean eusten. Eguneroko konpromisoan eta militantzian sostengatzen den mugimendu sendo baten gainean baizik"
Horren islatzat jo dute Topagunean milaka gazte batu izana; milaka izatea "gaur hemen sozialismoaren aldeko borrokan dena emateko prest gaudenak". Eta, aurrera begira, borrokan segitzeko mezu bat zabalduz amaitu dute: "Gutariko bakoitzak jartzen duen alea ezinbestekoa da, gutariko bakoitzak egin dezakeen ekarpenak hurbilduko gaituelako gure helburuetara. [...] Izan gaitezen langile-borrokaren historiaren beste urrats bat. Sozialismoaren proiektu historikoa gorpuztera goaz. Hemen indarrak hartu, herrietara itzuli eta lanean jarraituko dugu".