Otxarkoagan etor daitekeen etxe-kaleratze baten aurka antolatzen ari da Bilboko Etxebizitza Sindikatu Sozialista, izan ere, kalean geratzeko arriskuan dago 66 urteko andre bat. Sindikatuak jakinarazi duenez, Udal Etxebizitzen sailak gauzatu nahi du desalojoa, irailaren 21ean. "Emakumea eta bere familia etxegabetu egin zituzten duela bi urte, eta kale-egoeran bizi behar izan zuen Udal Etxebizitzen jabetzako etxe huts batera sartzea lortu zuen arte", azaldu dute sindikatutik: "Alokairua ordaintzeko prestutasuna eta gaitasuna adierazi dituen arren, udalak emakumea etxegabetzea erabaki du. Zaurgarritasun-egoeran, osasun-arazoekin eta alarguntasunean egonda ere, kale gorrian utzi nahi dute beste behin".
Sindikatuak salatu du "kalitatezko alternatiba iraunkorrik eskaini gabe" gauzatu nahi dutela desalojoa Udal Etxebizitzetatik, uko egin baitiote aukera horri, "Bilbon dozenaka etxebizitza huts dituzten arren". Honakoa ez da, gainera, udal-sail horretatik martxan jartzen duten lehen kaleratzea: "2024an beste etxegabetze bat izan zen Txurdinaga auzoan, eta joan den uztailean beste bat gauzatu zuten Otxarkoagan bertan. Bi kasuetan, pertsonak egoera zaurgarrian egon arren, ez zuten alternatibarik eskaini". Horiek horrela, sindikatuak udalari exijitu dio bertan behera gera dadila hilaren 21erako ezarritako desalojoa, eta bizitoki-alternatiba duin bat berma diezaiola arriskuan dagoen andreari.
"Udal-gobernuak (EAJ eta PSE-EE), eta bereziki Etxebizitza arloko zinegotzia den Yolanda Diezek, behin eta berriz saldu dituzte Bilboko etxebizitza-politiken arrakasta eta Otxarkoaga auzoan izandako aurrerapenak. Baina, bitartean, urtero jendea kale gorrian uzten dute, egoera zaurgarrian egon arren", ohartarazi dute sindikatutik. Otxarkoagan gerta daitekeen etxegabetzeari erantzunez, elkartasunez antolatzera deitu dute, eta hitzordu bat ipini dute datorren asterako: astelehenean, irailaren 14an, asanblada bat egingo dute 19:00etan, Ugarte plazan. Horrekin batera, aurreratu dute etxe-kaleratzearen aurka mobilizatuko direla irailaren 21ean bertan, Txotena kaleko 16. zenbakian.
