ACTUALIDAD / Sindicatos de vivienda

Andre bat etxegabetu du Bilboko Udalak Otxarkoagan

Udaltzaingoak eta Ertzaintzak bota dute emakumea bere etxetik, lehen orduan; Udal Etxebizitzen sailburu Iñigo Villarroya bertan izan da. Desalojoa salatzeko mobilizatu da Bilboko Etxebizitza Sindikatu Sozialista.
2026eko irailaren 21 - 10:30
Andre bat etxegabetu du Bilboko Udalak Otxarkoagan

66 urteko emakume bat etxegabetu du gaur Bilboko Udal Etxebizitzen Sailak, Bilboko Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren bidez, Otxarkoaga auzoan. Bilboko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak aurrez jakinarazi zuen kalean geratzeko arriskuan zegoela andrea, hilaren 21erako baitzegoen ezarrita desalojo-agindua. Bada, gaur bertan gauzatu du udalaren (EAJ) agindu hori Poliziak, lehen orduan. Osasun-arazoak ditu etxegabetua izan den pertsonak, eta zaurgarritasun egoera handian dago, sindikatuak salatu duenez.

Etxegabetzearen aurka mobilizatzera deitu zuten sindikatutik, eta, gaur, 08:30erako elkarretaratu dira hainbat eta hainbat lagun Otxarkoagan. Presentzia polizial handia izan da hasieratik, dozenaka ertzain eta udaltzain bertaratu baitira, aurpegiak estalirik. Polizia-kordoia ezarri dute inguruan, eta ez diete utzi manifestariei arriskuan zegoen emakumearen etxera (Txotena kaleko 16. zenbakian) hurbiltzen. Desalojoaren kontra protesta egiten ari ziren lau pertsona identifikatu ditu Poliziak, gainera.

Segizio judiziala 09:30ak aldera heldu da, eta Udal Etxebizitzen sailburu Iñigo Villarroya Lozon ere bertaratu da desalojora. Etxe-kaleratzeen kontrako oihuak entzuten zirela kanporatu dute emakumea etxetik.

"Emakumea eta bere familia etxegabetu egin zituzten duela bi urte, eta kale-egoeran bizi behar izan zuen Udal Etxebizitzen jabetzako etxe huts batera sartzea lortu zuen arte", azaldu zuen sindikatuak duela hainbat egun: "Alokairua ordaintzeko prestutasuna eta gaitasuna adierazi dituen arren, udalak emakumea etxegabetzea erabaki du. Zaurgarritasun-egoeran, osasun-arazoekin eta alarguntasunean egonda ere, kale gorrian utzi nahi dute beste behin".