ACTUALIDAD / Ola reaccionaria

Irunen, ehunka lagunek aurre egin diote "auzo-patruilen" deialdi arrazistari

Ostiral arratsaldean, dozenaka pertsonak hartu zuten parte 'Colaboración Ciudadana' WhatsApp taldearen mobilizazioan. Alabaina, ordu-laurden lehenago, ehunka lagunek egin zuten bat deialdi antifaxistarekin, 'Ez nahastu etsaiz' lelopean.
2026eko urriaren 4 - 18:37
Irunen, ehunka lagunek aurre egin diote "auzo-patruilen" deialdi arrazistari

Colaboración Ciudadana Irun WhatsApp taldetik, martxa arrazista bat antolatu zuten ostiralerako "auzo-patruilek", hiri "garbi eta seguru" bat aldarrikatzea argudiatuta. 18:00etarako finkatu zuten hitzordua, Irungo (Gipuzkoa) Alberto Anguera plazatik martxari ekiteko, eta dozenaka pertsonak hartu zuten parte deialdi arrazistan. Dena den, ordu-laurden lehenago, ehunka lagunek erantzun zioten kontra-mobilizazio antifaxistaren deialdiari, Ez nahastu etsaiz. Irunen arrazakeriari EZ! leloa buru zuela.

Hala, "auzo-patruilak kanpora!", "Ez da segurtasuna, arrazakeria da!", "Faxistak kanpora!" edota "Faxistak gure auzoetatik kanpora!" oihupean, "auzo-patruilen" martxaren izaera arrazista seinalatu zuen jende andanak. Izan ere, patruiletako kideek behin eta berriro azpimarratzen dute halako mobilizazioek "ideologiarik ez" omen dutela. Haatik, Vox, Núcleo Nacional, LQNTCDD, SALF nahiz Frente Obreroko kideek antzerako talde faxistetan parte hartu ohi dute. Horrez gain, iruzkin argigarriak egin dituzte WhatsApp talde horretan: atzerriko nazionalitateetako herritarrei isekak egin ohi dizkiete, migratzailei argazkiak egiten eta horiek seinalatzen aritzen dira, kale-egoeran daudenekiko gorrotoa adierazi dute, eta abar.

Gauzak horrela, Irungo hainbat antolakundetako kideek azpimarratu dute "segurtasunaren" inguruko diskurtsoa "etorkinekiko izua eta eskuinmuturraren agenda" zabaltzeko erabiltzen dela, baita estatuaren autoritarismoan sakontzeko ere. Izan ere, "polizia gehiago" eskatu ohi dute Colaboración Ciudadana eta antzerako taldeek: "Gaur-gaurkoz, Irunen, 1.000 biztanleko 7-8 polizia-agente inguru ditugu". Gainera, salatu dute kontakizun sekuritistak "delitutzat" hartzen dituenak kapitalismoak eragindako pobreziaren sintomak besterik ez direla, eta kategoria horretatik at uzten dituela laneko esplotazio kasuak, langabezia, osasun-sistemaren desegitea, inflazioa, etxegabetzeak, indarkeria matxista, eraso arrazistak eta LGTBIQ+-foboak..

Babacar Welle gogoan

Horretaz guztiaz gain, Hondarribiko (Gipuzkoa) udaltzain batek berriki erail duen Babacar Welle izan zuten gogoan Irunen. Hondarribiko komunitate senegaldarrak bigarren mobilizazio bat antolatu zuen larunbaterako, Babacar Welleren erailketa eta Poliziaren zigorgabetasuna salatzeko, eta bertaratzera deitu zuten Irungo mobilizazio antiarrazistan, Welleren kasua pobreziari aterabide polizial bat eman nahi izatearen adibide argia dela salatuz: "Estatuak indar errepresiboen bidez egiten die aurre pobreziari eta buruko nahasmenduek eragindako arazoei".