ACTUALIDAD / Sindicatos de vivienda

Milaka eta milaka lagun espekulazioaren aurka eta etxebizitza-eskubide bermatuaren alde

Etxebizitza Sindikatuek deituta, jendetza mobilizatu zen atzo Euskal Herrian. Antolatzaileek etxebizitzaren arazoari aurre egiteko beharrezkoak diren hiru eraldaketa nagusiak nabarmendu zituzten: espekulatzaileen etxebizitzen desjabetzea, espekulazioaren debekua eta baliabideak langile-klasearen beharren arabera planifikatzea.
2026eko urriaren 3 - 05:47
Milaka eta milaka lagun espekulazioaren aurka eta etxebizitza-eskubide bermatuaren alde
Bilbo.

Milaka eta milaka lagunek Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako kaleak hartu dituzte gaur, etxebizitza-eskubide bermatua aldarrikatzeko eta espekulazioari aurre egiteko. Etxebizitza Sindikatuen Sareak eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak deituta, 19:00etan abiatu dira mobilizazioak, eta Donostiako Bulebarrean, Iruñeko eta Bilboko udaletxe-plazetan eta Gasteizko Katedralaren aurrean amaitu dira. Leku horietatik guztietatik mezu bera helarazi dute: etxebizitzak negozio izateari utzi eta benetan bermatutako eskubide bihurtu behar du.

"Etxegabetze baten txinpartek su handi bat piztu zuten duela egun batzuk, abiadura eta modu ezberdinetan hedatu dena azken egunetan, eta Euskal Herrian ere bizi zabaldu da", adierazi zuten antolatzaileek manifestazioen amaierako ekitaldietan. Etxebizitzaren arazoa Euskal Herriko langile-klaseak gaur egun duen arazo ekonomiko nagusietako bat dela nabarmendu zuten, eta etxebizitzaren egoeraren aurrean alderdi politikoek duten erantzukizuna eta Espainiako Kongresuan aurkeztutako dekretuen edukia salatu zituzten.

"Alderdi politikoek ez dute hatzik ere mugitu herri-mobilizazioak gainezka egin dien arte. Espainiako Gobernuak bozkatzera eraman duen dekretua ez da kalearen aldarrikapenak jasotzen dituen dekretu bat, eta, gainera, langile-klasearen aurkakoa da", seinalatu zuten: "Ezin dugu beste modu batera definitu errentariei zergak %100ean murriztea eta konpentsazioen bidez haien irabaziak bermatzea ardatz duen neurria. Milaka pertsona mobilizatu diren honetan, espekulazioa finantzatzen duen dekretu bat etxebizitza-eskubidearen aldeko borrokaren emaitza izan daitekeela esatea iraina da".

Era berean, Kongresuko bozketa eta eskuineko alderdiek hartutako jarrera ere aipatu zituzten: "Gainera, eskuineko alderdiek aurka bozkatu dute, tartean EAJk, eta bi dekretuak erori dira. Argi dugu eskuinarengandik ez dugula ezer espero, baina PSOEk ez dezala espero orain kalera aterako garenik eskuinaren aurka eta bere zabor-dekretuaren alde".

Euskal Herriko erakundeen rola

Deitzaileek Euskal Herriko administrazioek garatutako politiken aurrean ere jarri zuten arreta bukaerako hitz-hartzeetan: "Era berean, Euskal Herrian ditugun administrazioen rola ere seinalatu behar dugu: Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak zein kolore guztietako udalek negozioa indartzen duten politikak jarri dituzte martxan. Horren adibide argia da EAJren posizioa Diputatuen Kongresuan. Politika horiek seinalatzea eta borrokatzea Euskal Herriko herri-mugimenduaren egiteko garrantzitsu bat da".

Etxebizitza pertsona guztiek duintasunez bizi ahal izateko oinarrizko eskubidea dela aldarrikatu zuten Etxebizitza Sindikatuek, beste oinarrizko eskubide sozial batzuekin batera bermatu beharko litzatekeela defendatuz: "Etxebizitza edozeinek duintasunez bizi ahal izateko beharrezkoa den oinarrizko behar bat da, eta denontzat bermatuta dagoen eskubide bat izan beharko luke, osasungintza edo hezkuntza diren neurri berean".

Antolatzaileek adierazi zuten, dena den, etxebizitzak gutxi batzuentzat negozio-iturri izaten jarraitzen duen bitartean, ezinezkoa izango dela benetan bermatutako etxebizitza-eskubide bat izatea: "Eta noski, esango digute ezinezkoa dela. Eta arrazoia izango dute, gaurko testuinguruan, hori ezinezkoa da. Izan ere, etxebizitza-eskubidea eta harekin negozioa egiteko eskubidea erabat kontrajarriak dira. Gutxi batzuen negozio-iturri den bitartean, etxebizitza ez da, inondik inora, eskubide bermatu bat izango. Etxebizitzaren negozioa, ala etxebizitza eskubidea, baina biak bateraezinak dira".

Hiru eraldaketa espekulazioarekin amaitzeko

Etxebizitza-eskubidea bermatzeko beharrezkoak diren hiru eraldaketa nagusiak ere azaldu zituzten atzoko manifestazioetan: "Hiru eraldaketa sakon eta beharrezko jarri behar ditugu mahai gainean. Espekulatzaileei etxebizitzak desjabetu behar zaizkie; izan ere, ez da onargarria gutxi batzuek milaka etxebizitza pilatzea. Espekulazioa bere forma guztietan debekatu behar da; ezin da onartu langile-klasearen soldatatik bizi eta aberastea inor. Eta, azkenik, baliabide guztiak behar sozialen zerbitzura jarri behar dira". Hala sakondu zuten, zehazki: "Negozioaren esku egon diren baliabide guztiak langile-klasearen zerbitzura jarri behar dira. Gure beharrak izan daitezen zer, non eta nola eraikitzen den erabakitzen dutenak eta ez irabazian oinarritutako merkatu bat".

Horrekin batera, ohartarazi zuten arazoa ezin dela inbertsio-funtsetara soilik mugatu, eta espekulazioa bere osotasunean jarri behar dela jomugan: "Putre-funtsak arazoaren parte dira, garrantzitsua, baina ez bakarra. Jomugan espekulazioa bere osotasunean jarri behar dugu". Hain zuzen ere, "eraikuntza-enpresen, banketxeen edo alokairuan etxebizitza izanda langileen kontura aberastu diren jabeen" jardun espekulatiboa ere seinalatu zuten.

"Aldaketa handiak kaletik datoz"

Etxebizitza Sindikatuek azaldu zuten, dena den, eraldaketak ez direla alderdi politikoen eskutik etorriko, baizik eta langile-klasearen mobilizazioaren eta antolaketaren bidez: "Aldaketa handiak kaletik datoz". Izan ere, sindikatuek salatu zuten "aderdi gehienek sektore errentisten interesei men egiten" dietela, "beraien interes elektoralistak lehenetsiz".  

Horiek horrela, "langile-klase antolatua" aldarrikatu zuten sindikatuek; "berehalako hobekuntzen alde borrokatzen duena, hala nola etxegabetzeen etetea edo prezioen jaitsiera, baina bere horizontea zein den oso argi duena: pertsona guztientzako etxebizitza bermatua".

Langile-klasearen bizi-baldintzak hobetzeko konpromisoa berretsi zuten sindikatuek, baita eraldaketa sakonak bultzatzeko gai izango den mugimendu bat eraikitzeko konpromisoa ere. Bide horretan, berehalako aldarrikapen gisa etxegabetze guztiak etetea eta alokairuen prezioak jaistea eskatu zuten. 

"Borrokan jarraituko dugu etxebizitza eskubide bermatu bat izan dadin"

Azkenik, Euskal Herriko etxebizitza-mugimenduaren mobilizazioaren eta antolaketaren jarraipena erreibindikatu zuten atzo sindikatuek: "Borrokan jarraituko dugu, espekulazioari aurre egin eta etxebizitza bermatutako eskubide bat izan dadin. Baina bide hau ez zen pasa den asteko mobilizazioekin hasi, eta are gutxiago amaituko da Diputatuen Kongresuan".

Etxebizitza Sindikatuen lana, hain justu, antolaketan eta borrokan kokatu zuten, "soilik borrokaren eta antolakuntzaren bidetik etorriko baita etxebizitzaren arazoaren konponbidea". Eta gaineratu zuten: "Eman dezagun urrats bat aurrera Euskal Herrian ideia hauen baitan lan egingo duen etxebizitza-mugimendu sendo bat gorpuzteko".