ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/05/16 15:29

Ikasturtea amaitzearekin batera, gero eta gutxiago geratzen da unibertsitatera sartu ahal izateko probetarako. Selektibitatearen eta Baxoaren kontra protesta egitera deitu du Ikasle Abertzaleak antolakundeak, urtero egiten duen bezala. Sarbide-probak "filtro sozialerako, indibidualismoa areagotzeko eta, funtsean, hezkuntzaren elitizazioan sakontzeko tresna" direla salatu du ikasle antolakundeak; eta ikasleei dei egin die, beraz, selektibitateari nahiz Baxoari beste behin ezetz esatera.

Ekainaren hasieran izango dira azterketa horiek, eta Euskal Herriko sei herritan joko du protestara IAk: Iruñean (Nafarroa), Gasteizen (Araba), Ibaetan (Donostia, Gipuzkoa), Leioan (Bizkaia), Eibarren (Gipuzkoa) eta Baionan (Lapurdi). Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) izango da lehenengo elkarretaratzea, ekainaren 4an: 11:15ean mobilizatuko dira ikasleak, NUPeko Liburutegi Plazan.

Ekainaren 6an, berriz, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleek egingo dituzte kontzentrazioak Euskal Herriko Unibertsitate Publikoan (EHU/UPV). 10:30ean izango dira protesta guztiak; Gasteizko campuseko Elurretan, Ibaetako campuseko Aulariopean, Leioako campuseko Mikel Laboa plazan eta Eibarko Ingeniaritza Eskolan.

Hurrengo egunean, ekainaren 7an, Lapurdira hedatuko da protesta. Baxoari ezetz esateko mobilizatuko dira Baionan: Etxepare Lizeoan elkarretaratuko dira, 10:00etan.

Apunte-bankua martxan

Bestalde, sarbide-probei begira, tokian toki ikasleek apunte-banku bat sortu dute lankidetzan, azterketetarako laguntza eta babes gisa. "Indibidualismoari aurre egiteko, apunteak kolektibizatzeko" deia eta aldarria zabaldu dute modu horretan, eta eskuragarri jarri dituzte orain arte bildutako apunte guztiak. QR lotura honen bidez jo daiteke banku horretara.

NO HAY COMENTARIOS