ACTUALIDAD
Irudi ikusgarriak utzi ditu goizak Bilbon, izan ere, azken urteetan izandako ikasle-manifestaziorik handienetako bat egin dute milaka gaztek, faxismoari ezetz esateko. Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS) antolatu du mobilizazioa, Vito Quiles gaur arratsaldean bertaratuko baita Deustura, bere gorroto-diskurtsoa zabaltzeko egiten ari den biraren barruan. "Faxismoaren eta probokatzaile faxisten aurka", baina, ikasle andanak egin du bat IASren mobilizazio-deialdiarekin: eguerdian bildu dira Plaza Eliptikoan, eta Bilboko erdiguneko kaleak hartu dituzte, erakusteko ez dietela lekurik utziko Quilesen edo bestelako asaldatzaileen mezu faxistei.
Deustuko zubiraino mugitu dira milaka manifestariak, faxismoaren aurkako oihu artean: zubia erabat beteta ikus zitekeen mobilizazioa handik igarotzean. Amaieran hartu dute hitza IASko kideek, eta azaldu dute ikasle langileak "lehen lerroan" egongo direla "faxismoaren eta hau hauspotzera datozen probokatzaile erreakzionarioen aurrean". Adibide horietako bat da Quiles, eta halako figuren arriskuaz ohartarazi du ikasle-antolakundeak: "Quiles eta bere tankerako pailazo probokatzaileak honakoa egitera datoz: indarkeria matxista ukatzera, arrazakeria normalizatzera eta gogortzera, kolektibo baztertuen aurka egitera, eta mezu antikomunista argi bat zabaltzera".

Erantzun antifaxista eredugarria hainbat lekutan
Vitoren agerraldiak eragoztea lortu dute azken asteetan hainbat tokitan, Iruñean, Bartzelonan eta Zaragozan kasu, eta IASk gogorarazi du "erantzun antifaxista eredugarriari" esker izan dela hori. "Doakiela hemendik gure babes eta elkartasun osoa azken egunetan Quilesen aurka mobilizatzeagatik jazarritako eta atxilotutako antifaxista guztiei", esan dute ozen Deustuko zubitik IASko kideek.
Begirada asaldatzaile faxistez harago: faxismoaren funtzioa eta hauteskundeak
Begirada Quiles bezalako probokatzaileez harago ipinita, gogorarazi dute, "krisi testuinguruan", faxismoa "ezinbestekoa" dela "kapitalismoaren biziraupenerako". "Langileria sistemaren aurka altxatu ez dadin, faxismoaren bitartez, burgesiak pobretze-prozesuan dagoen erdi-mailako klasearen ezinegona baliatzen du langile-klaseko sektore zaurgarrienak miseriaren erantzule bezala seinalatzeko, etorkinak kasu", salatu du IASk: "Ez gaitezen etsaiz nahastu. Arazoa ez da miseria pairatzen duena, miseria sortzen duena baizik. Beraz, faxismoaren aurkako borroka kapitalismoaren aurkako borrokaren baitan ulertu behar dugu".
Horrekin batera, antolakundeak oroitarazi du laster izango direla hauteskunde orokorrak Espainiako Estatuan, eta "ezkerreko alderdi parlamentarioak faxismoa datorrelako beldurra zabaltzen" ari direla, "botoak lortzeko". Horren kontra, argi hitz egin dute ikasleek: "PSOEk eta bere gobernua sostengatzen duten alderdiek faxismoari alfonbra gorria jarri diote. Faxistak kaletik inpunitate osoz ibiltzea baimendu dute; Vito Quiles bera, Núcleo Nacional, desokupazio-enpresak edo Ceuta dira horren adibide. Gainera, PSOE izan da azken zortzi urteetan agenda autoritarioa erreformen bitartez ezarri duen alderdia". Eta gaineratu dute: "Hauteskunde-kanpainan antifaxismoa aldarrikatuko duten alderdiek ezer gutxi egin dute faxismoaren aurka, eta kaleko erantzun antifaxista kriminalizatu eta jazarri dute".

Ikasle-mugimendu antifaxista bat, langile-batasuna oinarri
IASk aldarrikatu du, hala, "lehentasunezkoa" dela "ikasle-mugimendu antifaxista bat gorpuztea, instituzio kapitalistetatik kanpo eta langile-klasearen batasunean oinarritua". "Asko gara jadanik faxismoaren aurka antolatzen hasi garen ikasleak, hezigunez hezigune eta fakultatez fakultate. Hilabete hasieran Elizondon milaka gaztek argi utzi genuen bezala, belaunaldi berri oso bat faxismoaren aurka dena emateko prest dago", adierazi du irmotasunez. Bide horretan, goizeko manifestazioaren ondoren, arratsaldeko 16:00etan Deustuko Unibertsitatera bertaratzera deitu du, "probokatzaile faxisten aurka" eta "klase-batasuna" aldarri antolatu duten mobilizaziora batzeko.