Ekainaren 4, 5 eta 6an Nafarroan eta 5, 6 eta 7an EAEn, Selektibitate froga egin beharko dute unibertsitatera sarbidea lortu nahi duten ikasleek. Froga horretan lortutako emaitza izango da, gaitasun ekonomikoaz gain, unibertsitatean gradu batean edo bestean sarrera lortzeko baldintza nagusia. Hori dela eta, Ikasle Abertzaleak antolakundeak salatu du “ikas-baldintzak kaltetzeaz gain” frogak “etorkizunaren nolakotasuna ere” jokoan jartzen duela. Hain zuzen, Selektibitatea “ikasle eredu jakin bat” sortzeko ezinbestekoa dela adierazi du: “Ikasketa diziplina hori egokien barneratu duenak sozialki maila onera iristeko gaitasuna izango du. Izan ere, selektibitateak ikasketa diziplina hori baloratzearekin, filtro soziala izatearen funtzioa betetzen du”.
Era berean, azpimarra jarri nahi izan dio ikasle antolakundeak edukiari; “Selektibitatearen bitartez, Espainiako estatua kontrolatzen duen burgesiak ideologizaziorako daukan gaitasunari”, hain zuzen. Burgesiari komeni zaion “ikuskera historiko, filosofiko eta ekonomikoa” barneratzeko helburua betetzen du frogak IAren ustetan. “Interes partidistak” direla eta, edukiak aldatu badaitezke ere, aldaketa edozein dela ere “patroi kapitalista bera” mantenduko dutela azaldu du.
Horren guztiaren aurrean, Euskal Eskola Nazionala eraikitzen jarraitzeko deia egingo du IAk ekainean. Selektibitateari ez! lemapean mobilizazioak egingo dituzte ekainaren 4ean Iruñean (Nafarroa), eta 5ean Gasteizen (Araba), Leioan (Bizkaia) eta Bilbon (Bizkaia). Bestalde, gogorarazi dute ekainaren 17tik 24ra bitartean Baxoa egingo dutela Iparraldeko ikasleek. Horiei ere, Hego Euskal Herriko ikasleei bezala, “animorik beroenak” helarazi dizkie ikasle antolakundeak.
12.2 artikuluaren aurkako borroka, Eunate eta Orixe itxaropen eredu
“Ikasleek eta hezkuntzako langile mugimenduak ebaluazio kontrol kuotetan eskumen gehiago izan dezan” borroka beharrezkoa dela adierazi du IAk. Izan ere, ikasturteak itxaropena izateko arrazoiak eman dizkio ikasle antolakundeari. Aurten sortu den UIBk 12.2 artikulua aldatzeko abiatutako borrokak emandako fruituak aipatu dituzte, baita Orixe (Gipuzkoa) eta Eunateko (Nafarroa) ikasleen borroketatik eratorritako garaipenak ere. Horregatik, “egoera latzaren aurrean” mobilizatzeko deialdia egin diete batxilergoko ikasleei.