ACTUALIDAD / Itaia

Gizon batek Gasteizko taberna bateko komunetan emakumeak grabatu izana salatu du Itaiak

"Kezkagarria da irudi bidezko erasoen zabalpena, eta are kezkagarriagoa horiei aurre egiteko dagoen aukera urria", azaldu du. Ezinbestekotzat jo du "erasotzaileen inpunitatearen zein horiek babesten dituzten konplizeen aurka egitea".
2026eko urriaren 29 - 10:11
Gizon batek Gasteizko taberna bateko komunetan emakumeak grabatu izana salatu du Itaiak

ACTUALIDAD

Gasteizen, berriki atera da argitara gizonezko batek hainbat emakume grabatu dituela taberna bateko komunetan, eta horren harira, agerraldi bat egin zuen atzo Itaiak, Emakumeen Antolakunde Sozialistak. "Eraso horiek jarraituak eta errepikakorrak izan direla jakin dugu, emakumeak ohartu eta erasotzailearen aurka egin zuten arte", jakinarazi zuten Itaiako kideek: "Kasu bereziki larria da, erasotzaileak urteetan zehar jarrera matxistak izan dituen arren guztiz babestuta egon delako, besteak beste, kirol-esparruan izan duen posizio pribilegiatuari esker".

Itaiak salatu zuen "gero eta ohikoagoa" dela orotariko irudien bidez emakumeei erasotzea: "Zenbait gizonek harreman pertsonal eta afektiboak baliatuz emakumeon irudi sexualak zabaltzen dituzte; hainbat txokotan emakumeon irudi sexualizatuak zabaltzen dituzten foroak atzeman dira; eta egunerokoan ere gure irudiak hartzen dira garraio-publikoan, aldegeletan, komunetan edo lantokietan, CAF enpresan gertatu bezala". Horiek horrela, seinalatu zuen erasotzaileek "inpunitate osoz" jarduten dutela gisa horretako erasoetan; "irudiak grabatzeko eta zabaltzeko anonimotasunean ezkutatzen direlako", eta "erasotu askok ez duelako gertatutakoaren berri izaten". 

"Kezkagarria da irudi bidezko erasoen zabalpena, eta are kezkagarriagoa horiei aurre egiteko dagoen aukera urria", azaldu zuten atzoko prentsaurrekoan: "Horrelako erasoek emakumeon intimitatearen aurka egin eta sexualizatzen gaituzten arren, aipatutako ezaugarriak direla eta, kasu gutxitan seinalatu eta salatzen dira". 

Horiek horrela, Gasteizko kasuan erasotuak izan diren emakumeei babes osoa eman zien atzo Itaiak: "Emakumeon arteko babesa inoiz baino gehiago zabaldu behar dugu, eta elkarrekin antolatu eraso ororen aurka borrokatzeko". Horrekin batera, "mezu argi" bat eman zuen: "Nahikoa da erasotzaileak babesteaz. Erasotzaileen inpunitatearen zein horiek babesten dituzten konplizeen aurka egin behar dugu". Nabarmendu zuen, hala, "erasoak ezin direla normalizatu edo oharkabean pasatu", eta "indarkeria matxista forma oro amaitzeko" konpromisoa berretsi zuen.