ACTUALIDAD / Fascismo
Nafarroako Voxek salaketa bat jarri du, asteburuko gertakarien harira
Errotxapean eta Berriozarren jende ugarik egin zuen protesta faxistek propaganda-postuak jartzean. Poliziak babestu izanarekin aski ez, eta epaitegietara jo du Voxek.
2025eko otsailaren 4
Nafarroako Voxek salaketa bat jarri du, asteburuko gertakarien harira

Vox alderdi faxistak salaketa bat aurkeztu du epaitegietan, aurreko larunbatean eta igandean Iruñerrian (Nafarroa) izandako gertakariengatik. Jose Maria Gartzia Elorzek sare sozialetan eman du jarritako salaketaren berri, eta mehatxu egiten saiatu da: "Kalean bilatzen gaituztenek auzitegietan topatuko gaituzte, eta [...] mehatxatu eta iraindu gintuzten eta objektuak bota zizkiguten ETArratek erantzun irmoa izango dute auzitegietan".

Voxeko faxistek propaganda-postu bana jarri zuten Errotxapean eta Berriozarren, baina jende andanak egin zien aurre bi aldietan, diskurtso eta ideia faxistei ateak ixteko. Espainiako Poliziak eta Foruzaingoak fidel babestu zituzten Voxeko kideak, eta hainbatetan kargatu zuten faxismoaren kontra protestan ari ziren pertsonen aurka: hainbat zauritu zituzten poliziek bai Errotxapean bai Berriozarren, zenbait kasutan, foam jaurtigaiekin jota.

Igandean bertan, agerraldi bat egin zuten Errotxapeko hainbat bizilagunek: beharrezkotzat jo zuten faxismoa normalizatu ez dadin lortzea, eta, horretarako, kalean mobilizatzea funtsezkoa dela nabarmendu zuten.