ACTUALIDAD / Sindicatos de vivienda
Bilbon, etxegabetzeetan parte hartzeko presioak salatu dituzte esku-hartze sozialeko 50 bat langilek
Desalojoetan parte hartzeari uko egiten dioten langileak zigortzen ari dira; bi behargin kaleratu dituzte Zorrotzaurreko etxegabetze masiboan esku hartzeari ezetz esateagatik. Pobretzearen gorakadaz, baliabideen kolapsoaz eta esku-hartze sozialaren "norabide autoritarioaz" ere ohartarazi dute: "Ez dugu miseriaren erantzukizuna hura jasaten dutenen gain jarriko".
2026eko apirilaren 16 - 09:49
Bilbon, etxegabetzeetan parte hartzeko presioak salatu dituzte esku-hartze sozialeko 50 bat langilek

Esku-hartze sozialeko 50 bat langilek, Bilboko Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin batera, agerraldi bat egin dute udaletxe aurrean. Hala salatu dute gizarte-langileek instituzioen partetik jasaten dituzten presioa eta jazarpena, etxegabetzeetan parte hartzera behartzen baitituzte. Horri uko egiten dioten beharginak zigortu egiten dituzte, gainera. Zorrotzaurren adibidez, etxerik gabeko ehunka pertsona bizi dira eraikin abandonatuetan, eta haiek etxegabetzen ari da Bilboko Udala (EAJ). Desalojo horietako batean parte hartzeko esan zieten esku-hartze sozialeko bi langileri, baina uko egin zioten. Bada, gaur egun kalean daude biak.

Iazko urrian izan zen desalojoa. Zorrotzaurreko udal-pabiloi bat hustu zuten poliziek, 80 bat pertsona kale gorrian utziz; "bermerik eta etxebizitza-alternatiba egonkorrik gabe", sindikatuak jakinarazi zuenez. "Desalojoan laguntzeari uko egin zioten bi langilek errepresaliak jasan zituzten, eta horrek, azkenik, euren lanpostuak galtzea ekarri zuen", azaldu dute agerraldian. 

Esku-hartze sozialeko langileen esanetan, "gero eta baldintza itogarriagoetan" ari dira lanean, "karga burokratiko gehiegizkoekin, baliabide faltarekin eta erakundeen aldetik jasotzen dituzten agindu kontraesankorrekin". Salatzen dute horrek "bitartekari-rola" hartzera bultzatzen dituela, "pertsona zaurgarrienen eta haien babesgabetasun-egoera betikotzen duten erabaki politikoen artean". Uste dute tentsio hori oso handia izaten dela batik bat desalojoetan, beharginek gaitzetsi baitute presio instituzionala jasaten dutela euren "konbikzioen aurka" doazen eta euren "eginkizunen mugetatik kanpo" dauden funtzioak betetzeko.

Baliabideen kolapsoa eta esku-hartze sozialaren norabide diziplinarioa

"Larrialdi sozial" baten aurrean gaude, beharginek ohartarazi dutenez. Hain justu, Bilboko Udaleko Gizarte Ekintza Arloak berak aitortzen du "muturreko zaurgarritasun egoeren gorakada" izaten ari dela, "migrazioari, etxegabetzeei eta babesgabetasun larriko egoerei" lotuta. Hala ere, horri guztiari aurre egiteko baliabideak ez dituzte indartu: "SMUS bezalako zerbitzuak edo Elajabarriko aterpetxea gainezka daude. Aldi berean, etxegabetasuna etengabe handitu da azken urteetan; 2016an 112 pertsona izatetik 2024an 600etik gora izatera iritsi dira".

Egoera horretan, esku-hartze sozialari "norabide diziplinarioa" ezarri nahi diotela gaitzetsi dute langileek eta sindikatuak. "Zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonei lagundu eta orientatu beharrean, erakundeek profesionalak kontrol-funtzioak betetzera bultzatzen dituzte", zehaztu dute: "Horrek [...] lana desitxuratzen du eta bazterketa-dinamikak indartzen ditu".

"Ez dugu miseriaren erantzukizuna hura jasaten dutenen gain jarriko", aldarrikatu dute langileek. Haienak ez diren funtzioak betetzeari uko egiteko duten eskubidea errespetatu dadila eskatzen dute, eta uko egin diote desalojo-prozesuetan parte hartzeari. Horrekin batera, "euren eginkizunen eta printzipioen aurka jardutera bultzatzen" dituzten "presio instituzionalak" buka daitezela exijitu dute.