ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/11/24 09:30

Aritzalatik Abartzuzaraino, larunbat goizean ehunka lagun mobilizatu ziren Maestro Avila fundazioaren sektaren aurka. "Hauxe da bildu gaituen leloa: ez ditugu ez Anderazen ez beste inon nahi. Maestro Avila kanpora", azaldu zuten manifestazioaren amaieran. Herritarrak kezkaturik daude, 2009tik hona, euren bailaretan pixkanaka indarra hartzen joan den sekta faxista dela-eta. Anderazko eskola erostea izan da, azkenean, antolatzera eta mobilizatzera bultzatu dituena, eta horren erakusgarri izan da asteburuko protesta.

"Anderaztik pasatu nahi izan dugu manifestazioaren ibilbidea, kezka-iturri eta borroka antifaxistaren sinbolo bihurtu delako. Lehentasuna eman diogu manifestazioa hemen amaitzeari, Abartzuzako udaletxeko ateetan, korporazioa hitzetatik ekintzetara pasatzera gonbidatzeko", gaineratu zuten: "Lanean hasi behar dugu herriarentzat mesedegarriak diren politikak indartuko dituen sare bat sortzeko eta Anderatz berreskuratzeko".

Izan ere, nabarmendu zuten Estellerriko zonalde horretan herri txiki asko daudela, "despopulatzeko eta zahartzeko arrisku handia dutenak", eta Maestro Avila sektak horretaz baliatu nahi duela. Uste dute faxisten helburua dela, hain zuzen ere, "beren ideologia faxista lur horietan ainguratzea eta Pia Union Santi Apostoli sektaren muturreko balio tradizionaletan oinarritutako gizarte-eredu opako bat finkatzea"; baita "bere proiektu ultranazionalista zabaltzea" ere, "aniztasun ororen aurkakoa".

"Sektaren hedapena ez da tokiko arazo bat eta ez da gertakari isolatu bat"

Manifestazioaren antolatzaileek seinalatu zuten, dena den, Maestro Avilaren hedapena ez dela "tokiko arazo" bat, ez eta "gertakari isolatu" bat ere, "gaur egungo testuinguru politikoan". Eta bereziki gogoan izan zuten 50 urte bete berri direla Francisco Franco diktadore faxista hil zenetik: "Data horren karga sinbolikoak ekarri gaitu hona, frankismoa eta Maestro Avila fundazioa gaitzesteko. Sekta ultrakatolikoak Vox edo Fuerza Nueva bezalako alderdi faxistekin lotura politikoak ditu, eta gure herrietan onartu nahi ez ditugun balio matxista, klasista, arrazista eta antieuskaldunak ordezkatzen ditu".

"Garrantzitsua iruditzen zaigu azpimarratzea sektaren presentziak eta faxismoaren hedapenak ideologia estremisten eta faxisten aurka gauden guztiok inplikatzen gaituela. Eta ez posizionatzea ez da aukera bat", atera zuten mahaira larunbatean. Beharrezkotzat jo zuten, hala, borroka egitea "Anderatz berreskuratzeko; sekta arriskutsu honen inguruan sor daitezkeen mugimendu sozial eta politikoak kontrolpean izateko; eta, erantzun sozialaren bidez, pertsonen integrazioa, aniztasun kulturala, aniztasun sexuala, berdintasuna eta justizia soziala defendatuko ditugula erakusteko". Horrekin batera, aldarrikatu zuten asteburuko mobilizazioak erakusten duela "faxisten eta gure bailaretan sartu den sekta honen idealak, balioak eta jarduerak ez direla ongietorriak", eta "konpromiso antifaxistak badituela indarra eta antolaketa nahikoa erreakzionarioei aurre egiteko eta haien asmoak geldiarazteko".


Irakurri hemen aurreko astean Herri Antifaxistak plataformako bi kideri GEDAR LANGILE KAZETAk egindako elkarrizketa

NO HAY COMENTARIOS