Denbora da Bilboko (Bizkaia) esku-hartze sozialeko langileek presioa eta jazarpena pairatzen dituztela, instituzio eta agintarien eskutik: haien zereginekin zerikusia ez duten lanak, gardentasunik gabeko prozedurak, argipenik gabeko aginduak, arduradunek elkarrizketari uko egitea, zigortzeko eta kaleratzeko mehatxuak… Azken urteotan, beharginei hainbat eta hainbat lan-baldintza urratu dizkiete Bilboko Udalak (EAJ-PSE) eta zerbitzua azpikontratatu duen Bizitegi Gobernuz Kanpoko Erakundeak (GKE). Ondorioz, etxegabetzeetan parte hartzera behartu dituzte, besteak beste.
Urrutira joan gabe, apirilean, Bizkaiko hiriburuko 50 esku-hartze sozialeko langile inguruk presioa eta jazarpena salatu zituzten, etxegabetze-prozesuetan bereziki. Agerraldi hura Bilboko Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin batera egin zuten; eta, bertan, jakinarazi zuten desalojo horietako batean parte hartzeari uko egin zioten bi langile kalean daudela.
Haatik, egoerak ez du ordutik onera egin. Hala, bi gizarte-hezitzaile horien testigantzak jaso ditu GEDAR LANGILE KAZETAk, eta azken urteotako gertakariak azaltzeaz gain, sektoreko lan-baldintzei buruzko hainbat hausnarketa egin dituzte.

Atxuriko gertakariak eta mehatxuak, 2021ean
Haien arabera, gutxienez bost urte dira agintariekin eta administrazioko bestelako karguekin arazoak izaten hasi zirela. Izan ere, 2021ean, kale-egoeran zegoen geroz eta jende gehiago lotarako leku bila hasi zen bertaratzen Atxuri auzoko saskibaloi-kantxetara. Orduan, bizilagunen kexak ugaritu egin zirela diote: "Lekuan lekuko bizilagunek beti deitu izan dute udaletxera, noizbehinka, gertakariren baten berri emateko. Kezkaz eta arduraz egiten zuten lehen. Hala ere, azken urteotan, etxegabeekiko ardura desagertu egin da, eta orain bizilagunek kexu egiteko eta esku-hartzea eskatzeko egiten diote dei udalari". Bizilagun ugari etxerik gabeko pertsonei gosariak prestatu eta laguntza eskaini asmoz antolatzen hasi zirela nabarmendu dute, baina azkenean, udalak zelaia hesitzea erabaki zuela, inork bertan lo egin zezala galarazteko.
Orduan, udalak beharginei agindu zien Atxurira gerturatzeko eta etxegabeei alde egitea eskatzeko: "Udalak ez zuen inolako bizitoki-alternatibarik, eta besterik gabe bidali gintuzten hara. Horrekin ados ez, eta kaleko esku-hartzeko taldeko kideak elkartu egin ginen. Zera erabaki genuen: ez genuela horrelako prozeduren parte izan nahi". Hori horrela, eztabaida baten beharra ere sumatzen hasi zirela aitortu dute: "Guretzat beti izan da deserosoa etxegabetzeen auzia. Izan ere, gizarte-zerbitzuek, sortu zirenetik, beti balio izan dute laguntzeko, baina baita kontrol sozialerako ere. Hala, desalojoetan gure eginbeharrak zein izan behar ote zuen hausnartzen hasi ginen; ez genuelako nahi arreta behar zuten pertsonek gu Poliziarekin harremantzerik nahi".
Kaleko taldeak plantoa eman orduko, langileen bi goi-arduradunek bete zituzten zereginak; eta, Atxurira horiek bertaratu zirenez, ez dute uste udal-gobernua ohartu zenik ere. Dena dela, Bizitegiren giza-baliabideen sailetik mehatxu egin zieten: "Email bat jaso genuen kaleko taldeko zazpi kideok, Atxurin esku-hartzeko aginduz. Bestela, kaleratu egingo gintuztela adierazi ziguten". Gizarte-hezitzaileak Atxurira joan ziren azkenerako, baina eskaera bat egin zuten: elkarrizketa-prozesu bat abiatuko zutela aurrerantzean langileek eta Bizitegik, haien "kode deontologikoarekin" talka egiten zuten jardunbideetan nola esku hartu argitzeko. Teorian bada ere, eskaera onartu egin zuen GKEak, baina 2021etik ez da sekula elkarrizketa-prozesurik abiatu.
2025ean, planto desalojoetan parte hartzeari
Denboraren joanean, egoera hori ez da apenas aldatu. Antzera aritu dira urteotan, baina gatazka berriro azaleratu zen iaz, Deustuko Erriberan: Bilboko Udalak Lancor pabiloia hustu zuen urrian, eta 80 bat pertsona kaleratu. Izan ere, inguruan plan urbanistiko bat garatzen ari da udala, Zorrotzaurren bereziki. Egitasmo horretan, interes handia dute higiezinen merkatuko enpresek, lurzoruaren erabilera eraldatuko baitute: "Guk betidanik jakin dugu Deustuko Erriberako pabiloietan zenbat jende biltzen zen lo egiteko. Eta noizbehinka desalojoren bat edo beste egon bada ere, guri ez digute zeregin konkreturik eskatu. Iaz, ordea, egoera aldatu egin zen: irailean Lancor pabiloia eraitsiko zutela eta, bertan lo egiten zutenei mesedez espazioa uzteko eta beste nonbaitera joateko eskatzea agindu ziguten. Baina beste inolako baliabiderik eta gomendiorik gabe".

Orduan, bi langileetako bat arduradunekin elkartu zen, eta horrelako prozesu batean parte hartuko ez zuela esan zien: "Denbora zen protokoloak errespetatu gabe aginduak ematen ari zirela. Arduradunekin bildu nintzen, eta erabat deseroso nengoela azaldu nien. Bilera horiek 2021ean adostu genuen elkarrizketa-prozesua noiz hasiko genuen galdegiteko ere baliatu nituen. Hau da erantzun zidatena: 'Ez da horretaz hitz egingo'. Eman zizkidaten aukerak ikusita, ni desalojo-prozesuen parte ez nintzela izango helarazi nien". Nahitaezko lanpostu-aldaketa batekin egin zion mehatxu Bizitegik langile horri; "funtsezko aldaketak" argudiatuta lana utzi nahi bazuen, langabezia-prestazioa jasotzeko merkeagoa izan zedin: "Lan egindako urte bakoitzeko [konpentsatutako] 20 egun jasoko nituzke, 33 beharrean. Argi utzi zidaten ez zela laneko aldaketa bat, nire aurkako erabaki pertsonal bat baizik".
Bigarren beharginak, ordea, interbentzioak ea zein helburu konkretu zituen galdetu zien arduradunei, baina ez zuen erantzun argigarririk jaso: "Astean bitan Erriberatik pasatu eta kale-egoeran zeuden pertsonekin egoteko eskatu ziguten. Gure interbentzioa erregistratzeko bidaltzen zizkiguten txostenek, ordea, ez zuten inolako irizpide teknikorik: ez zen ageri ez helbururik, ez interbenitzeko aholkurik, ez izenik, ez ezer. Txosten horiek lotsagarriak ziren. Horrez gain, inork ez zigun esan ea Poliziak dagoeneko esku hartu zuen; eta, gerora, Poliziak bertan sarekada handi bat egin zuela ohartu ginen. Orduan, Gizarte Larrialdien Udal Zerbitzuan galdetu nuen ea Poliziak zergatik interbenitu zuen. Ez zidan inork ezer esan. Denok zalantza etiko eta tekniko ugari genituen". Beste langilearekin gertatutakoaren berri izan zuenean, berriro eskatu zituen argipenak; baina zuzenean mezu bidez bilera batera joateko agindu zioten: "Bilera hartan nire lankideari egin zioten mehatxua egin zidaten niri ere: lanpostu-aldaketa, degradazioa, eta kalera joan nahi izanez gero, prestazio txikiagoa".
Biak ala biak bat datoz: "Kaleratu egin nahi gintuzten, ahalik eta modu merkeenean". Gatazka nola bukatu zen galdeginda, zera erantzun dute: "Langileen Estatutuan oinarrituta, erreklamazioa jarri genuen. Bi hilabete baino lehenago erantzuna jaso genuen: gure baldintzak onartu zituen Bizitegik. Hala, teorian guk utzi genuen lanpostua, baina kalte-ordainekin eta langabezia-prestazioa jasotzeko aukerarekin". Gatazka guztian zehar, irudi korporatiboa ez kaltetzearren, Bizitegik kaleratzeak ekidin ditu, kosta ahala kosta. Dena dela, hertsadura eta jazarpena oso presente egon dira: "Finean, gu kaleratu egin gaituzte; dena dela, guk gure lana egoki egin nahi izan dugu, hasiera-hasieratik".
Gizarte-zerbitzuei buruzko hausnarketak: burokrazia, kontrola, eskubideen urraketak…
Gizarte-hezitzaileek sektorean nagusi diren hainbat lan-baldintza salatu dituzte, baita betearazten dizkieten funtzioak ere: gehiegizko burokrazia, kontrol soziala areagotu izana edo kritikarako eskubiderik ez izatea horietako batzuk besterik ez dira.
"Sortu zirenetik, gizarte-zerbitzuek bi adar izan dituzte. Batetik, laguntza eskaintzearena. Bestetik, kontrolarena. Azken garaiotan, nabarmen, bigarren hori nagusitu da", argitu dute Bilboko langileek. Duela zenbait urte baino baliabide gehiago daudela adierazi dute, baina arreta jaso behar duen pertsona kopurua are gehiago igo dela ohartaraziz: "Langile eta eguneko zentro gehiago daude orain, baina ez da nahikoa kale-egoeran dagoen biztanleria guztiarentzat. Egoera horrek tentsio handia eragin du". Izan ere, batzuentzat berebiziko laguntza izan daitekeena, burokraziaz itotako prozedura da besteentzat. Hala eta guztiz ere, bi beharginek kritikarako aukerarik ez dagoela salatu dute: "Egitura oso bat dugu lan egiteko, baina lana gaizki egiten ari garela esan eta zer hobetu beharko genukeen adierazi dugunean, kale gorrira bidali gaituzte".
Are, etorkizuneko kexak isilarazteko eta langileak diziplinatzeko jokabidea da Bizitegirena, euren esanetan: "Mezu argia bidali diete gainontzeko kideei; 'isildu zaitez, edo bestela badakizu zer gertatuko zaizun' esango baliete bezala".
Kasu honekin agerian geratzen denez, udal- eta lurralde-agintaritzek, etengabe, ezikusiarena egiten dute gizarte kapitalistaren ondorio lazgarrienak pairatzen dituztenekin, hala nola, kale-egoeran dauden pertsonekin. Errealitate hori agerikoa da agintariek Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak (HAPO) edo Lurralde Antolamendurako Gidalerroak (LAG) diseinatzen eta onartzen dituztenean. Hala, egongo da gizarte-zerbitzuek plan urbanistiko horien ondorioak konpontzeko lan egiten dutela uste duenik; baina, kolektibo zaurgarriak lagundu nahi badituzte ere, gizarte-langileek sarri egiten dute topo bestelako egitura administratiboekin: enpresa pribatuekin konplizitateak, traba burukratikoek, eta jarrera autoritarioek osatutako egiturak, hain zuzen ere.