ACTUALIDAD
Fiskaltzak 93 urteko espetxe-zigorra eskatu du Nafarroako militar batentzat, "sexu-eraso birtuala" eta "haur-pornografia" leporatuta. Noticias de Navarra-ren arabera, Aitzoaingo base militarrean jarduten zuen gizonak, baina urte eta erdi darama behin-behineko kartzelaldian.
13 eta 14 urte arteko gutxienez lau adingaberi eraso zien akusatuak. Sare sozialen bidez jarri zen haiekin harremanetan (Instagram bidez, antza denez), eta elkarrizketa sexualak izatera bultzatu zituen, fiskaltzak seinalatu duenez. Kontaktuen barruan, eduki sexualeko bideoak bidaltzera behartu zituen biktimak, aipatutako egunkariak jaso duen modura.
Hori guztia egin ahal izateko, nortasun faltsu batzuez baliatzen zen militarra (gutxienez hiru profil faltsu zituen sortuta), 17 urte besterik ez zituela esateko, besteak beste. Ia 40 urte ditu egiaz. Gainera, miaketetan, adingabeak erakusten dituzten 3.000 irudi sexual baino gehiago aurkitu zizkioten. 2025eko martxoan atxilotu zuen gizona Foruzaingoak, eta espetxean dago ordutik.