ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Metaleko langileen greba. Argazkia: Gedar
2019/11/08 16:01

Bizkaiko metaleko langileek kontraeskaintza aurkeztu dute, iragan astean patronalak egindako eskaintzari erantzuteko. Bi aldeen arteko solasaldia abenduaren erdira arte luzatuko da beraz, eta astean hiru aldiz bilduko dira.

Langileen ordezkariek jakinarazi dutenez, patronalaren azken eskaintzak "modu arinean" baino ez du hobetzen soldatei, kontratazioei eta lan zamari loturiko egoera. "Uneak eskatzen duen planteamendutik urrun" kokatu dute ugazaben proposamena, eta langileek irabazitakoa kentzeko "atzeranzko jarrera" leporatu diete patronalekoei.

Hala, sindikatuek hiru puntu gehitu dizkiote mahaira ateratako proposamen berriari: malgutasuna zein behin-behineko kontratazioa alde batetik; aldi baterako enpresen bidezko kontratazioa bestetik; eta genero berdintasunerako planak, azkenik.

Patronalak, oraingoz, ez du inongo erantzunik igorri. Dena den, negoziaketarako bi hitzordu adostu dituzte datorren asterako. Langileek, bitartean, mobilizazioei eusteko asmoa adierazi dute.

Oldarraldia

Herenegun, negoziaketen blokeo egoera salatzeko eta protesta egiteko, Barakaldoko (Bizkaia) BECen aurrean elkartu ziren beharginak. Haien aurka oldartu zen Ertzaintza, eta kolpeka eragotzi zien eraikinean sartzea. Bestalde, Poliziaren etengabeko presioaren berri eman dute azken egunetan langileek. Besteak beste, ertzainek egindako telefono deiak salatu dituzte.