Espainiako Ogasun Ministerioak kendu egingo dio Balio Erantsiaren Gaineko Zerga (BEZa) olioari. Uztailaren 1etik aurrera ez diete zerga hori aplikatuko olioei, 2023ko urtarrilean %10etik %5era jaitsi ondoren. Espainiako Gobernuaren arabera, inflazioa apaltzeko neurri bat da honakoa, baina azken urteetan BEZari ezarritako askotariko murrizketek ez dute inflazioa inola ere geldiarazi, eta igotzen jarraitu dute oinarrizko produktuen prezioek.
Adibidez, BEZa kenduta edo murriztuta zeukaten elikagaietatik %52,4 garestitu ziren aurreko urtean zehar. Beraz, nahiz eta BEZa txikitu edo guztiz kendu, prezioek ez dute behera egiten. Gainera, ez dago bermatuta enpresek BEZaren beherapena benetan ezartzea: iaz jakinarazi zuten Alcampo, Dia, Eroski, Lidl edota Mercadona supermerkatuek iruzur egin zutela, eta ez zutela murrizketa hori ezarri. Inpunitate osoz aritu ziren, eta ez zuten inolako zigorrik jaso horregatik.
Oliba-olioa da azken urtean gehien garestitu den produktuetako bat, frutarekin eta barazkiekin batera. 2023an, teorian, BEZaren murrizketa izan zen arren, oliba-olioaren prezioak gora egin zuen etengabe. Horrela, urtearen amaiera inguruan, oliba-olioaren kostua %57,2 igo zen Coosurren; %121,5 Alcampon; %89,5 Aldin; %154,8 Eroskin, eta %141,4 Carrefourren. Horren aurretik ere, 2021. eta 2023. urteen artean, gora egin zuen oliba-olioaren prezioak; %150,7, hain zuzen.