Pobrezia-egoeran dauden pertsonekiko elkartasunari gogor erasotzen ari da Donostiako Udala (EAJ), eta azken gertakariak ikusita, agerraldi bat egin du gaur eguerdian Donostiako Harrera Sareak. Izan ere, Kaleko Afari Solidarioen aurka jotzeaz gain, udalak eta polizia-indarrek etxerik gabeko pertsonen aurkako jazarpena areagotu dutela salatu du Harrera Sareak: "Insaustik KASen afari solidarioen banaketa debekatu zuen. Baina kontua ez da hor gelditu. [...] Udaltzaingoa hainbat kaleratze eta garbiketa-ekintza egiten ari da kalean bizi diren pertsonen aurka".
"Hiriko kaleetan bizi diren pertsonek mota guztietako jarduerak pairatu behar izan dituzte udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren aldetik: lo egiten duten lekuak uzteko mehatxuak, beraien ondasunak hautsi eta suntsitzea, kanpin-dendak moztu eta puskatzea, euren objektu pertsonalak kendu eta botatzea, eta honelako beste hainbat eraso", zehaztu dute Harrera Sareko kideek. Bitartean, alkate jeltzalea bere burua zuritu nahian ari dela uste dute, "egoerari aurre egiteko guztiz urriak diren baliabideak eskaintzen, edo eskaintzen saiatzen".
Donostiako Udala: baliabide eskasak eta elkartasunaren kriminalizazioa
Harrera Sareak gogorarazi du zein urriak diren muturreko pobrezia-egoeran dauden pertsonentzat Donostiako Udalak dituen baliabideak: "Praktikan, [...] pertsona batek urtebete eta bi urte artean igaro ditzake kalean bizitzen, inolako baliabide egonkorrik edo babes eraginkorrik gabe. Udal-aterpetxeak hiru hilabetean behin bost gau baino ez ditu eskaintzen. Ez dago jantoki sozialik. Ez dago dutxa edo garbigailuak erabiltzeko aukera nahikorik. Ez dago arropa banaketarik, ez zaie manta bat ere ematen kalean lo egiten duten pertsonei". Horiek horrela, gogoan izan du etxerik gabeko gutxienez zazpi pertsona hil direla Donostian, 2025eko azarotik hona.
Baliabide oso eskasak eskaintzen dituen bitartean, gainera, udalak gogor jo du kale-egoeran dauden pertsonekiko elkartasunaren aurka. "Donostia arlo honetan ekimen eta ekintza gehien egiten dituen udalerria dela esatea ez zaigu nahikoa iruditzen, aldi berean elkartasuna kriminalizatzen duen toki bakarra denean: afari solidarioak bezalako ekimenak debekatzen ditu (udalarentzat inolako ahalegin ekonomikorik ez dakartenak), etxegabeei laguntzen dieten boluntarioenganako presio eta mehatxu neurriak hartzen ditu, eta abar", kritikatu du Harrera Sareak: "Guztiz harrituta gaude hirian elkartasunaren kriminalizazioa iristen ari den muturreko egoerarekin".
Azken asteetako erasoak ekimen solidarioen aurka
Azken erasoetako batzuk aipatzearren, Harrera Sareak jakinarazi du alkateak hainbat ekimenetara bidali duela udaltzaingoa azkenaldian, eta ez edozein ekimenetara: Harrera Sareko boluntarioek eta etxerik gabeko pertsonek janaria partekatzea ohikoa den jarduera batzuetan esku hartu du Poliziak, elikagaiak elkarbanatzea delitu bat bailitzan.
Tabakalerako liburutegian izandako gertakari zehatz baten berri eman dute agerraldian, adibide modura, izan ere, euren seme-alabekin zihoazen hainbat boluntario identifikatu eta mehatxatu zituen Poliziak, "kalean bizi diren gazteekin askaria partekatzeagatik". "Egoera bortitzak bizi izan ditugu, boluntarioak identifikatzea gazte horiei gaztelania eta euskara klaseak ematea bezalako oinarrizko jarduera bat garatzen zuten bitartean. Hainbat boluntario udaltzainek gelditu dituzte eta zigorrekin mehatxatu, jarduera horretan partekatutako espazioan elikagaiak zeudelako", xehatu dute.
Elkartasunaren aldeko aldarria
Horren guztiaren aurrean, Harrera Sareak nabarmendu du "laguntzea ez dela delitua", eta onartezintzat jo du muturreko egoeran dauden pertsonekiko elkartasunari eraso egitea: "Ezin dugu normalizatu elkartasuna zelatatzea, jazarria izatea edo zigor mehatxupean egotea, are gutxiago kalean bizi diren pertsonei zuzenduta dagoenean, migratzaileak izan edo ez".
