ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Baleike
2019/06/18 19:19

Mugimendu feministak deituta, manifestazioa izan zen bart Zumaian (Gipuzkoa), eta ehunka lagunek egin zuten bat mobilizazioarekin, Baleike herri hedabideak jaso duenez. Etxerako bidean emakumeok aske, autodefentsa feminista lelopean, pasa den asteburuan gizonezko batek bi emakumeri egindako erasoa gaitzetsi zuten. Izan ere, larunbat gauean bi emakume etxera bidean zirela gizonezko batek horiek jarraitu eta erasotu zituen. Baleikeren arabera, emakumeek aurre egin zioten erasotzaileari, Ertzaintza bertaratu zen arte. Zumaiako Udalak eta Berdintasun Foroak ere bat egin zuten deialdiarekin.

Zumaiako herri hedabidean irakurri daitekenez, antolatzaileek ondokoa adierazi zuten manifestazio amaierako irakurketan: "Zenbat aldiz joan gara etxera bidean pausoa azkartuta? Zenbat aldiz atzera begira? Zenbat aldiz beldurtu gara gizon bat atzean nabaritu dugunean? Eta zenbat aldiz deseroso sentitu ilunetan gizon-talde baten aldamenetik igarotzean? Zenbat aldiz eraman ditugu giltzak eskuan, eta zenbat aldiz itxi portaleko atea kolpe batez sartu orduko? Zenbat aldiz itxaron diogu elkarri, etxera bidea bakarrik ez egiteko? Zenbat aldiz pentsatu bi aldiz zein bide hartu?".